Bihar beteko da hilabete Lezon hondakinak biltzeko atez ateko sistema ezarri zutenetik, eta sistema berriarekin hasi aurretik zituzten aurreikuspenak gainditu egin dituzte, Ainhoa Zabalo alkateak gaur azaldu duenez; %28 birziklatzen zen herrian, eta hilabetean %83ko birziklatze tasara heldu dira.
Gaur goizean eginiko agerraldian eman ditu Zabalok datuak eta azalpenak. Herritarrak zoriondu ditu, eta gaineratu du haien "inplikazioa" dagoela "arrakastaren oinarrian". %80ra iristea espero zuten.
Zabaloren hitzetan, Lezoko datuek adierazten dute "alternatibarik egokiena" dela atez ateko bilketa sistema. Lanpostuak sortzen dituela eta eredu merkeagoa dela erantsi du.
Gipuzkoan, %33
Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, herrialdeko birziklatze tasen berri eman du gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Hiri hondakinen %33,4 bakarrik birziklatzen dira herrialdean, batez beste.
Mankomunitateen araberako datuak eman ditu Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. Urola Kosta, Sasieta, Debagoiena eta San Marko mankomunitateetan dauden herriek birziklatzen dute gehien.
Zerrendan atzerago doaz Tolosaldeko, Urola Erdiko eta Txingudiko mankomunitateetan dauden herrien birziklatze tasak. Datu txarrena Debabarrenak eman du, batez bestekoaren oso azpitik.
2012ko datuak dira horiek. 2011koa izan zen birziklatze tasa Gipuzkoan. "Igoera txikia" izan dela adierazi du Ingurumen diputatuak.
Europako herri eta eskualde askotan, baita Gipuzkoako herri batzuetan ere, birziklatze tasa %70etik gorakoa dela gogorarazi du Errazkinek. "Gipuzkoarrok, aldiz, ez gara erdira ere iristen. Badugu aurrera egiteko oinarria, baina baita bide luzea ere".