Bilbo
Eusko Jaurlaritzako Gazteen Euskal Behatokiak gazteen inguruko begirada soziodemografikoa egin du, eta, txostenak dioenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleria gero eta zaharragoa da. Txostenak, laburbilduz, honako ondorio hauek utzi ditu: biztanleria zahartuz doa, geroz eta gazte gutxiago dago, jaiotza eta ugaltze tasak baxuak dira, eta gizonezkoen hilkortasun tasak gizartea «femenizatzea» ekarri du.
Gainera, 1981etik ez da hazkunderik izan, eta gaur egun 1981ean baino askoz gazte gutxiago dago. Hala azaldu zuen Xabier Sanchez Gazteria eta Gizarte ekintzarako zuzendariak. «Duela 25 urte, 26,9 adin nagusiko zeuden 19 urte bitarteko 100 gazte zeuden lekuan. Orain, 20 urtetik beherako 100 pertsonako 110,1 adin nagusiko daude».
Hiru lurraldeetan beherakada «bortitza» izan da, eta, ondorioz,orain gazteen portzentaia hiru lurraldeetako biztanleria osoaren %18,6 da. 15 eta 29 urte bitartekoen pertsona kopurua jaistea «fenomeno orokorra» izan dela esan zuen, eta arazoak aurreikusi zituen. «Horrek pentsioen sistema publikoaren oinarri den belaunaldien arteko elkartasuna auzitan jarri ez ezik, osasun sisteman ere eragina izango duela uste dugu».
ONDORIOAK ETA BIZI-ITXAROPENA. Gazte kopurua txikiagotzeak epe luzera hainbat ondorio sozioekonomiko ekarriko dituela adierazi zuen Sanchezek. «Martxa honetan, hezkuntza sistema eraldatu beharra izango dugu, testuinguru globalizatu berrira moldatzeko. Izan ere, biztanleria aktiboa gutxituko da eta seme-alabak dituzten familietako etxeetan izan ohi diren ondasun eta zerbitzuen kontsumoak gutxituko dira». Bakarne Zuazua Kultura Saileko Gazteen Euskal Behatokiaren arduradunaren aburuz, horrela jarraituz gero, 20 urteren buruan bi pertsona aktiboko paratu bat izango da. «Hau ezinezkoa da; ezin dugu horrela funtzionatu».
Emakumezkoen bizi-itxaropena gizonezkoena baino handiagoa dela eta heriotza tasa adin guztietan jaitsi bada ere, gizonezkoei gehiago eragiten diela adierazi zuten. Emakumezkoak gehiago dira hiru lurraldeetan, eta horrek gizartea feminizatzea ekarriko duela esan zuen Sanchezek. 2005ean, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, 100 emakumeko 96 gizon zeuden.
Halaber, jaiotza eta ugalkortasun tasak «oso apalak» direla aipatu zuten. Emakume bakoitzak 1,18 seme-alaba izaten ditu. «Ugaltze-muga emakumeko 2,1 seme-alaba izaten da normalean, eta gu askoz beherago gaude». Ama izateko batez besteko adina ere atzeratu egin da. «1981ean batez beste, ama izateko adina 28,6 urtekoa zen eta 2004an 32,4 urtekoa».
ETORKINEK ERAGINA DUTE. Azken urte hauetan, dena dela, populazioaren zahartzea «pixka bat moteldu» bada hori etorkinengatik izan dela azaldu zuen Zuazuak. «Erroldatuta dauden atzerritarrak populazio osoaren %3,4 baino ez badira ere, %33,3 gazteak dira». Etorkin gehienak gazteak eta emakumezkoak dira.
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bizirik jaio diren haur guztietatik %6, 6k ama atzerritarra dutela azaldu zuten.
LANAREN BIGARREN ZATIA. Atzo aurkeztu zuten txostenak gazteen gai soziodemografikoak aztertzen zituen soilik. Dena dela, badu bigarren zati bat ere, hau da, gai sozioekonomikoak jasotzen dituena. Txostena Euskadiko gazteen panoramika: adierazle nagusien azterketa izena du. Momentuz gai soziodemografikoak eman dituzte argitara eta gai sozioekonomikoei dagokien informazioa hurrengo atalean aurkeztuko dutela iragarri zutean.
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ez da hazkunde demografikorik izan 1981etik
Gazteak biztanleria osoaren %18,6 baino ez dira, eta horrek arazoak eragingo dituela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu