SERIEA. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (I). Bizkaia

Bizkaia: euskaldunak ere, erosoago erdaraz

2017an, inkesta soziolinguistikoaren eta kale neurketaren datuen herrialdekako azterketa egin zuen BERRIAk, zenbait adituk lagunduta; sei urteren ostean, berriz egin die galdera, bilakaera aztertzeko.

Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Lehengo lepotik burua. Bizkaian, duela sei urteko ondorio bertsuak utzi dituzte bai VII. Inkesta Soziolinguistikoak, bai kaleko erabileraren neurketak. Orduko hartan marraztutako joeren segida antzeman daiteke azken datu soziolinguistikoetan: aurrera euskararen ezagutza mailan, baina trabatuta erabilerari dagokionez. Ez dira aldatu aurrera begirako erronka nagusiak ere: adituek uste dute ezinbestekoa dela «baldintza egokiak» bermatzea euskara erabiltzeko, eta euskaldunen «aktibazio kolektiboa» sustatzea.

Oro har, datuok positibotzat aurkeztu dituzte erakundeek; batez ere, ezagutzari dagokionez. Agerikoa da, zenbaki absolutuei erreparatuta, inoiz baino euskaldun gehiago daudela Bizkaian; euskaldun hartzaileen kopurua ere nabarmen handitu dela, batez ere, gazteen artean; eta euskararen aldeko jarrera nagusi dela. Deabrua, baina, xehetasunetan ei dago, eta, azterlanen letra txikiari erreparatuta, kezkarako motibo batzuk azaleratu dira.

Ezagutza eta gaitasuna

Hirutik bat, euskaldunak

Goranzko joerari eusten dio euskararen ezagutzak Bizkaian. 1991. urtean, seitik batek zekien; 2011n, lautik batek; eta 2021ean, berriz —ordukoak dira azken datuak—, ia hirutik bat dira euskaldunak: %30,6. Horiez gain, euskaldun hartzaile edo hiztun pasiboen multzoa ere handitu da, %19raino. Horren ondorioz, erdaldun elebakarren pisua gero eta txikiagoa da: lautik hiru ziren 1991n, eta, orain, herritarren erdiak dira.

Datuei adin tarteka erreparatuz gero, gainera, argi dago euskararen aurrerabidea gazteen eskutik datorrela: 34 urtetik beherakoen multzoan, lau bider handitu da elebidunen proportzioa azken hiru hamarkadetan: 16-24 urte artekoen artean, bostetik bat ere ez zen euskalduna 1991n (%17,8); gaur egun, gazteen ia hiru laurden dira (%72,1). 25-34 urte arteko taldean, berriz, zazpitik batek zekien euskaraz garai hartan (%12,4), eta, orain, erdiak dira elebidunak (%49,1). Euskaldunen pisua handitu egin da gainerako adin taldeetan ere, 65 urtetik gorakoetan izan ezik. Hori da salbuespena. Hamar puntu jaitsi da ezagutza multzo horretan: 1991n haiena zen talde euskaldunena —%26,2 euskaldunak ziren—, eta orain, aldiz, erdaldunena —%15,7k dakite euskaraz—.

«Joera argi bat marrazten dute datuek», laburbildu du Txerra Rodriguez soziolinguistak. «Ikerketa hauek uzten diguten argazki orokorra azken urteotako parametroetan kokatzen da, eta datuak, hobeak izanagatik, aurreko inkestek esanikoa berresten dute, ezusteko handirik gabe».

Argazki orokorrari hurbilagotik begiratuta, baina, ñabardurak eta argi-ilunak azaleratzen dira. Hala, Rodriguezek nabarmendu du ezagutzak gora egin arren, euskaldunen gaitasun erlatiboak apaltzeko joera hartu duela. Duela 30 urte, hiru euskaldunetik bat errazago aritzen zen euskaraz; orain, bostetik bat. Gehiengoa erdaraz erosoago, beraz. «Bizkaian, herritarren %30 euskaldunak dira, baina horien erdiek baino gehiagok aitortzen dute errazago aritzen direla gaztelaniaz, euskaraz baino. Euskaraz erraztasun handiagoa duten elebidunak %20 dira». Gazte euskaldunen artean, are nabariagoa da fenomeno hori, seitik lauk baitiote erdaraz aiseago aritzen direla.

Euskaldunen gaitasunean eragiten duen beste faktore bat bizitokia da, eta VII. Inkesta Soziolinguistikoak horretan antzeman du joera aldaketa nabarmenetako bat ere: elebidun gehienak jada ez dira bizi gune soziolinguistiko euskaldunetan, duela 30 urte gertatzen zen moduan. Orain, eremu erdaldunetan bizi dira gehienak: «Euskaldun gehiago bizi dira 1. eta 2. eremu soziolinguistikoetan, erdal girokoak diren horietan, 3. eta 4. guneetan baino», azaldu du Rodriguezek. Haren irudiko, eremu erdaldunetan bizitzeak eta euskaraz aritzeko erraztasunik ezak eragina dute erabileran: «Elkar elikatzen duten faktoreak dira. Zuk ezin duzu hizkuntza bat menperatu, erabiltzen ez baduzu; eta alderantziz, ez duzu hizkuntza bat erabiliko, behar bezala ezagutzen ez baduzu. Gurpil zoro horretan sartuta gaude, eta azken urte hauetan ez gara larregi mugitu».

Transmisioa

Itoginak familia barruan

EAEko biztanleen laurdenek jaso dute euskara etxean —%18,4k euskara soilik jaso dute, eta %6,5ek euskara eta erdara—; gainerakoak (%75,1) erdaldun elebakarrak ziren eskolatze adinera iristean. Adinari erreparatuta, 16-24 urte bitarteko gazteek dute euskara etxean jaso dutenen ehunekorik handiena: %24,1ek jaso dute euskara soilik, eta %13,8k euskara eta erdara, biak.

Familia bidezko transmisio horri xeheago begiratuta, baina, kezkarako motiboak antzeman ditu Rodriguezek: «Gurasoetako bat bakarrik euskalduna den familien artean, %54k transmititzen dute euskara; gainerako kasuetan, erdara baino ez dute jasotzen haurrek». 35-64 eta 16-34 urte arteko adin multzoetan, berriz, are txikiagoa da ehunekoa. Gainera, guraso biak euskaldunak izateak ez du erabat bermatzen euskararen transmisio egokia. «Guraso biak euskaldunak izanda ere, biek lehen hizkuntzatzat erdara baldin badute, %29k gaztelania soilik transmititzen dute, eta %36k, berriz, euskara eta erdara».

«Guraso biak euskaldunak izanda ere, lehen hizkuntza erdara badute, %29k erdara soilik transmitituko diete haurrei».

TXERRA RODRIGUEZ Soziolinguista

Soziolinguistaren ustez, «alarma batzuk piztu beharko lituzke» datu horrek: «Hizkuntza baten erabilera baldintzatzen duten faktoreetako bat da erraztasuna, hizkuntza hori natural hitz egitea, eta erraztasun hori lortzeko biderik zuzenena familia da; hortaz, kezka dut ez ote garen ari zenbait aukera alferrik galtzen».

Erabilera

Jauzi egin ezinik

Euskararen erabileran, igoera apal bat antzeman dute bai inkesta soziolinguistikoak, bai kaleko erabileraren neurketak. Bietan ala bietan, baina, hazkundea oso txikia da —%1,5ekoa inkestaren kasuan eta %0,6koa kale neurketan—, eta, azken hamarkadetako bilakaerari erreparatuta, duela 30 urteko parametro bertsuetan dago oraindik ere.

Kaleko erabileraren neurketari dagokionez, elkarrizketen %9,4 entzun dituzte euskaraz Bizkaian. 1989an neurketa hori egiten hasi zirenean, ez ziren askoz gutxiago ere: kalean entzundakoen %8,1. Ordutik, ehunekoak beti ibili dira %10aren inguruan, langa horretatik gehiegi aldendu gabe. Adinari erreparatuta, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak: seitik batek egiten du euskaraz kalean. Gazteen eta helduen taldeetan, askoz apalagoa da kopurua —%7,9 eta %8,5, hurrenez hurren—; eta, esparru horretan ere, adinekoen multzoa da erdaldunena: %6,7k egiten dute euskaraz.

Inkesta soziolinguistikoa, berriz, ez da kalean entzundako solasen laginetan oinarritzen, galdetegia erantzun dutenen adierazpenetan baizik. Hori dela eta, datuak bestelakoak dira, antzeko panorama marraztu arren. Inkestaren arabera, Bizkaian %14,5 dira euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenak, eta, berriz ere, gazteak dira gehien hitz egiten dutenak: bostetik batek egiten du euskaraz trinko.

«Euskararen erabilera trabatuta dago, baina, baldintza materialak aldatu ezean, zaila izango da datuak hobetzea».

TXERRA RODRIGUEZSoziolinguista

Bestalde, inkestan nabarmendu dute 1991z geroztik erabilerak gora egin duela lehenengo hiru gune soziolinguistikoetan, eta behera, berriz, laugarren gunean. Eremu euskaldunenean, alegia. Rodriguezen ustez, horrek ere ematen du gogoetarako aukera. «Euskararen erabilera trabatuta dago, eta faktore asko dira kontuan hartzekoak: euskaldun gehienak 1. eta 2. eremu soziolinguistikoetan bizi garela, elebidun gehienek erraztasun handiagoa dutela gaztelaniaz euskaraz baino; gero eta gehiago direla etxetik kanpo euskaldundutakoak... Hori guztia aintzat hartuta, seguruenik ezinezkoa izango da egungo erabilera datuak asko hobetzea».

Erabileran jauzi hori egiteko, «zenbait baldintza material aldatu» beharko liratekeela uste du soziolinguistikan adituak: «Pertsona batek ez du sekula izango hizkuntza baten ezagutza osoa, ez baldin badu hizkuntza hori era naturalean erabiltzen, gutxienez, bere bizitzako esparruren batean: lagunekin, gurasoekin, eskolan edo lankideekin... Horietako bakar batean ere ez badu erabiltzen, ezagutza izango du, bai, baina faltako zaizkio gaitasuna, maila eta erraztasuna. Euria ari duenean guardasola etxean edukitzea da hori». Horretarako, baliabideak jarri eta «trabak kendu» behar direla gaineratu du Rodriguezek: «Behatokiaren urteroko txostena irakurri besterik ez dago, euskaldunok egunero sufritzen ditugun trabak ikusteko».

Jarrerak

Aktibazio kolektiboa aldarri

Euskara bultzatzearen aldeko jarrera dute bizkaitar gehienek. Ia hirutik bi azaldu dira alde, 1991n baino zortzi puntu gehiago. Aurkakotasuna, berriz, inoiz baino txikiagoa da, ez baita %8ra iristen. Hori dela eta, zenbait erronka planteatu ditu Rodriguezek. «Euskararen iruditeria sozialean eragin behar dugu: euskara jakiteak plus bat dakar, baina euskara erabiltzeak, aldiz, ez». Halako egoerak gainditzeko, euskaldunen «aktibazio kolektiboa» ere galdegin du: «Euskararen prestigioa txikia den tokietan, oso zaila da norbanakoek beren burua aktibatzea, zigor sozial bat jasan barik. Horregatik, ariketa kolektiboak behar dira, keinu indibidualez harago».

Erabilera, koska bat gorago bilbon

Bilbok duen pisu demografiko handiagatik —bizkaitarren herenak bizi dira hiriburuan—, hango ikerketa soziolinguistikoen emaitzak Bizkaikoen isla izan ohi dira. Herrialdeko datuak baino apur bat apalagoak dira hiriburukoak, hala ere.

 Eustatek 2 urtetik gorako biztanleak aintzat hartuta eginiko estatistikaren arabera, Bilbon 103.631 euskaldun bizi dira (biztanleen %30 inguru). 66.172 dira euskara ulertu bai baina hitz egiten ez dutenak. Biztanleen erdiak, azkenik, erdaldun elebakarrak dira: 168.382. Kale erabileraren neurketan ere hobekuntza txikia nabari da: 2016ko azterlanean, solasaldien %2,5 entzun zituzten euskaraz; 2021ekoan, berriz, %3,5. Nolanahi ere, euskara bazterrekoa da oraindik ere Bilbon. Gaztelania eta frantsesa ez diren beste erdara batzuk erabiltzen dira euskara baino gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.