Biltzar bat egingo dute, gatazkaren irtenbidea sustatzeko

Nazioarteko eta bertako hainbat erakundek bultzatutako nazioarteko konferentzia hilaren 17an egingo dute, DonostianRubalcabak ziurtatu du ETAk bere amaiera iragartzeko «oso gutxi» falta dela

Erredakzioa
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko asmoz, Nazioarteko Konferentzia egingo dute datorren astelehenean Donostian, nazioarteko eta bertako hainbat erakundek bultzatuta. Hala jakinarazi zuen atzo Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, prentsa ohar baten bidez. Gaur egingo dute konferentziaren aurkezpena, Donostian, Bakearen Etxean.

Gaurko aurkezpena Paul Rios Lokarriko ordezkariak, Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta Jonathan Powell Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteko buru ohiak egingo dute. Era berean, Lokarrik dioenez, Nazioarteko Konferentziari sostengua emango dioten hainbat euskal herritar esanguratsu izango dira.

Nazioarteko eta bertako sei erakundek sustatu dute datorren astelehenean egingo den bake konferentzia: Bergohf Foundation (Alemania), Conciliation Resources (Erresuma Batua), The Desmon and Leah Tutu Legacy Foundation (Hegoafrika), NOREF (Norvegia), Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta Lokarri.

Nazioarteko erakunde horien lana bakea sustatzea eta gatazkak konpontzen laguntzea da. Hala, besteren artean, Conciliation Resources erakunde independentearen zeregina «justizia sustatzea eta bake iraunkorra» eraikitzea da, NOREF zentroa Norvegiako Atzerri Ministerioak sortu zuen 2008an, eta «bakea sendotzea» du xede, eta Berghof fundazioaren helburua gatazken ikasketen inguruan berrikuntzak egitea da.

ETAren balizko amaieraz

Euskal Herrian bake aukera sendotzen ari den unean egingo da euskal gatazkaren konponbideari buruzko Nazioarteko Konferentzia. Azken egunotan bake prozesuari buruzko zurrumurruak etengabe zabaltzen ari dira, eta ETAk aurki beste agiri bat kaleratu dezakeela iradokitzen ari dira hainbat buruzagi politiko. Erakunde armatuak indarkeria «egun gutxitan» utz dezakeela esan zuen igandean Xabier Arzalluz EAJko EBBko buru ohiak, Noticias taldeari eskainitako elkarrizketan, eta horren ondoren, antzeko mezua zabaldu dute Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko presidentegaiak eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere. Arzalluzek argi hitz egin zuen herenegun: «Iturri aski onetatik dakit ETAren amaiera PSOEren gobernupean izango dela, egun gutxitan ziurrenera».

Rubalcaba ez da Arzalluz bezain irmo mintzatu ETAren amaieraz, baina azpimarratu du «oso gutxi» falta dela horretarako. Hala ere, zuhur jokatu beharra dagoela esan du, jarraian: «Oso gutxi falta da ETAren amaierarako, baina gobernuaren eta alderdi politikoen egitekoa ez da iragarpenak egitea, segurtasun indarrak, epaileak, fiskalak, gobernua eta alderdien batasuna defendatzea baizik». Espainiako telebista kate batean esan ditu hitzok Rubalcabak. Hemendik gutxira ETAk beste agiri bat kaleratuko ote duen aukerari buruz galdetu diote Rubalcabari, eta honakoa erantzun du: «Baliteke agiri hori egotea, baina hori iragartzea ez da gure ardura».

Nolanahi ere, PSOEko presidentegaiak argi esan du ETAren amaiera «ongi bideratuta» dagoela: «Azken urratsak egiten ari gara, eta pauso horiek oso garrantzitsuak dira, ezin dugu hanka sartu, eta, horregatik, lasai egin behar dugu, orain arteko batasunari eta irmotasunari eutsiz». Ohartarazi duenez, azken urratsak «ongi» egiten badira, «hemendik gutxira 50 urte iraun duen izuari» amaiera emango zaio.

Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, berriz, ETAri amaiera eguna jartzera ausartu da. Haren ustez, ETAk azaroaren 20ko bozen aurretik iragarriko du amaiera, PP Espainiako Gobernura heltzean haiekin «erradikalagoa» izango delako. «PPren jarrera erradikalago baten beldur da ETA», esan du. Nabarmendu duenez, ETA barruko eta inguruko tentsioak «oso gogorrak» dira, eta haiek ere ez dakite amaiera noiz iragarriko duten. Nolanahi ere, ETAk bere amaiera hauteskundeen aurretik iragartzen baldin badu, Bilduk emaitza hobeak izango dituela ziur da Ardanza.

Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministroa ere baikorra da indarkeriaren amaieraz, baina ez du uste ETAren iragarpena azaroaren 20ko hauteskundeen aurretik izango denik. Egungo egoera «atzera bueltarik gabekoa» da, eta indarkeriaren amaiera behin betikoa izango dela ziur da Jauregi, baina ez du uste ETA «berehala» desagertuko denik. «Ez dut uste laster ETAren amaiera edo filmeko The End hori iritsiko denik». Hala izango balitz, hala ere, «oso albiste ona» litzatekeela gaineratu du Jauregik.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen aburuz, ostera, ETAren balizko iragarpen bati aurrea hartu behar zaio, eta, horregatik, «ahots bakarra, batasuna eta adostasuna» eskatu ditu, ETAk «protagonismorik» izan ez dezan. «Baldintzarik gabe desegiteko» eskatu dio ETAri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.