Iritzia. Jon Maia Soria: Akordio handien garaia da

Jon Maia Soria.
2015eko martxoaren 27a
12:52
Entzun

Bertold Brecht-ek dio bere lurra bere gogoaren eta nahiaren aurka utzi beharra duena, ez dela soilik emigrantea, desterratua ere badela. Gaur egun gure herrira iristen diren etorkinentzat ez badago behar bezalako integrazio protokolorik edo ibilbide orririk, atera kontuak orduan ere beharrak, miseriak, mehatxuak edo garaiko ohiko arrazoietariko batek bultzatuta Francoren diktadura militarraren pean Hego Euskal Herrira etorritako etorkin desterratu uholde hura integratu zedin zer egin zitekeen. Oraingo etorkinekin antzekotasun handiak dituzte ordukoek ere.

Ez zuten erraztasun handirik izan. Maite zuten guztia utzi eta bertako identitatea, kultura eta hizkuntza zapaldua eta zigortua zuen lur arrotzera iritsi ziren, bertakoek ere baserritarrei barre eta burla egiten zieten garaian, maletak eskuan eta ezjakintasuna aldean. Mesfidantzaz begiratuak ziren askotan, tirano erasotzailearen bandotik zetozen peoi beltz gisara ikusiak, nekazal eremuetatik zetozen aho doinu susmagarriko muturbeltz, mantxurriano, koreano, belarrimotz maketo txiro haiek. Kolono kontzientziarik ez bazuten ere, kolonoak. Behereneko mailako klase soziala ziren. Herri eta hirien kanpoaldeetan kokatu zituzten gehienak, klase sozial horri zegozkien ghettoetan: Mantxurria, Poblado, Casas baratas, Mundo mejor edo Katanga izenez denok ezagutzen ditugun orduko auzo periferikoetan, gaur egun ere erdal poltsa itxiak direnak.

Euskal oligarkiak, Francoren diktaduraren itzalean, inolako eskubide laboralik gabeko testuinguruan hazitako enpresa handien lan-esku merkea bihurtu ziren, gure lurralde osoan barreiaturik, ehunka mila. Herri batzuetan bertakoekin nahasi ziren, beste batzuetan gehiengo bihurtu ziren. Beren erdal hizkuntza inposatu zuten: Háblame en cristiano. Francoren aurkako borrokan euskaldunek borrokatu zuten etsai bera borrokatu bazuten ere, trantsizio deritzotena iritsi zenean burujabetza eta euskalgintzaren aldarrikapenetatik kanpo edo aurka geratu ziren gehienak, gaur arte. Ez zen etorkinen eta bertakoen ordezkaritza politikoen arteko Xibertarik, akordio ahaleginik izan, ez eta planteatu ere esango zuenik: "Zuen identitatea errespetatzen dugu, eta lur honetan zaudetenez gure identitatea ere egikaritzeko behar dugun akordioa nahi dugu zuekin". Komunitate bakoitzak bere bidea hartu zuen, bi bando, gaur arte.

Hala ere, lehenengo belaunaldi haietan asko izan ziren gau eskoletan euskara ikasi edo ikastolen sorreran parte hartu zutenak, bertako militantziarekin orpoz orpo. Euren lurretatik ekarritako kontzientzia libertarioak bertako borroketara eraman zituen, eta borroka horiek ere integrazio bide izan ziren. Gaur egun, milaka gara etorritako haien ondorengo belaunaldi euskaldunduak, eta esan dezakegu gure hizkuntzaren hazkundean erabakiorrak izan garela. Oro har, esan dezakegu gure portaletan elkarbizitza lortu dugula, pixkanaka elkarrekin nahasten joan garela, errezeloak gaindituz. Pertsonen arteko hurbilketak eta harremanak bere fruitua eman du. Baina komunitate kolektibo gisara, banaketa kulturalak eta politikoak hor dirau. Hauteskunde zein hizkuntzaren mapan erraz ikus daitezkeen gotorlekuak dira. Euskal kulturaren hedapenean ere pairatzen dugu banaketa horren muga. Bi proiektu desberdin gara, elkarren aurka. Euskal gatazkak gure arteko hurbilketarik ez du erraztu. Baina gure arteko amildegia ikuspegi klasistak eragin zuela ziur nago. Izan ere, oraingo etorkinen jatorrizko herrialdeekin gatazka politikorik ez dugun arren, mantxurrianoekin gertatutako hainbat akats errepikatzen dira oro har: mesfidantza, errezeloa, aurreiritziak… eta herri ekimenetatik ahalegin baliagarriak egiten badira ere, estrukturalki euskal identitatetik eta jendartearen akordio handietatik urrun geratzen dira oraingoak ere.

Orain, akordio handien garaia omen. Elkarbizitza akordio handiak: gatazkaren ondorioak, erabakitze eskubidea, euskararen normalizazioa, etorkizuna… Beharbada jadanik normaltasunez bizi garela senti edo pentsa dezake inork, baina hemen ia dena egiteke dago.

Ezin duzu espero beste aldean dauden ehunka mila hoien parte hartzerik aurretik hurbilketarik egin ezean, kalean agurtu ere egiten ez duzuna zure urtebetetze festara gonbidatu eta etortzea espero ezin duzun bezala. Bi norabidetako enpatia landu behar da.

Riomundo nobela idatzi nuenetik urte batzuk daramatzat Euskal Herriko hainbat integrazio eta aintzat hartze ekimenetan parte hartuz. Casa de Extremadura eta Centro Andaluz askotara joaten naiz hitz egitera eta nire familiaren integrazio historia kontatzera, Extremaduratik hasi eta bertsolari izaterainoko historia. Kasu gehienetan, honetaz hitz egiten den lehen aldia izaten da leku horietan, eta nire bizitzan egiten ari naizen gauzarik asebetegarrienetakoa izaten ari da. Leku guztietan ez ditut herri honekiko esker oneko hitzak baino entzuten. Eta malkoak ikusten ditut bizipenak partekatzean, tabuei heldu edo gauzei izena eta adjektiboak jartzean… eta beti dago norbait esaten duena: ¡Cuánto antes deberíamos haber hecho esto! Inoiz ez da beranduegi derrigor egin behar den horretarako. Akordio handien garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.