Hezkuntza

Bilera erabakigarria irakasleen lan gatazkan

Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek mahai sektoriala dute gaur. Gainerako arloetan akordioa sinatu dute, eta irakasleena soilik falta da. Gobernuaren proposamen berriak espero dituzte sindikatuek.

Iazko urrian egindako manifestazio bat. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 18a
18:17
Entzun

Luze doa hezkuntza publikoko lan gatazka Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. 2016ko otsailean hasi ziren protestan ELA, LAB eta Steilas sindikatuak. Aldarrikapenen artean dituzte hezkuntzako inbertsioa areagotzea, ikasgeletako ratioak gutxitzea eta irakasle gehiago izatea, langileen behin-behinekotasuna jaistea, ordezkapenak azkarrago egitea, soldatak eta pizgarriak hobetzea.

Mugimenduak espero dituzte gaur. Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek bilera dute goizean. Aurreko batzarra urtarrilean egin zuten, eta adostasunetik urrun amaitu zen. Asteotan, ordea, desblokeatu dira beste mahai batzuk. Lau esparrutan deitu dute protestara: irakasleak, heziketa berezia, sukaldari eta garbitzaileak eta Haurreskolak partzuergoa. Irakasleenean ez beste mahaietan lortu dute akordioa.

ELAk, LABek eta Steilasek batasunari eutsi diote hilabeteotan, baina agertu dira desadostasunak. LABek CCOOrekin eta UGTrekin batera sinatu ditu akordioak, eta Heziketa Bereziaren kasuan, Steilasek ere izenpetu du. ELAk ez du ezer sinatu oraingoz. Hain justu, ELAko eta LABeko buruek aurrez aurreko gogorra izan dute aurreko asteetan.

Gaur-gaurkoz, beraz, irakasleen arloko mahai sektoriala dago akordiorik gabe, eta elkar hartuta ari dira ELA, LAB eta Steilas. Izatez, langileen kopuruari begiratuta, hori da sektorerik handiena.

Hilabeteotan batzar bat baino gehiago egin dute sindikatuek eta Jaurlaritzak. Abenduan egin zuten azken bilera esanguratsua: besteak beste, Jaurlaritzak proposatu zuen ordezkapenak azkartzea, 60 urtetik gorako irakasleen eskola orduak gutxitzea eta ratio altuak dituzten geletan tutoretza bikoitza jartzea. Sindikatuek aitortu zuten planteamendu hori «pauso bat» dela, baina ez zuten nahikotzat hartu. Behin-behinekotasuna jaisteko neurrietan dago gako bat: planteamenduak urrun dituzte bi aldeek, eta, areago, gaur egungo datuak zein diren ere ez daude ados.

Aurreko egunetan alde biko bilerak egin dituzte sindikatuek eta Jaurlaritzak, eta proposamen batzuk aipatu dituzte batzar horietan. Gaurko mahai sektorialean zehaztuko dituzte.

Aurreko ikasturtean hasi zituzten grebak hiru sindikatuek; zazpi egunetan jo dute grebara ordutik. Iazko ikasturtean, martxoan eta maiatzean —bi bider—; aurtengo ikasturtean, azaroan, abenduan eta martxoan —bi egun segidan—. CCOOk eta UGTk ez dute gisa bereko mobilizaziorik antolatu; abenduaren 12an bai, bost sindikatuek deitu zuten grebara. Aste osoko greba hastekoa zuten irakasleen arloan apirilaren 23tik aurrera, baina eten egin dute deialdia ELAk, LABek eta Steilasek, Jaurlaritzak zer proposatuko zain. Aurrerabiderik ez bada, hala ere, protestara deitzekotan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.