Premiazkoa da, urgentziazkoa, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak askatzea. Hala uste du Etxerat-ek, eta haien senideak espetxetik ateratzen laguntzeko eskatu du. Denen artean askarazteko. Mobilizatzeko. Ibon Iparragirre eta Txus Martin presoen kasuak dira larrienak. Etxerat-ek ohartarazi duenez, espetxean mantentzen badira euren biziak arrisku larrian daudela azaldu dute haien medikuek. Horiek zein gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko presoak «berehala askatzeko» exijitu dute. Halaber, euskal presoen lautik batek —152k— osasun arazoak dituela gogoratu dute Josune Dorronsoro eta Mattin Troitiño Etxerat-eko ordezkariek.
197/2006 doktrina ezarrita «bizi guztiko zigorra» ezarri dieten presoen egoera ere salatu dute horien hurkoek, Donostian egindako agerraldian. Dagoeneko 71 presori ezarritako luzamendua «zuzenbidetik urrun» dagoela ohartarazi dute; eskubide urraketa argia dela. «Onartezina» dela, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak preso edukitzea «onartezina» den bezala.
Egoera horiek amaitzen laguntzeko eskatu dute, beraz. Presoen eskubideen alde mobilizatzeko. Bide horretan, Etxerat-ek bat egin du 17rako Egin Dezagun Bidea ekimenak Donostian antolatu duen manifestazioarekin.
Bizia bera arriskuan duten euskal presoak askatzeko eskatu dute
Gaixo dauden zein «bizi guztiko zigorra» ezarri dieten presoak askatzeko premiaz ohartarazi dute senideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu