Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko epaileak 197/2006 epaiaren inguruan izan beharreko jarrera aztertzen ari ziren bitartean, agerraldia egin dute Herrira mugimenduko kideek Espainiako auzitegiaren atarian, Madrilen. Hainbat politikari eta gizarte eragileren babesa izan dute horretarako, eta ohartarazi dute, «lehenago edo geroago» Espainiak indargabetu egin beharko duela doktrina hori. Fran Balda bozeramaileak adierazi du 197/2006 epaia ezarria duten67 presoek betea dutela zigor osoa, eta aldarrikatu du kalean beharko luketela.
Baldarekin batera, Madrilen egindako agerraldian hauek izan dira, besteak beste: Herrira-ko kide Manu Ugartemendia; Amaiur koalizioko Sabino Cuadra eta Jon Iñarritu diputatuak eta Alberto Unamunzaga senataria; Aralarreko Dani Maeztu; Bilgune Feministako Saioa Iraola eta Idoia Trenor, LAB sindikatuko Jabi Garnika; Eleak mugimenduako Txerra Bolinaga eta Etxerat elkarteko Mattin Troitiño. Baldak gogorarazi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuela Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina, Ines del Rio presoaren helegiteari erantzunez kaleratutako ebazpenean: «Logika demokratikoaren arabera, preso hori eta zigorra betea duten guztiak aske uztea ekarri behar luke ebazpenak». Hala, 197/2006 epaia bertan behera uzteko eskatu du Herrira-k, beste behin. Izan ere, PPren gobernuak ez du bete Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena, eta Baldaren arabera, ez ditu errespetatu nahi Europako espetxe politikaren gutxieneko baldintzak. «Horrek, ordea, oso egoera zailean jartzen du Espainiako Estatua munduaren aurrean», ohartarazi du.
«13ak» eta sakabanaketa
Gaixotasun larria duten hamahiru presoen egoera eta sakabanaketa ere salatu dituzte. Joan den asteartean, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi zuen larri gaixo diren hamahiru presoek ez dutela betetzen aske geratzeko baldintzarik. Baldak esan du presoak «muturreko egoerara bultzatzeak» alde guztiak egiten dituela galtzaile.
Herrira-ko bozeramailearen iritziz, helburu bakarra du Espainiako Gobernuak: «Euskal Herriarentzako bakea oztopatu eta atzeratzea». Hala ere, Baldak ohartarazi du «giza eskubideen aurkako jarrerarekin» jarraituz gero sinesgarritasuna eta zilegitasuna galtzen jarraituko duela, bai euskal gizartean, baita nazioartean ere: «Horregatik, badu garaia gobernuak aro politiko berriaren aldeko inbertsioa egiten hasteko. Zenbat eta lehenago hasi, guztiontzat hobe».
«Bizi guztiko zigorra» indargabetzeko eskaera Madrilen
Baldak dio «salbuespen neurriak» bertan behera utzi beharko dituela Espainiak «lehenago edo geroago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu