Atzo zabaldu zen Bittor Tejedor iheslari bilbotarra Kanadatik kanporatu egin zutela, baina gaur Askatasunak jakinarazi du kanporatzea atzeratu egin dela. "Ez dakizkigu arrazoiak oraindik", dio Askatasunak.
2007ko ekainaren 1ean atxilotu zuten Tejedor Kanadan, eta harrezkero Vancouverreko espetxean preso egon da. Urtebete iraun duen prozesuaren ostean, herrialdetik kanporatzea eta Espainiaren esku uztea erabaki du Kanadako Justiziak.
Kanadako epaitegiek Iban Apaolaza beasaindarra kanporatzeko agindua eman zuten duela hiru aste, nahiz eta orduan defentsak aurkeztutako tortura salaketak sinesgarritzat eman zituen immigrazio arduradunak. Askatasunak adierazi duenez, "Anabel Eguesek torturapean egin zituen deklarazioetan" oinarritzen dira Apaolaza eta Tejedorren aurkako frogak. Espainiak ez duela Tejedorrentzako estradizio agindurik eskatu gogoratu du Askatasunak, eta Kanadako Justiziari bi euskal herritarrak Espainiako Poliziaren eskuetan ez uzteko "ausardia falta" izan zaiola uste du.
Tejedor Frantziatik kanporatu eta Guardia Zibilaren eskuetan gelditu zen 1988ko azaroan. Tejedor berriro atxilotzeko eta inkomunikatzeko arriskuan dagoela ohartarazi du Askatasunak, eta, "beraz, torturatua izateko arriskuan" dagoela. Tejedorren abokatuek salaketak jarri dituzte NBEren Torturaren Aurkako Batzordean eta Kanadak Madrilen duen enbaxadan, Tejedor ez dezaten inkomunikatu eskatzeko.
Politika
Bittor Tejedor iheslaria oraindik ez dute kanporatu Kanadatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu