EH Bildu eta Podemos ados dira: «beste aro politiko bat» abiatu behar da

Bi indar politikoetako ordezkariak bildu dira gaur, Gasteizen. Otegik iragarritako bilera sortako lehen batzarra izan da.

Otegi, Belarra eta Montero, gaur eguerdian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Otegi, Belarra eta Montero, gaur eguerdian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 11
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Cerdan auziaren eta hark eragindako zurrunbiloaren erdian, «testuinguru politikoa aztertzeko» elkartu dira gaur eguerdian EH Bilduko eta Podemoseko zuzendaritzetako ordezkariak. Koalizio subiranistak ohar bidez jakinarazi duenez, bi indarrek eskaera bera egin diote Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi: «aro politiko berri bat» abiatu behar da, eta «78ko erregimena gainditu».

EH Bilduren eta Podemosen erantzunak ez ziren gisa berekoak izan asteazkenean, ustezko ustelkeria kasuen harira Espainiako Kongresuan egindako bilkura monografikoan. Izan ere, Podemos kritikoa da Sanchezen gobernuak hartu duen norabidearekin, eta oposizioko alderdi gisa ari da. EH Bilduk, berriz, ontzat jo zituen ustelkeriaren kontra iragarritako neurriak, baina elkarlanari eusteko urrats gehiago eskatu dizkio gobernuari.

Zehazki, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik aurreko astean egindako agerraldian adierazi zuen garaia dela fase berri bati ekiteko, «egitasmo demokratiko benetan erradikal eta plurinazional bat» oinarri hartuta. Hain zuzen, esan zuen Sanchezen inbestidurari bide eman zioten indarrekin elkarrizketa erronda bat abiatuko zuela auzi horri heltzeko, eta bilera sail horrekin lotu du koalizio subiranistak gaur Podemoseko arduradunekin egindako batzarra.

EH Bilduren Gasteizko egoitzan bildu dira bi aldeak. Koalizio subiranistaren izenean, Otegirekin batera, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkaria izan dira bileran. Podemosen ordezkaritza, berriz, alderdiko bi aurpegi ezagunenek osatu dute: Ione Belarra idazkari nagusiak eta Irene Montero idazkari politikoak.

Hartan, fase aldaketa baten beharra jorratu dute, eta, azken hilabeteetan jarrera ezberdina erakutsi badute ere gobernuarekin, EH Bilduk adierazi du biek konpromisoa hartu dutela bide berri horretaz hitz egiten jarraitzeko, baita «eskubide eta askatasunen konkistan pauso irmoak emateko, arlo sozial eta nazionalean aurrera egiteko, eta ezinbestekoa den eraberritze demokratikoa gauzatzeko» ere.

Aldeek ez dute xehetasun gehiagorik eman. Otegik aurreko astean adierazi zuen elkarrizketak «lasai eta soseguz» egiteko asmoa zuela, «modu oso diskretuan». Koalizioak, halere, jakinarazi du datozen asteetan emango diotela jarraipena elkarrizketa sortari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.