Zeharo nahasita dago giroa Bizkaiko garraio zerbitzuan. Izan ere, 2010etik Bilboko Metroko langileek eta zuzendaritzak duten gatazkari azken hilabeteotan Bilbobus eta Euskotrenen suertatu direnak gehitu behar zaizkio. Jarrera kontrajarriak nagusitu dira, eta, oraingoz, alde bakoitzak bereari eusten dio.
Hala, atzokoa lanuzte eguna izan zen Bilbobusen eta Euskotrenen. Bilboko hiri autobusen kasuan, martxoaren 29a bitartean egunero egingo dituzte lanuzteak, 07:30etik 11:00etara goizez eta16:30etik 20:30era arratsaldez.
Euskotrenen, berriz, 09:00etatik 11:00era eta 17:00tik 19:00era egin zuten geldialdia. Mobilizazioak hasi dituzte tren konpainiako langileek. Hala, gaur Eusko Legebiltzarraren parean elkarretaratzea egingo dute eguerdian, eta bigarren lanuzte eguna apirilaren 16an egingo dute, atzoko ordu berberetan.
Euskotreneko grebaren erantzunaren inguruan datu kontrajarriak eman zituzten sindikatuek eta enpresak. Langileek diote erantzuna %90ekoa izan dela; enpresaren esanetan, ostera, eguneroko zerbitzuen%55 bete dira. Haatik, Bilbobusen langile guztiek egin dute greba: hala adierazi dute sindikatuek zein Veoliak. Bi kasuetan, %30ean zehaztuta zeuden gutxieneko zerbitzuak, eta bi kasuetan inolako istilu nabarmenik gabe bete dira.
Euskotreneko sindikatuek «kudeaketa txarra» egitea egozten diete enpresako arduradunei. Haien esanetan, langileei «soiltasuna» eskatzen zaien bitartean, Eusko Jaurlaritzak izendatutako zuzendaritza batzordeak «diru publikoa xahutzen du goi karguak emendatuz». Zehazki, bi urtean hogei kargu berri sortzea leporatzen diote Javier Cruzen zuzendaritzari. Santurtziko (Bizkaia) alkatea izan zen Cruz.
Horrez gain, enpresak beste zerbitzu batzuk bere gain hartzean langile kopurua ez handitzeak asaldatu ditu sindikatuak. Izan ere, Bilboko tranbiak Basurtutik Casilla plazara doan linea irekiko du hemendik gutxira, eta ibilbide hori betetzeko bi gidari gehiago kontratatzeari ezetza eman zion Euskotrenek, lanuzteak deitu dituen batzorde iraunkorraren arabera. Gidari gehiago behar direla azaldu dute.
Bukatzeko, konpainiaren irudi korporatiboa berritzeko asmoaren kontra agertu dira sindikatuak. Horrek tren eta geltoki guztietako kartelak aldatzea eragingo luke, «beharrezkoa ez den gastu bat».
Euskotrenek, berriz, «gezurtatu» egin ditu sindikatuen baieztapenak. Enpresaren ustez, batzorde iraunkorrak lanuztera deitzeko erabili dituen argudioak «faltsuak» dira. Diru publikoaren erabileraren aldetik, konpainiaren jardun ekonomikoak hiru kontrol erakunderen oniritzia jaso behar duela gogoratu du zuzendaritzak —EAEko Kontuen Epaitegiarena, Jaurlaritzako Ekonomiaren Kontrolerako Bulegoarena eta kontu ikuskatzaile independente batena—.
Enpresak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, «erakunde horietako batek ere ez du inolako desadostasunik erakutsi Euskotrenek azken urteetan egindako kudeaketa ekonomikoarekin. Hala, egin duten kudeaketa defendatu dute.
Azkenik, soldatek 2009ko mailari «eutsi» diotela eta 2010ean lantaldean sortutako hutsuneak betetzeko egin zen akordioa «bete» duela gaineratu du Euskotrenek. Horrenbestez, ez dute arazorik ikusten langileek greba egiteko.
Lanuztea bileraren atarian
Bilbobusen kasuan, gaur bilera egingo dute enpresak eta langileek. Bileren inguruko ika-mika garratza izan da autobusen lan gatazkan, sindikatuek joan den otsailaren 13tik bildu nahi ez izatea leporatu baitiote enpresari. Veoliak, berriz, langile batzordeak esandakoak ukatu ditu: haren esanetan, otsailaren 20an, 23an eta 27an batzartu ziren bi aldeak. Enpresaren ustez, sindikatuak «gehiegizko» soldata igoerak eskatzen ari dira, eta greba «neurrigabekoa» da.
Besteak beste, autobusen mantentze lanez kexu dira sindikatuak. ESK-k jakinarazi duenez, «21 urteko autobusak dabiltza Bilbon, legeak araututako antzinakotasuna gainditzen dutela». Bilboko Bilduk, berriz, enpresa «birpublifikatzeko» eskatu dio udalari.
Bestalde, Bilboko Metroko greba batzordeak manifestaziora deitu du martxoaren 24rako. LAB sindikatuarentzat argi dago Metroko zuzendaritzak «etengabe» urratu dituela tren gidarien eta geltoki ikuskatzaileen lantaldea osatzeko2010eko urrian eta 2011ko uztailean sinatutako akordioak.
LABek gogoratu duenez, langileek 100 lanuzte ordu inguru daramatzate. Gatazka hezurmamitzen duten puntuei «osorik eta errotik» heltzeko eskatu dio zuzendaritzari. Beharrezkoa iruditzen zaie hori.
Bost dira LABen eskariak: lantaldea «osatzea», 2012ko tren zerbitzuan txanda aldaketak egotea, mantentze alorra berregituratzea, 2012ko Gabon Gaueko zerbitzua adostea eta lege-zaintzako lanaldi murrizketen ondoriozko hutsuneak betetzea.
Bizkaiko garraioa geratu dute protestek
Euskotrenen zein Bilbobusen lanuzteak izan dira, eta Metroan manifestaziora deitu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu