Lasa eta Zabala 40. urteurrena. Baiona Ttipiko giroa

Bizitza, beldurraren gainetik

Baiona Ttipia zauritu zuten GALeko mertzenarioek 1980ko hamarkadako urte ilunetan. Clement Soule eta Arroxa Muruamendiaraz lekuko zuzenak izan ziren. Auzoko bizia eta orduko gertakariak kontatu dituzte.

Mikel Goikoetxea Txapela hil osteko manifestazio bat, 1984an. DANIEL VELEZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Ni eseria naizen lekuan, begi ondotik sartu zitzaion bala tipo bati; Pikabeak airean salto egin zuen; ni Whisky botila bat ateratzen ari nintzen, eta armairua jo zuen bala batek». Kasik 40 urte pasatu badira ere, Clement Soulek oraindik gogoan du Baionako Les Pyrenees ostatuan izan zen tiroketa. Bera zen jabea orduan. «Hasieran, harriduraz galdetu nuen ea nor zen petardoak bota zituena». Fite ohartu zen entzundako hotsa ez zela petardoena. 1985eko martxoaren 28a zen. GALeko mertzenarioek, Benoit Pecasteing hil, eta Jean Marie Mutio, Jean Jacques Hum eta Kepa Pikabea zauritu zituzten, tiroz.

Ikusi gehiago:AHANZTURAK HAR EZ DITZAN

Garai hartan, Euskalduna ostatu eta jatetxea eramaten zuen Arroxa Muruamendiarazek. «Egun batez beldur handia izan nuen. Hiru tipo sartu ziren: ez ziren txakurrak, ez militarrak, ez mandilak. Erdian jarri ziren. Erran nien ez zela ostatu bat, ez ginela irekia. 'A, tronpatu gara' erran, eta joan ziren». Ez du zehazki kokatzen noiz izan zen, 1983 bukaeran edo 1984 hasieran. «Berehala jendea abisatu nuen, bila aritu ziren, baina ez zituzten aurkitu». Urte batzuk beranduago, Sud Ouest egunkarian ikusi zituen, haien atxiloketaren berri ematen zuen argazkian: Jean-Philippe Labade eta haren lagunak ziren, GALeko mertzenarioak.

Hunkiturik kontatu du topaketa haren ondoren zer bizi izan zuen. «Etengabe buruan nituen hiru gizonak, baina inork ez ninduen sinesten. Pentsatzen nuen beti zerbait gertatuko zela, karrikan pasatzen ziren autoen matrikula guziak atxikitzen nituen. Behin, hiru ordu pasatu nituen Euskalduna parean zen arropa garbitegian, arropa azpian gordea, ikusi nuen gizon magrebtar bat GALekoa izan zitekeela pentsatu nuelako». 1984ko martxoan erietxe psikiatrikoan artatu behar izan zuten hilabete batez. «Beldurra nuen, terrorea. Arriskutsua nintzen niretzat eta ingurukoentzat».

Herri txiki bat, auzo batean

Orduko Baiona Ttipia barnealdeko herri txiki batekin parekatu du Soulek. «Barnealdeko jendeak zituen komertzioak atxikitzen; anitz euskaldunak ziren, tokiko jendea». Barnealdeko autobusak San Andres plazara iristen ziren, eta astearte, ostegun eta larunbatetan merkatua egiten zuten Pannecau eta Marengo zubietan eta kaian; Baiona Ttipia inguratzen zuen. Soulek gogoratzen du oso markatua zela Baiona Ttipia eta Handiaren arteko muga. 1987-1988 inguruan kokatzen duen anekdota bat kontatu du, irriz: «Burdin hari ziztadunak ezarri zituzten Pannecau zubian, bidea moztuz». Arras desberdina zen bietako giroa.

1982an hartu zuen Les Pyrenees ostatua, 31 urterekin. Bertako bezeroak zituela gogoan du: izan Baionako auzitegiko epaile bat, izan errefuxiatuak; denetarik ibiltzen zen. «Ibiltzen ziren miliak, poli-miliak, autonomoak... elkarren artean ez ziren mintzo, tentsioa nabaria zen, baina bazen errespetua». Orduan zen giroa laudatu du. «Edozein larunbatetan Kayeteniako Pantxoa Albisturrek gitarra ateratzen zuen, eta gaua pasatzen genuen Etxamendi eta Larralde kantatzen. Horiek ziren gure asteburuetako bestak».

Baiona Ttipia «bizia» zen, Muruamendiarazen hitzetan. «Errefuxiatuek bizi goxo bat ekarri zuten, familiak heldu ziren, poteoa bazen, eta giro euskalduna zen». Euskalduna taberna zen elkarguneetako bat. Orduan Baionan ibilitako errefuxiatuen ezizenak zerrendatu ditu, banan-banan. «Etxabe, Txomin, Txikierdi... etorri zirenean, denak ostatura etorri ziren». Dotore jantzita eta eskuetan maleta bat zeramatela 'Dondé está el Señor Robles?' —non dago Robles jauna?— galdezka agertzen zirenak ere hara bideratzen zituzten maiz. Errefuxiatuei askotariko laguntza ematen zieten: dirua, paperak... «Erviti poliziak errefuxiatu batekin zita egin behar zuenean paperak egiteko, komisariara deitu ordez mezua pasatzen zigun bertara joateko errateko». Ostatua itxi zutenean iheslari baten semeak errandakoa gogoratu du irribarrez: «Euskal kontsulatua zen Baionan».

Tiro hotsa karriketan

Gerla zikina ez zen GALekin hasi; lehenago ere izan ziren ekintzak. Zabal liburu dendaren kontrako bonba jarri zutenean etxeko kristalak hautsi zitzaizkiela kontatu du Muruamendiarazek. Parean zituzten ostatua eta bizitegia, Pannecau karrikan. 1985eko irailaren 25ean futbol partida garrantzitsua zegoela gogoan du. Danbateko batzuk entzun zituzten kanpoan. Berak pentsatu zuen suziri batzuk botatzen ari zirela; senarrak berehala ulertu zuen. «Haurrekin gelditu nintzen, eta bera jautsi zen». Monbar hoteleko tiroketa gertatu berri zen.

1983tik aitzina, bizpahiru urtean hainbat eraso izan ziren, eta lagun andana hil eta zauritu. Auzoko giroa baldintzatu zuen. «Gure bezeroak Baionakoak ziren; askok etortzeari utzi zioten». Souleren hitzetan, Errobi pasatuta, inork ez zekien zer gertatzen ari zen. «Uste zuten gure artean tiroka ari ginela, gure artean gerla egiten genuela».

Ikusi gehiago:Horrorea zelan kontatu

Monbarreko tiroketaren ondotik, Guyenne et Gascogne janari dendan saltzaile zen Elizondo anderearekin izandako elkarrizketa oroitu du Muruamendiarazek, Inaxio Asteasuinzarra Beltza aipatzean. «Entsalada bat gordetzeko eskatu zidan, ez da sekula etorri bila. Gaizoa», erran zion. «Bezeroak zituzten denak, eta pena zuten. Baina ez dut uste kontziente zirenik». Atentatuak gertaturik ere, normaltasun bat bazen; hala bizi zuen berak. «Lana banuen, semeak, ikastola, semeen aisialdiak... beldurrarekin, baina biziak segitzen zuen».

Iritzi berekoa da Soule: «Ez zuen bizia eragotzi». Baina jendea «alertan» zegoela oroitu du. Auzoko uhalgilearen adibidea eman du: «Ez zen batere gure mundukoa; eskuinekoa zen, kontserbadorea. Baina karrikako mugimenduak zaintzen zituen, eta, zerbait ikusten bazuen, abisua ematen zuen». Bere ostatuan izandako atentatuaren ondotik, zerbitzari batek ez zuen lanera itzuli nahi izan. Haatik, Baionako dendarien batasunekoak joan zitzaizkion ostatura, tragoak hartzera. Elkartasun keinu hori anitz eskertu zuen. «Borroka bat zen hemen gelditzea, jendea zerbitzatzea».

Beste momentu bat ere oroitu du, Ramon Oñederra Kattu hil zutenekoa. Kayeteniako zerbitzaria zen, eta lagun minak ziren; elkarrekin ostatu bat erosteko proiektua zuten. Hilketaren biharamunean, Katturen etxebizitzara joan zen, hura «garbitzeko». Hiru metrotatik erori zen leihotik sartu nahian. «Bortizkeria normalizatua genuen. Gerla parametroak dira. Jendeak ulertu ez duena da gerla zikin bat bizi izan dugula gure kontra; zinezko gerla bat».

Frantziaren erantzukizuna

«Kontatzearen beharra» azpimarratu du Soulek. «Gure haurrek, jendeek, jakin behar dute zer gertatu den; ezin da ahantzi. Frantsesek egiten utzi zuten, harrigarria da; larria da gertatu dena. Ez duzu aterperik, ez duzu baliabiderik, ezin zara bere legeak eta bizimodua inposatzen dizkizun estatu batengana itzuli», adierazi du, haserre. Garai haietan, Frantziako informazio zerbitzuetako agente batzuek mehatxu egin zioten, informazioa eman eta kolabora zezala eskatuz. Frantziako Poliziaren aurka salaketa eman zuen, orduan.

Urte haien ondorioz, errefuxiatuak pixkanaka Baionatik mugitu zirela gogoan du Muruamendiarazek. «Baionatik pila bat desagertu ziren. Miarritzera edo Hendaiara joaten ziren».

Gerla zikina bukatu zela noiz jakin zuten galdetuta, erantzuteko zailtasunak izan dituzte bi lekukoek. Soule: «Pairatzen duzu, ez baitakizu noiz bukatu den. Ez dakizu noiz has daitekeen berriz. Ez da arbitrorik bukaerako txistua egiten duenik». Muruamendiaraz: «Ez dakit noiz arte izan dugun beldurra. Galdu dut, badakit, baina luzaz gelditu da zerbait». Pentsatzeko tarte bat hartu du. «Bada zerbait oraindik; barrenak mugitzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.