Birusaren arrastoaren atzetik (eguneko laburpena)

PCR proben bidez beste 14 kasu atzeman dituzte azken orduetan; bat Araban, zazpi Bizkaian eta sei Nafarroan. Hildako bakarra izan da.

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko sarrera. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 8a
19:07
Entzun

Atzoko kezka bikoiztu egin da gaur. Gasteizko Txagorritxuko ospitalean atzemandako kasu positiboen ondoren,  beste agerraldi bat ikertzen ari dira Bilboko Basurtuko ospitalean.  Txagorritxuko agerraldian lau kasu atzeman dituzte: bi paziente, osasungintzako profesional bat eta pazienteetako bat bisitatzen zuen pertsona bat. Basurtuko ospitaleko agerraldian, hamar kasu aurkitu dituzte: zortzi paziente eta osasungintzako profesional bi. Bi tokietan hainbat neurri hartu dituzte espazioak desinfektatzeko, eta, bereziki, kutsatuen kontaktuak identifikatzeko, bakartzeko eta PCR probak egiteko.

Gaur jakinarazitako datuen arabera, beste hamalau kasu atzeman dituzte azken orduetan PCR proben bidez. Bat Araban, zazpi Bizkaian eta sei Nafarroan. Hildako bakarra izan da. Beraz, orain arte, datu ofizialen arabera, 2.100 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Beste pertsona bat ospitaleratu dute, eta zaintza intentsiboetako unitateetan ez da egon aldaketarik: 27 pertsona daude, atzo bezala (hemezortzi EAEko ospitaleetan eta bederatzi Nafarroakoetan).

Konfinamenduaren eragina. Kutsatuek eta hilek pilatzen jarraitzen dute munduan. Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, gaur egunera artea zazpi milioi kasu baino gehiago atzeman dituzte munduan, eta COVID-19ak 400.000tik gora pertsona hil ditu. Erresuma Batuko Imperial College unibertsitateko zientzialari talde batek konfinamenduaren eragina aztertu du, eta, ikerketen emaitzen arabera, konfinamendu neurriek kutsatuen kopurua %81 murriztu dute mundu osoan, eta 3,1 milioi pertsona gehiago hiltzea galarazi dute

Agian honek ere merezi du

Uda Leku, ezinean. Uda Leku euskara hutseko uda egonaldiak proposatzen dituen egitura nagusia da Ipar Euskal Herrian. Aurtengo udan 11 egonaldi egitea aurreikusia zuen, 6 eta 15 urte arteko haurrentzat. Baina egonaldiak antolatzeko osasun protokolorik ez du jaso, eta ekainaren bukaera arte ez omen du jasoko. Hori ikusita, antolatzeko ezintasuna ikusi du, eta udako egonaldi guztiak bertan behera utzi ditu Uda Lekuk. Indar guztiak Lapurdin dituen lau bilguneak berriz irekitzean jarriko dituela jakinarazi du.

Kiroldegiak, pixkanaka. Kiroldegi publikoak irekitzen hasi dira, baina itzulera mailakatua izaten ari da. Hego Euskal Herriko kiroldegi publiko gehienetan datorren astelehenera arte itxaron egingo dute. Kirol zentro pribatu gehienak, ordea, zabalik daude joan den fasetik.  

Oharra: Koronabirusaren krisiari buruzko eguneko laburpena zure posta elektronikoa jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.