Bizi mugimendu altermundialistak abiadura handiko trenaren (AHT) xedea gaitzetsi du Pauen (Frantzia), Kontseilu Nagusiko murruetan zintzilikatuz. Kontseilu Nagusiak 80 milioi euro onartu zituen Tours-Bordele AHT zatia ordaintzeko, eta hori da preseski Bizik aurpegiratu diona. «Deusetarako balio ez duten xede suntsigarriak» baztertzeko eskatu diote ekintza horretan parte hartu duten Bizi mugimenduko 18 militanteek. Halaber, Kontseilu Nagusiaren egoitzan banderola erraldoi bat zabaldu zuten. Frantziako Poliziak ekintzan parte hartzen ari ziren 11 militante atxilotu zituen. Arratsaldean libre utzi zituzten guztiak, kargurik gabe.
Ekintza 10:30ean hasi zen,Kontseilu Nagusiaren ondoko zuhaitz bateanDeusetarako ez diren eta inposatuak diren proiektu erraldoiei, ez !zioen banderola bat zintzilikatu zuten. Bertze talde batek Kontseilu Nagusiko teilatura igo eta, soken bidez, hiru militantek AHTaren aurkako banderola erraldoia zabaldu zuten. Berehala joan ziren Kontseilu Nagusiko segurtasun zerbitzukoak, eta teilatuan zeudenak atxilotu zituzten.
Anartean, Kontseilu Nagusiaren aitzinean eskuorriak banatu zituzten bertze militante batzuek. Eguerdi aldera, suhiltzaileen eskailera handiaren laguntzaz, Poliziak banaka-banaka jaitsarazi zituen Biziko militanteak, eta atxilotu egin zituen.
Ekintza horren bidez, Bordele-Hendaia AHT berriaren egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du Bizik. Nabarmendu du xede horrek lau minutuko aurrerapena ekarriko lukeela eta hori lortzeko 5.500 milioi euro xahutzea onartu dutela. Gehiago oraindik, aurrekontua duela sei urtekoa baita, eta kopuru horri erantsi beharko litzaioke prezioen emendatzea. Xede hori baztertu eta, ordainean, orain baliatzen den trenbidea berritzeko eta hobetzeko eskatu dute Bizi taldekoek.
Mugimenduak zalantzan jarri du AHT xedearen arrazoi nagusia. Horren bultzatzaileek iragarri zuten oraingo trenbideetan saturazioa egonen dela 2030. urtean. Horrelako arriskurik ez dagoela azpimarratu du Bizik, AHT atal horri buruzko ikerketa independenteetan oinarriturik. Aldiz, bide berriak eraginen balira, xahutuko litzatekeen dirutzak hartzaile bakarra ukanen lukeela salatu du: Vinci Enpresa. Etekina lortuko duen bakarra izanen dela nabarmendu dute Bizi mugimendukoek.
Manifestaziorako deia
Larunbat honetan, 15:00ean, CADEk Baionan antolatu duen manifestazioarekin bat egin eta herritarrak bertan parte hartzera deitu ditu Bizik. AHTaren beharrik ez dagoela errandu. Autobus gehiago eta hurbileko tren zerbitzuak eskatu ditu. Autoa partekatzeko zerbitzua plantan ezarri du larunbateko manifestaziora joan nahi dutenentzat.
Bizikoek AHTa salatu dute Kontseilu Nagusitik zintzilik
Paueko Kontseilu Nagusian atzo goizean egindako ekintzan, Poliziak Bizi taldeko 11 kide atxilotu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu