Politika

Bizkaiko eta Arabako EAk ez dute EAJrekin koalizioa osatu nahi

Bizkaiko eta Arabako EAko zuzendaritza batzordeek ez dute 2007ko udal eta foru hauteskundeetara EAJrekin koalizioa osatuz aurkeztu nahi. Antza denez, horixe jakinarazi diote Bizkaiko eta Arabako batzordeek EAko zuzendaritza nagusiari. Behin betiko erabakia, alderdiko Batzorde Nazionalak hartuko du irailaren hasieran.

2006ko uztailaren 24a
16:55
Entzun
Eitb24.com webguneak zabaldutako informazioaren arabera, Begoña Erraztik zuzentzen duen alderdiko zuzendaritza nagusiak eman du Bizkaiko eta Arabako batzordeen iritziaren berri.

Aipatu webguneak emandako datuen arabera, Bizkaiko eta Arabako batzordeek "babes handiarekin" egin dute koalizioa ez osatzearen alde: antza denez, %80 EA bera bakarrik aurkeztearen alde dago. Eitb24.com webguneak zehazten duenez, EAk Araban duen ordezkaritzak ekainaren 26an egin zuen bozketa eta Bizkaikoak, berriz,uztailaren 4ean. Ondoren, erabakiaren berri eman zioten zuzendaritzari.

Bizkaiko eta Arabako zuzendaritzen arabera, eitb24.com-ek zehazten duenez, egungo egoera kontuan hartuta, "ez dago koalizioa osatzeko arrazoirik". Hori dela-eta, uste dute alderdiak hauteskundeetan neurtu beharko lukeela "bere indarra", hots, "estatusa edota postuak mantentzeko interesak" albo batera utzita.

Gipuzkoako EA, aldiz, ez da iritzi berekoa. Aurrekoetan egin bezala, oraingoan ere koalizioa osatzearen alde agertu da. Besteak beste, Joseba Azkarraga eta Javier Caño daude EAJrekin batera hauteskundeetara agertzearen alde, eitb24.com-en arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.