Bizkaiko Aldundiak 123 milioi gutxiago izango ditu 2013an

Murrizketak izango dira sail guztietan, nabarmenak Kulturan, Ingurumenean, Ekonomia Sustapenean eta Herri LanetanLangile publikoen soldatak izoztu nahi dituzte, eta ez dute zor publikorik jaulkiko

Bilbo
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiak iaz baino diru gutxiago izango du gastatzeko 2013an. Baita Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia aurreko urteetako bidean ziaboga eman eta zerga erreforma bat bultzatzeko prest badago ere. Aurrekontu osoan jaitsiera %4,3 izango da, ia 295 milioi euro; foru aldundiko sailek gastatu ahal izango dutenean murrizketa %10,3 izango da, 119 milioi euro; eta sailen aurrekontuetan langileen gastuak aintzat hartuz gero, 123 milioi euro gutxiago izango dira. Datorren urtean, soldatak izoztuko dizkiete 4.000 langile publikoei.

Jose Luis Bilbaok atzo aurkeztu zuen datorren urterako aurrekontuen proiektua, «doikuntzak egiteko aurrekontua», azken hamarkadako «egoera zailenari» aurre egiteko. Orain, gainerako alderdiekin negoziatu beharko du, Batzar Nagusietan onartzeko.

Sail guztietan izango dira jaitsierak. Handienak, %25 ingurukoak, Kulturan, Ogasunean, Lehendakaritzan eta Ingurumenean. Kulturako jaitsiera erreala %11,5 izango da. Gizarte Ekintzako aurrekontuetan ere izango da jaitsiera, %2,7. Foru Aldundiak gehitu du jaitsiera erreala %0,02 izango dela. Gizarte ekintzan gastatuko dituzte hamar eurotik lau baino gehiago; azpiegituretan eta garraioan, berriz, hamar eurotik ia hiru.

Agintariek murrizketak aurkezteko egin ohi duten moduan, Bilbaok ere neurriak «beharrezkoak» direla esan zuen. Horietako batzuk zehaztu zituen: foru aldundiak ez ditu osatuko Espainiako Gobernuak mendekotasuna dutenak etxean zaintzeko laguntzetan egin dituen murrizketak; Adineko, edadetuentzako bidaia plana, eten egingo du aldi baterako; kirol profesionalei zuzenduriko laguntzak kendu egingo dituzte, sei milioi euro inguru —Athletici, 2,5; Bilbao Basketi, 1,9, eta Euskalteli, 1,2—; % 45 murriztuko dira lankidetzarako eta aukera berdintasunerako programen laguntzak; eta aldundiaren telebista korporatiboa kendu egingo dute. Foru Aldundiak eutsi egingo dio San Mames Barria eraikitzeko 7,6 milioi euroko inbertsioari.

Doikuntza handiak egingo dituztela aitortu behar izan zuen Bilbaok; aurrekontua «gogorra» dela esan zuen, eta «lehentasunak ezartzeko garaia» dela. Atzo aurkeztutako aurrekontuarekin bost lehentasun nagusi izango dituzte: gizarte ekintzari eustea; enplegua bilatzea eta sortzea; oinarrizko zerbitzu publikoei eustea; martxan dauden inbertsioak mantentzea; eta aurrekontuak egonkortzea, zorpetzea areagotu gabe.

Egoera zaila da. Zerga bilketa jaitsi egin da, eta 2013an ere aurten baino %2,3 gutxiago biltzea espero dute. Ez dute zor publiko gehiago jaulkiko. Horrez gain, Espainiako Ogasunari ordaindu beharreko kupoak igoera nabarmena izango du: %81,2koa. Datorren urtean 406 milioi bideratuko dituzte, iaz 224, «Espainiako diru bilketa aurreikuspenetan ere igoera hori izango duelako». Tasa eta prezio publikoak eguneratu egingo dituzte, %2igoz.

Gabonetako ordainsaria

Langile publikoei soldata izoztu egingo diete, baina Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du jakinarazi ea langile publikoei Gabonetako ordainsaria ordainduko dieten edo ez. Espainiak ez ordaintzeko agindu du. Gipuzkoak ordaindu egingo du; Arabak, ez; eta Nafarroak datorren urteko udakoa urte hasierara aurreratuko du. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak gaur bilduko dira, gaiari buruz eztabaidatzeko. Bizkaikoak, Bilbaoren esanetan, «datozen egunetan» jakinaraziko du.

Bizkaiak aurrekontuetan langile publikoentzako hamalau ordain aurreikusi ditu. Langileen gastua aurten baino %2,1 txikiagoa izango da 2013an. Hala ere, Bilbaok ziurtatu zuen ez dutela inor kaleratuko.

Aurrekontua ez dute onartu ahal izango 2013a hasterako. Urtarrilean izan beharko du. Finantzen Euskal Kontseiluaren urriko bilera atzeratzeak aurrekontuen prozesua atzeratu egin du. Orain, alderdiekin negoziatu beharko du EAJk. Iazko aurrekontuak PPren babesari esker onartu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.