Bizileku baimena eskatzeko, gizarte laguntzak diru sarrera gisa aurkeztu ahalko dira

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du bakarrik dauden migrante adingabeek gizarte laguntzak berezko diru sarrera gisa aurkez ditzaketela bizileku baimena eskatzeko orduan.

Zornotzako adingabeentzako zentroa, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zornotzako adingabeentzako zentroa, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko martxoaren 18a
17:20
Entzun

Gizarte laguntzak berezko diru sarrera gisa har daitezkeela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, baldin eta bakarrik dauden etorkin adingabeek, 18 urte betetzean, Espainiako Estatuan bizitzeko baimena berritzeko eskatzen badute. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak baliogabetu egin ditu EAEko epaitegien bi epai, eta jurisprudentzia ezarri du aurrerantzean antzeko auziak ebazteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoen gazte nigeriar baten salaketaren ondorioz hasi zen prozesua. Auzitara jo zuen Espainiako Gobernuak atzera bota ziolako Hego Euskal Herrian bizitzeko baimena berritzeko eskaera.

2019ko urrian egin zuen eskaera, 18 urte bete eta erakundeen tutoretzapean egoteari utzi zionean. Eskaera, ordea, ez zioten onartu, argudiatuz ez zuela «bere burua mantentzeko baliabide ekonomiko nahikorik». IPREM askotariko eraginetarako errenta adierazle publikoaren —Espainiako Estatuan laguntzak eta subsidioak emateko erreferentziazko indizea da— %100eko diru sarrerak izateko eskatzen zioten, araudian ezartzen den bezala. Hots, hilean 600 euro inguru.

Egoera ikusita, gobernuaren erabakiaren aurkako helegitea jarri zuen gazteak: adierazi zuen araudian ezarriak dauden baino diru sarrera handiagoak zituela. Bizkaiko Foru Aldundiaren «gizarteratzeko diru laguntza berezi bat» jasotzen zuen hilero. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat eta Gurutze Gorriaren laguntzak ere bazituen, «jakiak, garraioa, poltsikoa, gastu medikoak eta jantziak» ordaintzeko. Horrekin guztiarekin «bizirik irauteko» nahikoa baliabide zituela argudiatu zuen.

Zailtasunez jositako bidea 

Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak atzera bota zuen lehen auzi eskea. Gazteak helegitea jarri zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen hura ere, 2020an. Bi ebazpen judizialen funtsezko argudioa berbera zen: gaztearen diru sarrera guztiak gizarte laguntzetatik zetozen, eta laguntza horiek ezin ziren baliabide ekonomiko propio gisa zenbatu.

Gazteak 2022an jo zuen Gorenera, araudi berria indarrean sartu zenean. Haren eskaera tramitatzea onartu zuten, eta, gainera, Auzitegi Gorenak «kasazio interesa» zuten bi gai aztertu zituen. Hau da, bi punturi buruz kontraesanezko irizpenak zeuden, eta horietan jurisprudentzia ezar zitekeen. Horietako bat errekurtsoak tramitatzeari buruzkoa zen, eta bestea, berriz, eskatzaileen baliabide ekonomikoei buruzkoa.

Estatuaren Abokatutzak aurka egin zuen, eta aurreko epaiak berresteko eskatu. Gorenak arrazoia eman dio mutilari, uste baitu «laguntza prestazioen kontzeptuaren interpretazio zabala» egin behar dela. Horrekin lotuta, azpimarratu du adingabeek 18 urte betetzen dituztenean eta tutoretzapean egoteari uzten diotenean laguntza sistema bati atxikita jarraitzen dutela, «gizarte bazterketari izkin egiteko eta lan merkatuan sartzea errazteko». Magistratuaren esanetan, bide horretan izaten dituzten zailtasunek «sobera ere justifikatzen dute» laguntza publikoak baliabide ekonomikoen parte gisa zenbatu ahal izatea bizileku baimena berritzeko eskatzen dutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.