Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten 671 kideek batere bisitarik ez dute jaso asteburu honetan, Kolektiboa osatu zenetik lehenengo aldiz, euren eskubideen defentsan inkomunikazio greba egin baitute, joan den igandeaz geroztik itxialdian egoteaz gain. «Hainbat urteko borrokaldian hartutako erabakirik gogorrenetarikoa» izan da, Ramon Gaztelumendi Etxerat-eko ordezkariaren hitzetan, «Sakratutzat daukaten Euskal Herriarekiko loturari uko egin diotelako».
Presoen senide eta lagunartekoak errepidera irten ziren atzo hala ere: sakabanaketa salatzeko hainbat kotxe karabanatan ibili ziren herriz herri egunean zehar, eta Lasarte-Oriako Aldatza plazan bat egin zuten iluntzean, sakabanetak senideengan sortzen dituzten bizipenen testigantza zuzenak emateko. «Asteburu honetan ez naiz hilko», zioen kioskoan paratutako pankartak, eta kartzela bakoitzeko oihal bana ageri ziren plaza inguratzen, bakoitzera zenbat kilometro dauden adierazten: Ocaña 533, Bonxe 665, El Dueso 181, Bois d'Arcy 890, Villepinte 911, Los Rosales 500, Ensisheim 1.300, La Sante 911...
Senideen testigantzak
Iñigo Makazagaren amak, Rosak, Ingalaterrako Belmarsh kartzelarako bisita luzeen berri eman zuen: «Bidaia luzea, eta bisita beti laburregia». Urrutiko herrialdeetan «hizkuntza arrotzei eta espetxe sistema arrotzei» aurre egin beharraz mintzatu zen, Espainiatik eta Frantziatik kanpoko sei estatutako zazpi espetxetan dauden hamabi presoen senideen izenean. Bizi dutena «jasanezina» litzatekeela esan zuen, herrialdeotan jaso duten laguntzagatik ez balitz, eta babes hori izatea «ezinezkoa» litzatekeela, «munduko kartzelatan sakabanatutako dauden preso bakoitzaren atzean martxan dagoen herri bat ikusiko ez balute».
Jone Etxeberriak Draguignan-eko kartzelara joan-etorria egiteko errepidean 16 orduz 1.800 kilometro egin beharra dauzkala azaldu zuen. Lander anaia ikustera joan ohi da Draguignan-era, baina Soto del Real-eko kartzelara ere joan ohi da, han baitu mutil laguna, Julen Zelarain. Gogorrena espetxera lau urteko umerekin joan beharra dela azaldu zuen Jone Etxeberriak. «Aita gurekin noiz etorriko den galdetzen duenean, nola erantzun lau urteko ume bati?».
Pili Gabirondo «semea 24 orduz lau hormen artean» dagoela jabetzearen gogortasunaz mintzatu zen, Gonzalo Rodrigo presoa joan den urtarrilaren 11tik isolamenduan baitago Curtiseko presondegian. «Ez gara gauza isolamenduaren benetako errealitateaz jabetzeko», azaldu zuen, «sufritzen dutenari buruz intuizioak baino ez ditugu». Presoek, gainera, jasaten dutena gorde egiten dutela esan zuen: «Bisitan 'zer moduz?' galdetu, eta beti 'ongi' erantzuten du, beti 'ongi', sufrimentua alboratuz».
Leo Esteban Nietok istripu larria izan zuen 1998ko apirilan, Esteban anaia 1999ko irailean minbiziz hila Puerto de Santamaria kartzelan bisitatzetik itzultzen. Hanka galdu zuen. «Hamasei ebakuntza egin dizkidate anestesia osoarekin, eta bi partzialarekin. Anestesiaren ondorioz kaltzioa galdu dut, eta horrek osteporosia eragin dit», adierazi zuen. «Nire bizimoduak ez dauka lehen egiten nuenarekin zer ikusirik. Baina zortea izan nuen; presoei bisitak egiten jarraitzen dut, Parisera». «Herriak ez du barkatuko» oihuen artean utzi zuen Leo Estebanek kioskoa, makulueekin.
«Kalera irteteko garaia da»
Makuluen laguntzarekin igo zen Joxe Balerdi ere, Jone alabarekin. Joan den otsailaren 28an Juankar semea bisitatzera zihoazela izandako istripuan Argi Iturralde emaztea eta Iñaki semea galdu zituen. Ez zuten hitz egin. Lore sorta jaso zuten dantzarien eskutik.
Asteburu honetan bisitarik ez jasotzeko presoen erabakia senideentzat gogorra baina ulergarria dela adierazi zuen Ramon Gaztelumendik, ekitaldiaren bukaeran Etxerat-en izenean egindako hitzaldian. «Eskubide zibil eta politikoen alde ari dira, isolamenduaren eta sakabanaketaren aurkako jarrera aktiboa erakusten». Gaztelumendiren hitzetan, «bistan da errebelatu egin direla».
«Euskal Herriari eta euskal herritarrei» sakabanaketaren aurka bat egiteko eskatu zien Etxerat-eko ordezkariak: «Borondateak eta konpromisoak batuz, kalera irteteko garaiak dira», gehitu zuen.
Eusko Jaurlaritzaren jokaera ere salatu zuen, zuzenean aipatu gabe: «Batzuek espetxeratu egin nahi gaituzte, eta beste batzuek bi euroren truke euren kontzientzia pertsonala eta politikoa estali nahi dute. Arduragabekeria ez da diruarekin konpontzen», jarraitu zuen. «Euskal Presoak Euskal Herriratzeko pauso sendoak eman behar dira. Ekinez. Ez itxuraz».
EUSKAL PRESOAK. SAKABANAKETA
Bisitarik gabeko asteburuan ere errepidera irten dira senideak
Sakabanaketa salatzeko ekitaldia egin zuten Lasarte-Orian, egunean zehar hainbat karabana egin ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu