Espainiako Gobernuak Bildu legez kanpo utzi nahian jarraitzen du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi jarritako baldintzak eskuan hartuta. Gainera, legez kanporatze hori aurrera eraman ahal izateko, beste koalizio batzuen jarrerak ere baliatu nahi ditu, hain zuzen ere Amaiurrenak. Donostiako Udalak euskal presoei buruzko dokumental bat finantzatu izanak kontagailua martxan jarri duela esan zuen atzo Alfonso Alonso PPren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, eta Amaiurrek «beste urrats bat» egin zuela gaineratu zuen.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak Frantziako atxiloketak salatu zituen atzo: «Badirudi gobernua tematuta dagoela justu konponbidearen kontrako bidean urratsak egiteko». Adierazpen horiek entzun ostean, Sortu, Bildu eta Amaiur zorrotz aztertuko dituztela esan du Alonsok: «Bide okerretik doaz».
«Hiltzaileen ondoan» lerratzea egotzi dio Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Amaiurri. Bilduri, berriz, legez kanporatzeko arrazoien kutxa oso betea duela ohartarazi dio. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak gauzak ondo apuntatu dituztela ohartarazi du Fernandez Diazek.
Eusko Jaurlaritzari eta PSE-EEri ez zaizkie egokiak iruditu PPk Bildu legez kanporatzearen inguruan egindako adierazpenak. «Zuhurtziaz» aritzeko eskatu diote Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Idoia Mendia bozeramaileak, eta legez kanporatu gobernuak ez baizik auzitegiek egiten dutela gaineratu. Ezker abertzalearekin «oso exijente» izan behar dela esan du Aresek, baina «zuhurtzia» ere beharrezkoa dela. Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ere «deklarazioak egiteko orduan zuhurra» izateko eskatu dio Barne Ministerioari.
EAJk ere PPren kontra hitz egin du. «Liskar eta zarata beharra izatea» egotzi dio PPri EAJren BBBko buru Andoni Ortuzarrek, baita «globoak puzten» aritzea ere. Sorturen epaia «oreka judizial eta politikoa» dela uste du EAJk, baina ezker abertzaleak bete egingo duelakoan dago. «Argi gelditzen ari dena da PPk zarata behar duela. Ez du ohitu nahi normalkuntza politikora, ezta bakoitzak bere jarrera politikoa normal-normal defendatu ahal izatera ere». Eneko Goia EAJren Donostiako Udaleko zinegotziak, berriz, «politikoki itsu» jokatzea egotzi dio Bilduri, eta diru laguntzaren gaia giza eskubideen batzordean landu behar zuela esan.
EBren irudiko ere PP ez da ondo jokatzen ari Bildu legez kanpo uzteko mehatxuak eginez. Jose Navas bozeramaileak esan du «penagarria» dela Espainiako Gobernuak «ez jakitea bake prozesuan aurrera egiten eta iraganera itzuli nahi izatea». PPk nora iritsi nahi ote duen galdetu du.
Bildu legez kanpo uzteko, Amaiurri begiratu dio PPk
Legez kanporatzeei buruz hitz egitean «zuhurtziaz» aritzeko eskatu diote PPri PSEk eta Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu