Lurretik kanpo bizitzarik baden argitzeko ikerketek bi arretagune nagusi dituzte, gaur gaurkoz, eguzki sisteman: Jupiterren Europa eta Saturnoren Entzelado ilargiak. Azken horretan, molekula organiko konplexuak atzeman dituztela jakinarazi du AEBetako SwRI Hego Ekialdeko Ikerketa Institutuak, eta, adierazi dutenez, aurkikuntza horrek islatzen du Entzeladok ezagutzen dugun bizitza eredurako oinarrizko baldintzak betetzen dituela. Hala azaldu dute Nature zientzia aldizkarian argitaratu duten artikuluan.
Zientzialarien esanetan, deigarria da karbonoan oinarritutako molekula organiko horien konplexutasuna. "Entzeladok geroz eta gehiago harritzen gaitu. Orain arte, molekula organiko soilagoak aurkitu ditugu, karbono atomo gutxi batzuk, baina hori bera oso enigmatikoa zen". Aurkitu dituzten molekulek 200 unitateko masa atomikoa dute.
Entzelado 500 kilometroko diametroa duen satelite bat da, eta izotz geruza batek estaltzen du. Geruza horren pitzaduretatik izotz eta lurrin zutabeak isurtzen ditu abiadura handian, eta "luma" horien arrastoak jaso zituen Cassini sateliteak, Saturnon desagertu aurretik —iazko irailaren 15ean desagertu zen—. Zientzialariek Cassiniren hauts kosmiko aztertzailea eta espektrometroa erabili dituzte aurkikuntza honetarako. "Zuhurrak izan behar dugu, baina hunkigarria da Entzeladon molekula organikoen sintesi biologikoa posible dela pentsatzea".
Molekula horien jatorria satelitearen gainazalaren azpiko ur ozeanoan egon daitekeela uste dute zientzialariek. Ur epel horren eta satelitearen harkaitz nukleoaren arteko erreakzio kimikoak molekulen sorrerarekin lotuta daude, ikerlarien iritziz.
Molekula organiko konplexuen aurkikuntzak garrantzia handia du, zientzialarien esanetan. Etorkizunean satelite berri batek Entzeladoren zutabeetako bat zeharkatu ahalko lukeelako, eta erresoluzio handiko espektrometro batekin molekula horiek nola eginda dauden argitzea posible litzatekeelako.