Bizikidetza eta berradiskidetzea aztergai Arantzazun

Ibarretxe bakea eta auzi politikoa bereizi beharraz mintzatu da; Zubiaga, gerra esparruak gainditu beharraz

Erredakzioa
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Euskal auziaren barnean, bizikidetza eta berradiskidetzea izan dituzte aztergai ostiral eta larunbatean Arantzazun, Baketik zentroak antolatutako jardunaldi batzuetan. Zehazki, auzia gainditzeko bizikidetza bultzatzeaz baina horren aurretik landu beharreko berradiskidetzeaz.

Bi egunetan, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoak, Mario Zubiaga EHUko doktoreak, Margarita Robles Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak eta Juan Pablo Fusi Madrilgo Complutense unibertsitateko katedradunak euren azalpenak eman dituzte gai honen inguruan.

Bakearen helburua eta arazo politikoa bereizi beharraz mintzatu da Ibarretxe. Lehenari dagokionez, «erreferentziazko marko etiko bat» defenditu du, inposizioa, ezinikusia eta gorrotoa alboratuz, eta tolerantzia eta elkarrekiko errespetua bultzatuz; «adiskidetzea lortu behar da, hori gabe bakea su-etena baino ez litzatekeelako izango», esan du. Auzi politikoari dagokionez, berriz, metodologia demokratikoa sustatu behar dela dio, «nazioarteko erreferentziazko esperientziak» eta «euskal gizartearen berezitasuna» kontuan hartuta. Emakumeen parte hartzea ere gakotzat jo du Ibarretxek, eta parte hartze horrek negoziazio esparru guztietan egon behar duela dio.

«Hurbilpen etiko kolektiboa»

Zubiagak, berriz, premiazkotzat jo du gatazka politikoak urteotan guztiotan sortutako gerra esparruak gainditzea. Horrez gain, «gatazkaren jatorriaren oroimen ahula» eta «minari nahiz sufrimenduari buruzko oroimen sendoa» behar direla ere defenditu du Zubiagak.

Etorkizunari begira, «hurbilpen etiko kolektiboa» proposatu du, eta bi irizpide ezarri ditu horretarako: eskaera demokratikoak ez ukatzea bata, eta bestea, berriz, eskaera demokratiko horiekez defenditzea bitarteko ez demokratikoen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.