Hartzak

Bizikidetza arazo bat

Urrian bi hartz eme sartu zituzten Frantziako erakundeek Biarnon, eta Erronkariko abeltzainak kexu azaldu dira jasandako erasoengatik. Gaur egun, lau hartz daude mendebaldeko Pirinioetan. Bideoa: Urriaren hasieran Biarnon sartu zituzten bi hartzetako baten —Sorita— lehenengo irudiak, urriaren 26koak, Pirinioetako Parke Naturalean. Iturria: Fiep.

jokin sagarzazu
2018ko abenduaren 20a
07:40
Entzun

Lo dago, edo gertu. Lehen elur jasekin hala egin ohi du, eta hilabetez egoten da. Baina denbora horretan irauteko janaria behar du. Nagusiki landare eta barazki jalea da (%90), baina neguari aurre egiteko beharrezkoak ditu haragi proteinak, eta bere ibileretan maiz aritzen da animalien ehizan. Eta ez basatiak soilik. Aurtengo udazkenean bi ardi jan ditu Erronkarin (Nafarroa). Hori datu ofiziala. Abeltzainen arabera, berriz, beste bi abelburu desagertu dira. Bizikidetza arazo bat dago Pirinioetan: hartzaren eta abeltzainen artekoa.

«Eztabaida ez da hartza bai ala ez. Eztabaida da Pirinioetan jendea bizitzea nahi dugun ala ez. Abeltzaintzarik gabe ezinezkoa izango da. Eta hartzarekin ezinezkoa da abeltzaintza», azaldu du Jose Manuel Marco Marengo artzainak. Pertsona ezaguna da hartzaren aurka duen jarrera irmoagatik. Hark bezala, Nafarroako Pirinioetako abeltzainek gogoan dituzte «Camille-ren garaiak», eta ez dute berriz halakorik nahi. «Ahaztua genuen; lasai genbiltzan», dio Aitor Garmendiak. Udaberriarekin esnatu, eta janaria aurkitzea izango dute kezka nagusia hartzek. «Eta berriz gure amesgaiztoak».

Gerard Caussimont Fiep talde ekologistako presidenteak, berriz, azaldu du hartzen erasoak, oro har, «oso urriak» direla. Datu bat: ezbeharrengatik Frantzian urtean hiltzen diren ardien %1 inguru izaten dira hartzengatik. Azpimarratu du artzainek horiek saihesteko neurriak hartzen dituztela, gobernuak lagunduta, baina Nafarroan abeltzainak eta instituzioak ez direla ados jartzen. Hala, sartu eta lehenengo lau urtean bost ardi hil zituen hartzak, denak 2016an. «Kopuru oso txikia». Nafarroako Gobernuaren arabera, hartz eremuko lurretan 30.000 abelburu daude, 40 abeltzainen eskuetan. Hildako ardi bakoitzeko 330 euro jasotzen dute kalte-ordainetan, Caussimontek azaldu duenez. Abeltzainek eta gobernuak ez dute diru kopururik zehaztu nahi izan.

Norena da mendia

Urriaren 4an eta 5ean Esloveniako bi hartz eme —Claverina eta Sorita— sartu zituzten Frantziako erakundeek Erronkaritik gertu, Biarnon (Okzitania). Bi ar —Nere eta Cannellito— baino ez ziren geratzen mendebaldeko Pirinioetan, eta jatorrizko hartzik ez dago jada. Sartze politikak direla eta, gehiago daude ekialdean, baita emeak ere, baina erabat ezohikoa da «beste aldera» pasatzea. Hartza «desagertzeko arriskuan» zegoen, beraz, mendebaldean, eta kezka horri erantzuteko hartu dute erabakia Frantziako erakundeek. «Helburua ez da hartza berriz sartzea, hartza ez baita inoiz desagertu Pirinioetako alde honetan, ekialdean ez bezala. Xedea da dagoen populazioari eustea», azaldu du Caussimontek.

Haren ustez, gainera, posible da «bizikidetza», baina azpimarratu du aurkako jarreran «askotariko interesak» daudela; «eta mentalitate arazo bat ere bai». «Hartza —animalia basati guztiak bezala— beti erabili da aitzakia gisa haran horietako hainbat arazo ezkutatzeko; eta haserre hori erabiltzen duen politikaririk ez da inoiz faltatu izan. Pirinioetan abeltzaintza krisian badago, ez da hartzarengatik. Beste batzuk dira arrazoiak: konkurrentzia handia dagoelako, esku lan gutxi...».

«Hemen bizitzea oso zaila da, eta hori kontuan hartu beharko lukete bulegoetan dabiltzan horiek», ihardetsi du Marengok. Hartzari berari baino gehiago, hartza Pirinioetan sartu nahi duten eragileei die «beldurra» berak. «Hartza saldu nahi digute Pirinioetako jendegabetze prozesuari aurre egiteko tresna gisa; turismoa erakartzeko, adibidez. Baina Asturiasen [Espainia] ikusi da ez dela errentagarria». Erronkariko artzain horren arabera, abeltzaintza da berena bezalako eskualdeak «bizirik» mantentzeko «modu bakarra». «Baina hesi tartean sartu nahi gaituzte, eta hartza libre utzi».

Antzera pentsatzen du Garmendiak, nahiz eta bera neurri batzuk aztertzearen aldekoa izan. Dena den, «oso zail» ikusten du irtenbide bat adostea. Haren ustez, mendebaldeko Pirinioetan ez dago aski lur edota baso itxi hartzak eroso bizitzeko: «Astakeria da inguru honetan sartzea. Bideak daude nonahi, abeltzainak, jendea kirola egiten, edota bestelako jarduera batzuk». Gogora ekarri du Camille-ren garaian neurriak hartu zituztela baina ez zirela eraginkorrak izan. Mastin arrazako txakurrak, adibidez. «Baina arazoak izan genituen, hartzekin ez, pertsonekin baizik, eta lotuta eduki behar izaten genituen».

Caussimontek, baina, azpimarratu du zenbait ikerketaren arabera Pirinio osoan 110-250 hartz bizitzeko baldintzak daudela. Egun, 43 daude. Haren ustez, «ingumenaren kalitatearen adierazle garrantzitsua» da hartzen presentzia. «Lotsagarria litzateke gureen moduko herrialde aberatsetan gurea den espezie hau kontserbatzeko gai ez izatea, eta herrialde txiroei, berriz, hori eskatzea». Bestela pentsatzen dute abeltzainek. «Mendia jan behar da, mendia garbi mantentzeko eta suteak-eta saihesteko. Eta horretarako beharrezkoak dira abereak. Hartzek baino dibertsitate handiagoa sortzen dute», azaldu du Garmendiak.

Artalde handiak

Frantziako instituzioek bi hartzak sartu baino egun bat lehenago, Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza bat bildu zen Frantziako eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako zuzendariekin eta Aragoiko eta Kataluniako ordezkariekin. Ondoren, beste hiru bilera eta inkesta bat egin ditu Erronkariko eta Zaraitzuko erakundeekin eta abeltzainekin. Eta proposamen bat landu du. Horren arabera, artaldeak zaintzeko, erasoak aurreikusteko eta hartzak urruntzeko baliabide tekniko eta pertsonalak eskainiko ditu, baina ez du argibide gehiago eman. Plana noizko egongo den indarrean ere ez du zehaztu. Abeltzainak «haserre» agertu dira. «Kea saltzen ari dira. Esaten digute beste toki batzuetan funtzionatu dutela neurri batzuek, baina badakite hemen ez direla eraginkorrak».

Garmendiak azaldu duenez, Nafarroa aldeko artaldeak Pirinioen beste aldeetakoak baino «nabarmen handiagoak» dira: 3.000-5.000 burukoak. Eta horiek denak kontrolpean izatea osoa zaila da. «Frantziak diru laguntza batzuk ematen ditu jendea kontratatzeko artaldeak zaintzeko eta itxiturak sortzeko gauez ardi guztiak biltzeko. Horrek balio dezake uda parterako hemen; baina udazkenean, talde txikietan banatzen dira, eta horiek denak topatu eta biltzea oso zaila da. Gainera, sasoi horretan izaten dira eraso gehienak».

Caussimontek azpimarratu duenez, artalde hain handiak izatearen arrazoi nagusia ekonomikoa eta politikoa da. Gogoratu duenez, hegoaldeko Pirinioetako ardiak haragi produkziorako izaten diren arren, Europako Batasunaren diru laguntzengatik dira soilik «errentagarriak», eta ez salmentagatik; are egun merkatuan dagoen konkurrentziagatik.

Iparraldeko lurretako artaldeak, berriz, txikiagoak izaten dira, esnekientzako erabiltzen dira, eta gauak itxituretan pasatzen dituzte, mastinek zainduta. Egunez, halaber, hainbat lagun aritzen dira zaintza lanetan. Abeltzainek «aspalditik» jasotzen dituzte horretarako diru laguntzak instituzioen partetik, eta horrek egiten du, haren ustez, erasoak gutxitu izana eta, oro har, artzainek jarrera «neutralagoa» izatea. Hegoaldean, berriz, artaldeak «askeago» izaten dituzte mendian, ez dituzte zertan bildu esnea jezteko-eta, eta zaintza ere ez da izaten hain zorrotza. «Noizean behin joatearekin aski dute: erosoago-edo bizi dira».

Fiep elkartekoak dio «neurri batean» ulertzen dituela Nafarroako abeltzainen kezkak, baina uste du hori guztia aintzat hartuko lukeen plan bat egin beharko lukeela gobernuak. «Katalunian egin dute». Gogoratu du, gainera, Nafarroa legez «behartuta» dagoela hartzak berreskuratzeko planak egitera. 1996an egin zuen azkenekoa, eta iraungita dago. Frantziak aurten berritu du berea, eta hori dela-eta sartu dituzte bi hartzak Biarnon.

Nafarroako Ingurumen eta Lurralde Antolakuntzako zuzendari Eva Garcia «kezkatuta» agertu da Frantziaren jarrerarekin. «Informazio falta egon da, eta ez dugu denborarik izan bitartekoak martxan jartzeko», azaldu du. «Badakigu arazo hau ez duela gobernuak bilatu, baina Frantziaren aurrean irmoago agertu behar du», kritikatu du Marengok. Haren ustez, erakundeek aukeratu behar dute: «Hartzak ala gu».

«Ez gaude hartzak berriz sartzearen kontra», erantzun dio Garciak. «Baina gai labainkorra da, eta kontuan hartu behar dira eragin ditzakeen kalte guztiak». Abeltzainen interesak defendatzen jarraituko dutela berretsi du. «Gure apustua da gure lurraren biodibertsitatea mantentzea eta aberastea. Horretarako, landa eremuan bizi den jendea behar dugu, biodibertsitatea mantentzea laguntzen duen hedadurazko abeltzaintza bezalako jarduera garrantzitsuetan aritzen dena».

Eta hori indartzeko proposamenen bat egin du gobernuak. Besteak beste, hartz eremuko abeltzainek diskriminazio positiboa jasoko dute diru laguntzen deialdietan. Abeltzainek, baina, «babesgabe» daudela diote. «Azkenean etorriko da gobernu bat men egingo diena ekologistei, eta akabo», dio Marengok. «Lehenengo etorriko da hartza, eta, gero, otsoa», gaineratu du Garmendiak.

 

Kronologia

1871. Bizkaiko azken hartza ehizatu zuten Eskuagatxeko mendilerroan, Urkiolatik gertu. Urte batzuk lehenago hil ziren Enkarterrietako azkena (1816an) eta Gorbeiakoa (1819an).

1935. Pirinio osoan 200 bat hartz bizi ziren. Hura ehizatzeaz bizi ziren hainbat familia.

1940-51. Hartzak ehizatzea debekatu zuen Frantziako Gobernuak.

1952-57. Espainiako Gobernuaren debekua.

1965. Debekuak amaituta eta hurrengo urteetan, 28 hartz ehizatu zituzten legearen barruan, eta beste hainbat legez kanpo.

1967. Espainiak behin betiko debekatu zuen ehizatzea.

1967. Pirinioetako Parke Nazionala sortu zuten Biarnon.

1969. Frantziaren behin betiko debekua.

1981. Gipuzkoako ehiztari batzuek hartz eme bat hil zuten Ozako oihanean (Aragoi).

1989. Iruñeko ehiztari batzuek hartz bat hil zuten Garden (Nafarroa).

1990. Artzain batek hartz bat hil zuen Nafarroan.

1995. Hartzik gabe geratu ziren ekialdeko Pirinioetan. Hamar urtean zortzi hartz sartu zituzten kanpotik.

1996. Hartza errekuperatzeko plan bat egin zuen Nafarroako Gobernuak, orain arte egin duen bakarra.

1998. Nafarroa-Biarno aldean bizi zen Camille hartzaren erasoek zenbait neurri hartzera behartu zuten Nafarroako Gobernua.

2004. Mendebaldeko Pirinioetako azken hartz emea —Cannelle— hil zuten. Mendebaldeko Pirinioetako jatorria zuen.

2010. Camille hil zen; ondorioz, bi ar baino ez ziren geratzen mendebaldeko Pirinioetan. Nere eta Cannellito aita-semea; Cannelle zen ama. Nere Pirinioetan jaioa da, baina ama esloveniarra du.

2018. Esloveniar jatorriko bi hartz eme sartu dituzte Biarnon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.