Bilduren parte hartzeak indarkeriaren amaiera erraztuko duela dio Jauregik

«Lizarrara itzultzea» eta erakundeak «ezegonkortzea» leporatu dio Aresek EAJri

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Indarkeriaren amaierako fenomeno interesgarriena gertatzen ari da». Modu horretan laburbildu du Ramon Jauregik maiatzaren 22ko hauteskundeek utzi duten panorama politikoa. Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroaren arabera, Bilduren parte hartze instituzionalak indarkeriaren amaiera erraztuko du; prozesuak bueltarik ez duela uste du, gainera. Alderdien Legea eta azken urteetan Espainiako segurtasun indarrek eginiko lana goraipatu du Jauregik, baina nabarmendu du «garai berri» baten aurrean dagoela Euskal Herriko eta Espainiako politika. «Ez dut uste terrorismoa beste modu batera amaituko denik. Lehen ere, Herri Batasunarekin adibidez, saiatu ginen indarkeria politikaren ubidera ekartzen, baina porrot egin genuen. Horregatik babestu genuen Alderdien Legea. Orain uste dut gertatzen ari dela hori. Uste badugu beste bideren bat dagoela, oker gaude. Hau da terrorismoa amaitzeko bidea», nabarmendu du.

Jauregik ideia bera azaldu zuen herenegun gauean La Sextatelebista katean egin zioten elkarrizketa batean eta atzo goizean Antena 3en eginikoan. «Bildurekin oso zorrotzak izan behar dugu orain», gaineratu du, halere, Espainiako Gobernuko ministroak. «Politikaren alde eman duen pausoak ezin du bueltarik izan». Hori hala, Jauregik gogoratu du Hauteskunde Legearen erreformaren ondoren indarkeria ekintza baten inguruan Bilduk ez badu jarrera argirik azaltzen instituzioetatik kanporatzeko «baliabideak» daudela gaur egun.

Estrategiak egokitzen

Udal eta foru hauteskundeetan koalizioak lortu dituen emaitzak, berriz, «iragankorrak» direla uste du Jauregik. Buruzagi sozialistaren arabera, bide politikoen alde ezker abertzaleak eginiko apustua «saritu» dute herritarrek. «Ziur naiz jaso duten boto kopuru masiboa bere bidera itzuliko dela eta ez dela Bildurentzat izango. Hala ere, espero dut gertaera honek balio izatea indarkeria amaitzeko».

EAJren estrategia ere izan du hizpide Jauregik. Uste du alderdi jeltzaleak eta Bilduk ez dutela akordiorik egingo. «Haien arteko lehia oso gogorra izango da datozen urteetan». Horren harira, uste du alderdi jeltzaleak ez duela «beste Lizarra bat» babestuko.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, baina, ez du berdin pentsatzen. «Iraganeko okerrak» errepikatzea leporatu dio alderdi jeltzaleari. «EAJk ez du ikasi iraganetik. Ezberdinen arteko akordioak egin behar dira orain, baina EAJ Lizarrako garaietara itzuli da», adierazi du ETBn eginiko elkarrizketa batean.

PSE-EEren eta PPren itunei dagokienez, Aresek esan du horietan ez dagoela «fronte politikarik». «Terrorismoa eta langabezia bukatzea, osasun zerbitzua hobetzea eta beste edozein alderdik babestuko lituzkeen neurriak jasotzen dira bertan», adierazi du.

Madrilen, berriz, Josu Erkoreka EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozemaileak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak ez dauka ziurtatua jeltzaleen babesa 2012. urteko aurrekontu orokorretarako. «Gure estrategia transferentzien alorreanhartutako erabakietara moldatuko dugu», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.