Behin maiatzaren 22ko udal eta foru hautekundeetan izango direla jakinda, etapa bat itxi, eta beste bat irekitzeko deia egin du Bildu koalizioak, "benetako demokrazia batera" eramango gaituen etapa batera. Halere, orain arteko etapa itxi aurretik, ez dute ahaztu nahi izan Bilduren aurkako prozesua. Beren ibilbidea "oztopoz" beterik egon dela salatu dute. Beren ustez, argi geratu da ez dagoela botere banaketarik. Hala, batzuek "politika judizializatu" izana eta "justizia politizatu" izana salatu dute. Horregatik, Bilduren aurkako auzia erabaki politikoa izan dela salatu dute.
Horrez gain, orain arte emandako pauso guztiak berretsi dituzte koalizioko kideek, eta azken asteetan jaso duten babes eta laguntza guztia eskertu dute. Bildu gizartea bateratzeko "giza kapitala" izan dela nabarmendu dute.
Maiatzaren 22ko bozetan bozkalekuak "ilusioz betetzeko" deia egin dute.
Patxi Lopez: "Sistema honetatik bere burua baztertu dutenei demokraziak beste aukera bat eman die"
Patxi Lopez lehendakariak adierazpena egin du gaur Auzitegi Konstituzionalak hartu duen erabakiaren inguruan. Erabakia errespetatu behar dela eta zuzenbideko estatuak eta botere banaketak funtzionatzen dutela esan ondoren, "sistema honetatik bere burua baztertu dutenei demokraziak beste aukera bat eman" diela esan du Lopezek. "Gaur joko demokratiari gehitu zaizkio modu onartezinekin hori urratzeagatik beren burua hortik kanpo utzi zutenek. Demokraziak bere gain hartzen ditu, ondorio guztiekin, oinarri, balio, arau eta legeak onartzen dituztenak".
Gainera, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak ezker abertzaleari sistema demokratikoarekiko konpromiso "argiagoak" eskatzeko aukera dutela esan du, eta Bilduri galdegin dio ETAri desagertzeko eska diezaiola. Ezker abertzaleari esan dio "aukera hau" aprobetxatzen duela erakutsi behar duela: "Gure askatasunari eraso egiten diotenengandik urrunduz, horiek gaitzetsiz eta biolentziaren aurka jarriz". Lopezen hitzetan, euskal gizarteak ez du onartuko "aukera hau berriro iruzur egiteko baliatzea".
Bilduren legeztatzea zuzenbide estatuaren adierazpen gisa hartu duela esan du lehendakariak. Auzi konplexua dela esan du; "ederra dauka", esan zuen aurretik adierazpen batzuetan. Azkenean, ordea, auzia maila juridikoan erabaki dela azpimarratu du, eta ez Gorenak ezta Konstituzionalak ez dietela presioei men egin esan du. "Espero dut erabaki hau txalotu baina aurrekoa demokraziaren aurkakoa zelakoan gaitzetsi zutenak hori onartzea", gaineratu du.
Lopezek salatu du norberaren interesen arabera erabakiak baloratzen dituztenek euren "moral bikoitza" uzten dutela agerian. "Maiatzaren 22ko hauteskundeak berdin-berdin izango ziren demokratikoak epaia beste edozein izan balitz ere. Inork ez zituen beste hauteskunde batzuk ezbaian jarri, mehatxu terroristak parte hartzeko aukera modu larrian baldintzatu zuenean".
Erreakzioak, gaur
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gaur goizean adierazi du "eraikitzeko asko" dagoela Espainiako Gobernuarekin EAJk dituen harremanen gainean. Harreman horiek une honetan etenda daudela gogorarazi du. Bilduren inguruan esan du legeztatzearen ondoren Bilduk ETAren atentatu bat gaitzetsiko ez balu "engainatu" egin duela esan nahiko lukeela horrek, eta hori gertatuko balitz euskal gizarte "osoa" izango litzatekeela gainetik pasako litzaiokeena. EAJk beti parte hartze politiko osoaren alde egin duela nabarmendu du.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du bakearentzat eta demokraziarentzat albiste bikaina dela Bildu legeztatzea. Olanoren hitzetan, PSE-EEk bihotza erbiditua zuen: batetik, legez kanpo uztea inork ulertuko ez zuelako, eta, bestetik, legeztatzearekin PPrekin duen frontea zaildu egingo zaiolako.
Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta Bilduko bozeramailea pozik agertu da Auzitegi Konstituzionalaren epaiarekin, BIldu hauteskundeetan ez egotea "bidegabea" zela argitu duelako. Urizarren ustez, euskal gizartearen gehiengoak koalizioa hauteskundeetan egotea "ona" dela pentsatzen du. Behin legezko izanda, orain "erritmo jakin batzuk" jarraitu, eta "zatiketak ekiditeko" urratsak egin behar direla nabarmendu du Bilduko kideak.
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea pozik agertu da Bilduren aldeko erabakiarekin, eta Euskal Herriarentzat albiste ona dela esan du. "Herri honek behar duen eta espero den normaltasun politikoan pauso berri bat izatea espero dut", adierazi du Abrilek. PSOE eta PP kritikatu ditu aukera politiko guztirik gabeko hauteskundeak behartu nahi izateagatik, baina legezkotasunaren aldeko erabakiarekin "askatasunean oinarritutako demokrazia eraikitzen" hastea nahi duela esan du, eta alderdi politikoak kanpaina "lasaia" egitera deitu ditu.
Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioa (epaia jakin eta minutu gutxira atera du oharra). "Onartu eta errespetatu egiten dugu Konstituzionalaren erabakia. Legea eta prozedura betez egin da guztia. Zuzenbide Estatuan botere bakoitzak bere egiteko zehatzak dauzka, eta gobernuak bereak bete ditu. Gure sistema konstituzionalean auzitegiei dagokie hauteskunde hautagaitzen legeztatzeari buruzko erabakia hartzea".
Alex Maskey Sinn Feinneko kidea pozarren agertu da Bildu koalizioa bozetan egongo dela jakin duenean. Auzitegi Konstituzionalaren epaia "oso berri on eta garrantzitsua" dela azaldu du, "helburuak lortzeko bide bakarra politika" dela erakusteko aukera ematen duelako. Bilduren legeztatzea bakea lortzeko lehenengo pausoa izan daitekeela uste du Maskeyk.
Jaime Mayor Oreja PPko eurodiputatuak esan du "astakeria" dela Konstituzionalaren erabakia, eta horren "erantzule bakarra" Espainiako Gobernua dela. Mayor Orejak esan du erabaki horrek ETAri zilegitasuna ematen diola, "desagertu gabe", baina berak ez duela Auzitegi Gorenaz edo Konstituzionalaz "minutu bat bera ere" hitz egingo, Espaniako Gobernuak ETArekin adostutako erabakia dela aditzera emanda.
Lokarri pozik agertu da Auzitegi Konstituzionalak atzo harturiko erabakiarekin. Bilduren legeztatzea "aurrerapauso garrantzitsua" dela nabarmendu dute, bakebidean lan egiteko berri ona.
Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak epaia "onartu" eta "errespetatu" egiten duela jakinarazi du. Gobernuak auzitegiaren erabakia baldintzatu duen galdetuta, prozesuan zehar gobernuak "jarrera irmo eta koherentea" mantendu duela nabarmendu du. "Ez da inongo eskuhartzerik izan".
Yolanda Barcina UPNko presidentea "kezkatuta"agertu da Bildu legeztatu izanagatik, "UPNn oso kezkatuta gaude orain dela lau urteko berbera gertatzen ari dela uste dugulako, orduan ANV atzeko atetik sartu zen hauteskundeetan, geroago ETA eta Batasunarekin lotuta zegoela argitu zen arren". Biktimak Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin "arduraturik" daudela gaineratu du.
Joan Riao ERCko idazkari nagusiak PP eta PSOErentzako mezu bat ikusi du Auzitegi Konstituzionalaren erabakian. "PPri, hauteskundeetan emaitza hobeagoak jasotzearren oso eroso dagoelako normalkuntzarik gabeko egoera batean; eta PSOEri, beti besteek zer esango duten beldur ari delako". Era berean, Konstituzionalaren erabakiak "demokraziaren konponketa" ekarri duela adierazi du Riaok.
Adierazpenak, atzo (erabakiaren berri izan aurretik)
Kataluniako Legebiltzarra. "Bildu legeztatu behar da, aukera politiko guztiak hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea demokraziaren berezko oinarria delako" (CiU, ICV-EUiA, ERC eta SIren aldeko botoekin onartu da adierazpena; PSCk, PPk eta C's-ek kontra bozkatu dute).
Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia). "Gauean jakingo dugu Konstituzionalak zer esaten duen. Ilegalizazioa bada, asmatu beharko da Euskal Herrian behar-beharrezkoa den demokraziaren aldeko bidea hauteskunde hauetan ere indartzeko formula hoberena zein den. Baina bitartean, gauza bat argi dago: zenbat eta zabalagoa izan erantzuna, orduan eta aukera gehiago guzti-guztiak izateko demokraziaren aldeko hautua egitera behartuak daudenak". Labetik.org-en idatzi duen artikulua.
Iñigo Urkullu (EAJren EBBko presidentea). "Konstituzionalak erabaki juridikoa hartuko du, baina hiru erabaki politikorekin lotura izango du: PP-PSOE itun antiterroristarekin —Euskadin boterea hartzeko asmoa dute—, Alderdien Legearen gogortzearekin —euskal mapa instituzionala baldintzatzen du—, eta Sorturen eta Bilduren aurkako inpugnazioekin".
Pello Urizar (Bildu). "Konstituzionalak hartzen duen erabakia hartuta ere, Bilduk kanpaina egingo du. Auzitegiko bilkura osoak eman beharko luke ebazpena, ez 2. salak, azken batean berme handiagoa izateko. PSOE oreka gorde nahian dabil, jakin badakielako zein den Euskal Herriko egoera eta Bilduren debekuak PSEri kalte egingo liokeelako".
Francisco Caamaño (Espainiako Justizia ministroa). "Funtsik ez dauka gobernuak Konstituzionalari Bilduren alde egiteko eskatu diola esateak. Zurrumurru horrek erakunde demokratikoen prestigioa kutsatu eta gure sistema judizialaren independentzia zalantzan jarri besterik ez dute egiten. Guk epaileekin Estatuaren abokatuak aurkeztutako inpugnazioaren bidez baino ez dugu hitz egin".
Jose Blanco (PSOEko idazkari nagusiordea eta Espainiako Sustapen ministroa). "Guk Konstituzionalaren erabakia onartu eta errespetatu egingo dugu. Auzitegia presionatzen ari garela dio PPk, baina azkenean PP bera ari da presioa egiten".
Roberto Jimenez (PSNko idazkari nagusia). "Zaila da EA bezalako alderdi demokratiko bat hauteskundeetan ez dela egongo irenstea. Ezker abertzalea, berriz, eremu demokratikoan sartu nahi badugu, ibaia pasatzen lagundu behar diogu".
Miguel Buen (PSEren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia). "Neuk, pertsonalki, nahiago dut Bildu hauteskundeetan izatea. Horrela jakingo dugu zer babes duen".
Maria Dolores de Cospedal (PPko idazkari nagusia). "Onartezina da gobernuak Konstituzionala presionatu nahi izatea. Logika juridikoaren arabera, auzitegiak Gorenaren debeku epaia berretsi beharko luke. PPk ahal duen guztia egingo du itun antiterroristari eusteko".
Gorka Maneiro (UPDko eusko legebiltzarkidea). "Albiste ona litzateke Bildu bozetatik kanpo geratzea. Bistan da Batasunak sortu duela Bildu eta Batasuna bera barruan dagoela".
Gaspar Llamazares (IU). "Espainiako Justiziaren eta demokraziaren onerako, espero alderdi politiko demokratiko denek hartzea parte hauteskundeetan. Bestela, oso larria izango da eta arrunt zaila nazioartean azaltzeko".
SUP (Espainiako Poliziako sindikatua). "Estrategia terroristaren parte da Bildu, baina Konstituzionalaren erabakia onartu egingo dugu, dena delakoa izanda ere".