Bizkaiko Abokatuen Elkartearen ustez, Egunkaria-ren itxiera "ez zen legezkoa, justua eta konstituzionala izan", eta bost auzipetuen absoluzioa eta kalte-ordainak eskatu ditu. "Auzitegiak eman beharko lukeen epai bakarra, absoluzioa da. Euskarazko kazetaren itxierak "kalte larri-larriak" eragin zituela dio, eta kalte-ordainak egon beharko liratekeela orain.
Nazario Oleada elkarteko dekanoa eta Gontzal Aizpurua zuzendaritzako kidea Madrilen izango dira datorren astean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketako saioan. "Auzipetuekiko elkartasuna adierazi nahi dugu", esan du elkarteak gaur, prentsa oharrean. Astelehenean izango da Egunkaria-ren kontrako epaiketako hurrengo saioa, eta asteartean segituko dute; abenduaren 15ean eta 16an eta urtarrilaren 12an egin zituzten aurrekoak.
2003ko otsailean itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, eta Bizkaiko Abokatuen Elkarteak orduan ere salatu zuen erabakia.
Espainiako Fiskaltzak bere garaian auziaren artxiboa eskatu zuela diote Bizkaiko abokatuek, "eta auzibidea orduan itxi beharko zuketen, behin betiko".
TV3ko zuzendariarekin bildu da gaur Martxelo Otamendi
Martxelo Otamendi Egunkaria-ko auzipetuak Herrialde Katalanetan segitzen du auzia azaltzen, eta gaur Monica Terribas TV3ko zuzendariarekin bildu da, Bartzelonan. Atzo elkarrizketa egin zioten TV3n bertan, Els matins saio ezagunean.
Gaur, Kataluniako telebista publikoan egon ondoren, Vilaweb-en izan da Otamendi, eta irakurleek elkarrizketa digitala egin diote.
Gauean Gironan izango da, mahainguruan August Gil Matamala, Gemma Calvet eta David Fernandezekin. Kultur etxean izango da ekitaldia, 20:00etan.
egunkaria auzia
Bizkaiko Abokatuen Elkarteak 'Egunkaria auzia'-n absoluzioa eta kalte-ordainak eskatu ditu
Euskarazko kazetaren itxiera "ez zen legezkoa, justua eta konstituzionala izan". Elkarteko bi kide asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalean izango dira, epaiketako saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu