Erasora pasatu da Iñigo Urkullu, EAJren lehendakarigaia. EH Bildu koalizioa hartu du begitan: Gipuzkoako Foru Aldundian denetik «ardura hartu gabe» aritzea egotzi dio koalizioari. PSEren eta PPren aurka egiteko ere argudio hori bera hartu du Urkulluk: esan du diputazioak eta Patxi Lopezen Jaurlaritzak «eredu bera» hartu dutela. «PSE-PP gobernuarekin oso kritikoak izan gara, baina arazoa handitzen ari da, eredu bera hartu baitu ezker abertzaleak. Funtzionatzen ez duen eredua da». Konturik gabe gastatu dute bi gobernuek, haren esanetan. «Eta austeritatea behar dugu, eta gastuan lehentasunak ezartzea».
Gipuzkoan izan zen Urkullu atzo ere. Kanpaina Donostian hasi zuen herenegun, eta Irunen izan zen atzo iluntzean. Karpa betexe zela —adineko jendea zen batez ere—, aldundiaren aurka egin zuen, Joseba Egibar GBBko burua eta Bakartxo Tejeria legebiltzarrerako presidentegaia lagun.
Krisiari aurre egiteko neurririk ez duelakoan hartu, kontuak eskatu zizkion Urkulluk Bilduri. «Izugarrizko krisi baten aurrean gaude, eta ezker abertzaleak esan du ez dela behar horri aurre egiteko planik». Gipuzkoako enpresek babesa behar dutela uste du EAJko buruak, eta diputazioko arduradunek grebarekin bat egitea kritikatu zuen. «Euskadik eta Gipuzkoak gobernatzen duten gobernuak behar dituzte. Ez dugu behar ardurarik hartzen ez duen eta grebekin eta pankartekin bat egiten duen kudeatzailerik».
«Zorroztasuna» kontuetan
Erakunde publikoetan zorrotz jokatuko duela iragarri zuen Urkulluk. «Zorroztasun ekonomikoa eta defizita kontrolatzea ezinbestekoa da. Diziplina izan behar da aurrekontuetan». Ekarriko du horrek hazkundea, haren iritziz. «Ekonomia errealari bultza egin behar zaio, hazkundea lortzeko eta lanpostuak sortzeko. Planak behar dira krisiari aurre egiteko». Gipuzkoako Diputazioak egin ezean EAJk berak plan bat bultzatuko duela iragarri zuen Urkulluk. Foru arau bat onartzeko mugimenduak hasiak dauzka EAJk.
Murrizketarik ez zuen aipatu hitzaldian batere; «marra gorriak» ez gainditzeaz aritu zen—osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan eta pentsioetan—, eta administrazioa egokitu beharraz: «Krisitik ateratzea ez dugu lortuko administrazio publikoa handituta, administrazio publikoa eraginkorrago eginda baino».
Krisiak hartu zuen erabateko protagonismoa ekitaldian, beraz. Hitzik apenas subiranismoari buruz —amaierako ohiko Gora Euskadi askatuta! leloa salbu—. Denen arteko akordioak lortu beharra hartu zuen hizpide etengabe Urkulluk. Ohar bakarra abertzaletasunaz, betiere krisiarekin lotuta: «Gaur egun Euskadin abertzale izatea da egunero pertsiana zabaltzea eta konfiantza sortzea, aukerak aprobetxatzeko».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
Bilduren aurka jo du Urkulluk, «ardura hartu gabe» ari delakoan agintaritzan
EAJko lehendakarigaiak uste du PSEk eta Bilduk «eredu bera» daukatela erakundeetan; konturik gabe gastatzea egotzi die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu