Bitartekari batekin bilduko dira gaur Veolia eta langileak

Bi aldeen jarrerak ezagutuko ditu gaurko bileran, gero irtenbide bat proposatzeko; ez daude proposamena onartzera behartuta

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bi aldeen jarrerak gerturatzea ezinezkoa zirudienean, Veolia eta Bilbobuseko langile batzordea ados jarri dira gutxienez bitartekaritza onartzeko orduan. Bilboko autobus publikoak kudeatzeaz arduratzen den enpresak egin zion eskariaEusko Jaurlaritzako Lan Harremanetarako Kontseiluari, idatziz. Langile batzordeak proposamena onartu zuen, eta atzo egindako bileran bitartekaritza edo arbitratzea nahi dituzten galdetu zieten. «Bitartekaritza nahiago dugula erantzun diegu. Hainbat izen proposatu dizkigute, gustokoen duguna aukeratu dugu, eta bihar [gaur] goizerako jarri dugu harekin biltzeko hitzordua», azaldu dio Pedro Angulo langile batzordeko presidenteak BERRIAri.

Gaur Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan egingo den bilera horretan, bai Veoliak bai langile batzordeak, bakoitzak bere jarrera azalduko dio bitartekariari. «Gurea argi dago zein den, astebeteko grebaren ostean inork ezin du zalantzarik izan: bete ez diren hamalau puntuak betetzea eskatzen dugu. Eta gero hasiko gara lan hitzarmenari buruz eztabaidatzen. Baina hamalau puntu horiek betetzea ezinbestekoa da».

Veoliak, ordea, nahiago du arbitratzea. Kasu horretan arbitroak proposatutako irtenbidea onartzera behartuta egongo lirateke bi aldeak. «Haien aldarrikapenak bidezkoak eta zentzuzkoak direla sinetsita badaude, zer dela eta ez dute onartu arbitratzea?», galdetu du enpresak atzo arratsaldean bidalitako oharrean. Arbitroak bere erabakia ezagutzera emandakoan greba bukatuko litzatekeela gogorarazi du Veoliak. «Badirudi honek ez duela bukaerarik. Eskaera baten inguruan ados jartzean, beste eskaera batzuekin agertzen zaizkigu. Gatazkarekin etengabean jarraitu nahi dutela dirudi».

Langile batzordeko presidente Pedro Angulok, ordea, badu itxaropenik bitartekariaren esku-hartzean. «Orain arte bi aldeak gurean tinko ibili gara. Akaso itsututa ere bai. Posible da bitartekariak argia egin eta ikusi ez dugun konponbideren bat aurkitzea. Baikorra izan nahi dut, denon onerako». Bi aldeen jarrerak ezagutu ostean, ondo aztertu, eta ustez bi aldeek onartzeko modukoa izan daitekeen proposamena egingo die. Edonola ere, ez batzuk ez besteak ez daudela onartzera behartuta argitu du Angulok.

Enpresaren balantzea

Greba egunetan langileek izan duten jarrera gogor salatu du Veoliak. «Urriaren 26an egindako lehen greba egunetik 50 autobusi eraso egin diete», egin du zenbaketa hedabideetara bidalitako ohar baten bidez. 100.000 euroren kalteak eragitea leporatu die.

Azken sei erasoak atzo goizean gertatu zirela dio. Lau autobusi kristalak apurtu zizkieten, beste biri gurpilak zulatu, eta zazpigarren bati pintura isuri ziotela salatu du. Gutxieneko zerbitzuak normal-normal betetzen ari direla azaldu du, nahiz eta goizez atzerapenak egoten diren. Enpresaren esanetan, piketeek ez diete uzten lan egin nahi duten beharginei lanera joaten. «Batzordearen zeregina da lanerako eskubidea errespetaraztea», gogorarazi du. Langile batzordeak, autobusen aurkako erasoak gaitzesten dituztela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.