Azken Eguberriak gogoan iltzatuko zaizkio Michel Alliot-Marieri (1946ko irailaren 10a). Gutxitan irtengo zaio hain garesti doan eskainitako bidaia bat. Igandera arte Frantziako Atzerri ministro izandakoak ez daki, ez du onartu nahi, zertan huts egin duen. Familiarekin negozioak zituen aberats batek eskainitako abegi onari muzin egin behar zion? Aberats horrek Ben Ali tunisiar diktadorearekin harreman zuzena izatea ote bekatua? Frantziak sostengu erabatekoa eman dion errejimenarekin familia negozioak edukitzeak ekar lezake hondamen politikoa? Ala Atzerri ministro izanda, Afrikako iparralde osoan hedatu den matxinadaz garaiz ohartu ez izanak?
Egitate horien guztien konbinazioak, eta egia ezkutatzeko egindako adierazpen sinesgaitzek edo esandako gezurrek, eta hanka-sartzeek —Tunisiara «jende oldarrak kontrolatzeko aholkulariak» bidaliko zituztela esan zuen— bultzatu dute Atzerri ministroa amildegira. Ahaztu gabe Nicolas Sarkozy presidenteak ere behar zuela gobernuan aldaketak egitea, gainbehera datorkion ospeari eutsi ahal izateko eta berri hauta dezaten aukeraren bat izateko.
Denbora gehien iraun duena
Hamarkadatan Afrikako iparraldeko diktadore izan diren batzuen erorketak Frantzian ministro karguan denbora gehien iraun duenarena ere ekarri du. Alliot-Marie baitzen V. Errepublikan denbora gehien iraun duen ministroa, 2002ko maiatzetik igandera arte. Eta ardura nagusiak izan ditu, gainera; Defentsa, Barne, Justizia eta Atzerri ministerioen buru izan da.
Ez da, ordea, Frantziako Gobernuan izan den aldaketa bakarra. Defentsan zegoen Alain Juppek hartu du Alliot-Marieren lekua. Gerard Longue da orain Defentsa ministro. Barne Ministerioan, berriz, Claude Gueantek hartu du Brice Hortefeuxen lekua.
Gobernu birmoldaketan bizirik irten da Alliot-Marieren bikote Patrick Ollier, hura ere kinkan bazegoen ere, Alliot-Marierekin joan baitzen Eguberrietan Tunisiara, eta Libiari armak eta teknologia nuklearra saltzeko bitartekari lanak egin baititu 2004tik hona. Le Parisien-en arabera, dimisioa eman aurretik, Alliot-Mariek Eliseora jo zuen Ollierrekiko erruki eske.
Etorkizun lausoa
Baliteke hau izatea munduko 11. emakumerik boteretsuena izandakoaren (Forbes zerrenda, 2007) amaiera politikoa. Donibane Lohizunetik zaila du Frantziara begira berpizte politikoa lantzea. Legebiltzarreko diputatu kargua berreskura dezake, eskubidea baitu, eta dagoeneko hasi dira esaten Alliot-Marieren eserlekuan den Daniel Poulouk dimisioa emango duela.Eragina badu oraindik RPRko buru izandakoak; kostata altxatuko du burua, ordea, altxatzen badu.
Bizitza luzeko ministroaren erortzea
Sarkozy presidenteak ez du aipatu ere egin gobernu eraberrituaren aurkezpenean. Atzerri ministerioa galduta, Donibane Lohizuneko alkatetza eta diputatu kargua gutxitxo dira Michele Alliot-Marierentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu