Bizilagunek pisu turistikoak debekatu ditzakete, estatutuetan jarduera ekonomikoak debekatuz gero

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die eraikineko estatutuetan jarduera ekonomiko guztiak galarazita dauzkaten bizilagunen bi batzorderi. Kasuetako bat Donostiakoa da.

Etxebizitza turistiko bat, Donostiako Gros auzoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ezkaratz batean etxe turistiko bat dagoela adierazten duen plaka, Donostian. GORKA RUBIO
jakes goikoetxea
2023ko abenduaren 12a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxepe bateko etxejabeek estatutuetan jarduera ekonomikoak debekatuz gero, debekatuta egongo dira pisu turistikoak ere. Hala ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Gorenak, bi sententziatan, eta horietako bat Donostiako kasu bati dagokio. Etxeak erabilera turistikorako alokatzea, beraz, jarduera ekonomikoa da.

Donostiako eraikinaren kasuan, etxeen sustatzaileak jarduera ekonomikoak debekatu zituen eraikineko arauetan, eta debeku hori jasota zegoen etxeen salerosketa kontratuetan. Bulegoak, kontsultak, klinikak... aipatzen ziren adibide gisa. Salbuespen bat ageri zen arauetan: ezkaratz bateko bizilagun guztiek onartuz gero, posible izango litzateke jarduera ekonomikoren bat egitea. Eraikinaren estatutuetako jarduera ekonomikoen adibideetan ez zen ageri etxebizitza turistikorik, baina Espainiako Auzitegi Gorenak argitu du erabilera turistikorako etxeak alokatzea ere debekatutako jardueren barruan sar daitekeela, gainerakoen parekoa delako. 

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Donostiako Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiaren 2017ko sententzia. Eraikineko zenbait etxejabek eta enpresa batek salaketa jarri zuten Urumea pasealekuko 10, 11, 12 eta 13. ezkaratzetako etxejabeen elkartearen kontra, etxejabeen elkarteak 2017ko otsailean pisu turistikoak, oporretarako alokairuak eta epe laburreko alokairuak debekatu zituelako. Salatzaileen arabera, jarduera ekonomikoen debekuak ez zien eragiten etxebizitza turistikoei. Donostiako Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiak arrazoia eman zion etxejabeen elkarteari. Salaketa jarri zuten etxejabeek eta enpresak helegitea aurkeztu zuten, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko 2. Atalak atzera bota zituen haien eskaerak eta argudioak: pisu turistikoak estatutuek debekatutako jarduera ekonomikoen barruan zeuden. 

Baimenik ez

Eraikinean bizi ziren bizilagunak 2015. urtearen amaiera aldera konturatu ziren eraikineko hainbat etxebizitza erabiltzen ari zirela turisten egonaldi laburretarako. Bizilagunak kexatzen hasi ziren, eta eraikinaren kudeatzaileak 2016ko azaroko batzarraren gai zerrendan sartu zuen auzia. Hiru hilabete geroago, beste batzar batean, etxebizitza turistikoak debekatutako jardueren artean sartu zituzten etxejabeek. Etxebizitza turistiko horien jabeek eta kudeatzaileek bizilagunen kontra jo zuten, baina auzitegiek ez diete arrazoirik eman: ez duelako estatutuetan ezarritako debekua zabaltzen eta ez duelako beste debekurik ezartzen, eta eraikineko debeku orokorrak ezkaratz guztiei eragiten dielako. Berez, ezkaratzek aukera dute, etxejabe guztiek alde bozkatuz gero, pisu turistikoak jarduera debekatuen zerrendatik ateratzeko, baina inork ez du halako erabakirik hartu.

Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako kasuaren oinarri bera erabili du Oviedoko (Asturias, Espainia) beste kasu batean. Bi etxe turistiko daude Oviedoko hogei solairuko eraikin ezagun batean. Eraikinaren estatutuan zehazten da etxeetan ezin dela egin jarduera profesionalik, ezta merkataritza jarduerarik ere. Etxebizitzak bizitzeko soilik direla zehazten dute. Auzitegi Gorenak dio pisu turistikoek izaera komertziala dutela, enpresa baten esku daudela, eta, beraz, estatutuen arabera debekatuta daudela. Etxe turistikoek jarduera eten beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.