Koronabirusa

Birusaren transmisioa gora doa berriz Hego Euskal Herrian

Astebetean 1.876 kasu atzeman dituzte, eta positiboak %48 areagotu dira zazpi egunean. Txertaketari esker, ez da espero goraldiak aurreko olatuen tamaina izatea

Birusaren transmisioa gora doa berriz Hego Euskal Herrian.
Edurne Begiristain - Irati Urdalleta Lete
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gora doa, berriz ere. Pixkanaka bada ere, koronabirusa hedatzen ari da Hego Euskal Herrian. Asteak dira kutsatuen kurba lautu zela, eta, atzera, goranzko joera hartu du. Azken astean, azaroaren 1etik 7ra, 1.876 positibo atzeman dituzte, joan den astean baino 606 kasu gehiago; hau da, %48 areagotu da positibo kopurua astebetean. Aurreko asteetako datuekin alderatuta ere, igoera nabari da: urriaren 11tik 17ra, 939 lagunek eman zuten positibo, eta urriaren 18tik 24ra, 1.193k.

Egoera bereziki kezkagarria da Gipuzkoan: astebetean 802 kasu atzeman dituzte, Hego Euskal Herriko kasu guztien %43. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 175 kasukoa da lurralde horretan, BERRIAk egindako kalkuluen arabera. 58 puntu egin du gora astebetean. Gainerako lurraldeetan positibo gutxiago erregistratu dituzte. Nafarroan, 452 lagunek eman dute positibo, eta 113 kasukoa da intzidentzia, duela astebete baino 29 puntu gehiagokoa; Bizkaian, 487 positibo erregistratu dituzte, eta 80 kasuko intzidentzia daukate, duela astebete baino lau puntu gehiagokoa; azkenik, Araban, 115 herritarrek eman dute positibo, eta 63 positiboko intzidentzia daukate, hots, joan den astean baino zortzi puntu gehiagokoa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, bost herri eremu gorrian daude: Agurain (Araba), Abadiño (Bizkaia), Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga (Gipuzkoa). Halere, ospitaleetako egoera ez da bereziki gaiztotu, oraingoz behintzat. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 138 lagun daude gaitzak jota erietxean; horietako 30, ZIUetan. Azken astean ez da nabari igoera nabarmenik: duela astebete baino bi gaixo gehiago daude ospitaleetan, eta hiru gutxiago ZIUetan. Oraindik, ordea, jendea hiltzen da COVID-19agatik. Orotara, astebetean hamasei herritar hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian, joan den astean baino hiru gehiago.

Egunotan, kezkatuta agertu dira osasun agintariak, eta, atzo, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi zuen prebentzio arauak betetzea ezinbestekoa dela neurri murriztaile berriak ezar ez ditzaten.

Olatua?

Transmisioaren gorakada kezkarako zio bilakatu da berriro ere. Hala ere, bada alderik oraingo egoeraren eta aurretik izandako goraldien artean: Hego Euskal Herriko herritarren gehiengo zabal bat txertatua dago, eta horrek beste taxu bat eman dio orain izurriari. Hain zuzen ere, datuak nahiko argiak dira alde horretatik: Hego Euskal Herrian, herritarren %81 txertoaren dosi bat hartuta daude, eta %80k burutua dute prozesua. Txertoak emandako babesak isla du ospitaleetako egoeran: erietxeetako presioa ez da zamatu izurriaren beste fase batzuetan bezala, eta kasu larriak eta heriotzak gutxiago dira.

Nolanahi ere, adituek arretaz begiratzen diote goranzko joerari, eta lasaitzeko motiborik ez dela diote. Iritzi horretakoak dira Miren Basaras EHUko Mikrobiologoa irakaslea, Ugo Mayor EHUko Ikerbasqueko ikertzailea, Izortze Santin EHUko irakasle eta Biocruceseko ikertzailea, eta Adrian Aginagalde epidemiologoa. Egoeraren azterketa egiteko garaian, Basaras argia da oso: «Egoera kezkagarria bilakatu da intzidentziari eta positibo tasari begiratzen badiegu». Ohartarazi du oraindik erietxeetan aparteko zamarik igarri ez den arren birusaren transmisioaren kurbak negu sasoian gora egiteak arrisku bat dakarrela: «Beste birus batzuen transmisioak ere gora egingo du, eta baliteke ospitaleetan inpaktua izatea».

Aginagaldek ere ideia berberean jarri du azpimarra. Esplikatu duenez, negu sasoiko arnas aparatuko infekzioen gorakadarekin batera izaten ari da koronabirusaren hedatzea, eta horrek ezinbestean eskatzen du egoerari arretaz erreparatzea eta beharrezkoak diren neurri ez-farmakologikoak aztertuz joatea. Aginagaldek ez du dudarik beste olatu baten aurrean gaudela, eta Eguberrien ondotik hanpatuko dela bereziki birusa, izurri klasikoen transmisio patroiak urtero errepikatzen direlako: «1848ko gripeaz geroztik, beti egon da azkartze fase bat Gabonen ostean, eta horretarako prestatu behar da osasun sistema».

Asteak dira Hego Euskal Herrian birusa hesitzeko neurri zorrotzenak bertan behera geratu zirela, eta, aditu guztien ustez, transmisioaren goraldia «espero zitekeen». Santinek uste du birusaren transmisioaren gorakada herritarrek jarrera aldatzearekin lotuta dagoela: «Bidali zaigun mezua zera da, egoera ongi dagoela, neurriak malgutzeko era badagoela, eta guk, nahitaez, jarrera aldatu dugu, eta lasaitu egin gara». Gainera, gogoratu du eguraldi hotzarekin batera leku itxietan denbora luzeagoan egoteko motibo izaten dela, eta ohikoa izaten dela toki horiek gaizki aireztatuta egotea eta jendea maskararik gabe egotea. «Horrek denak inpaktua dauka kutsatze prozesuan, eta transmisio katea indartu egiten du, ezinbestean».

Aditu guztiak bat datoz: birusaren transmisioaren gorakada «motela» da egun, baina oso litekeena da beste olatu baten hasiera izatea. Birusarekin aurreikuspen irmoak egitea oso nekeza bada ere, ziurra da txertaketak mugarri bat ezarri duela pandemiaren bilakaeran, eta espero da hurrengo olatua txikiagoa izatea. Handia edo txikia izango ote den, hor dago koska.

Mayorrek uste du birusaren goraldia apala edo handia izateko aukerak berdintsuak direla, faktore askok dutelako eragina egungo egoeran, eta ziurgabetasuna delako nagusi: «Olatu handienetan, gehienez populazioaren %1 edo %2 kutsatu ohi da, eta, gaur-gaurkoz, txertatu gabekoen edo txertoen eragin apala izan dutenen ehunekoa hori baino handiagoa da». Birusak haiengan duen intzidentziaren araberakoa izango da goraldiaren tamaina, Mayorren arabera.

Erietxeetako datuek eman ohi dute transmisioaren larritasunaren neurria. Txertaketari esker, oraingo datuek ez dute zerikusirik beste olatu batzuetan izandakoekin, baina Mayorrek azpimarratu du ahalegin guztiak ezin direla ardaztu txertaketaren inguruan bakarrik. «Transmisio kateak etetea, kasuei erreparatzea, eta leku itxiak aireztatzea ezinbestekoa da beste goraldi bat eragozteko». Orain ez da halakorik egiten, ordea: «Ematen du ez dugula ezer ikasi».

12 urtetik azpiko umeen artean zabaltzen ari da orain birusa, haiek direlako txertorik hartu ez duen talde bakarra. Osakidetzak emandako datuen arabera, esaterako, 6 eta 12 urte arteko umeetan dago orain azken hamalau eguneko intzidentzia tasarik handiena: 302koa da. 3 eta 5 urte artekoak daude ondoren: 124 kasu daude 100.000 biztanleko. Arretaz aztertu beharreko datuak dira, baina adituek diote oraingoz ez direla alarma pizteko aski arrazoi. Aurreko olatuan, gazteen arteko kutsatzeek abiadura handiz egin zuten gora, baina, oraingoan, umeen goranzko kurba askoz motelagoa doa. Santinek helduen txertaketan ikusi du hori ulertzeko gakoa: «Umeen arteko transmisioa izaten ari da, baina txertoa hartu dugunok ezkutu gisa funtzionatzen dugu, eta ez dugu uzten intzidentzia larregi handitzen». Hala ere, Basarasek erantsi du adi egon behar dela umeekin, birusa transmititzen dutelako eta umeen artean ere «kalteberak» daudelako.

Euskal Herriko mugetatik kanpo, birusa abaila handiz hedatzen ari da berriro, eta hori kontuan hartzekoa da, adituen aburuz. Txertaketa oso aurreratua duten herrialdeei erreparatu die Basarasek, kezkaz: «Portugalen eta Irlandan, adibidez, txertaketa oso aurreratuta dago, baina kutsatzeak gora ari dira etengabe. Gu ez gara uharte bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.