Bilduk eta EAJk 2012ko Gipuzkoako aurrekontuen akordioa itxi ostean, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak gaur argitu nahi du Bildu ez dagoela herrialdean errauste planta jartzearen alde, "horren neurria dena delakoa izanda ere".
Ugartek esan duenez, errauste plantari buruzko azkeneko hitza Hondakinen Kontsortzioari dagokio —Bilduk gehiengo osoa du—, ez Batzar Nagusiei —Bilduk ez du gehiengo osoa—.
Hondakinak "ahal den gehien birziklatu" behar direla azaldu du Aldundiko bozeramaileak, eta beste alderdiak horretaz "konbentzitzen" saiatuko dela Bildu.
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko administrazio kontseiluak Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratua sei hilabetez eteteko proposatuko dio erakundeko asanbladari, atzo administrazio kontseiluko lehendakari eta Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek zioenez.