Bizkaiko udal batzuek «hondartza dinamikoak» ezarri dituzte

Plentzian, Isuntzan, Areetan, Lagan, Laidan eta Ean, oraingoz, ezingo da eserita edo etzanda egon eguzkia hartzeko. Barrikako, Getxoko eta Sopelako udalek herri horietako hondartzetarako sarbideak kontrolatuko dituzte. Araban, prestatzen ari dira Garaioko eta Landako lakuak irekitzeko, ekainaren 13an.

Plentziako hondartza, asteazkenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
mikel p ansa
2020ko maiatzaren 28a
20:32
Entzun

Bizkaiko udal bakoitza bere neurriak hartzen ari da hondartzen denboraldirako. Udal batzuek ezinezkotzat jo dute agindutako kontrol eta segurtasun neurriak ezarri ahal izatea, eta, horren aurrean, etzanda egotea debekatzea erabaki dute oraingoz.

Muskiz eta Zierbenako Udalak, adibidez, hala erabaki du Areetarako. «Hondartza dinamikoak» izango dira, Lapurdikoak bezalakoak, ekainaren 15era arte gutxienez. Paseatu, bainatu edo kirola egin ahalko da, baina egonean egon, ez.

Ibarrangeluko eta Eako udalek ere gauza bera erabaki dute Laidako, Lagako eta Eako hondartzetarako. Nahi dute jendea mugimenduan egotea, hondartzetan pilaketak saihesteko. Bainatu ostean tarte labur batez eguzkitan lehortzen egotea baimenduko dute horietan.

Eta ostiral honetan Lekeitioko eta Plentziako udalek ere «hondartza dinamikoen» aldeko erabakiak hartu dituzte beren udalerrietan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere aholku hori eman du gaur.

Ekainaren 15ean da hastekoa hondartzen denboraldia Bizkaian. Ordura arte, beraz, hareatan ohikoak diren zerbitzuak ez dira egongo: ez garbiketa, ez sorosleak. Egun horretatik aurrera hasiko dute denboraldi ofiziala, eta orduan hasiko dira zerbitzu horiek ematen eta Bizkaiko gainerako hondartzentzat adostutako neurriak ezartzen.

Getxoko Udalak, berriz, jakinarazi du ekainaren 15 arte kontrolatu egingo duela hondartzetarako sarbidea, edukiera gainditu ez dezaten. Areetako, Ereagako, Arrigunagako eta Gorrondoatxako hondartzetan ezarriko dituzte sarbidea kontrolatzeko neurriak, seinaleekin eta korridoreekin. Edukiera gainditzeko eta jende pilaketarik izateko arriskua ikusiz gero, itxi egingo dituzte sarbide horiek.

Getxoko Udalak, bestela, Bizkaiko udalek eta diputazioak adostutako neurriak jaso ditu. Ezingo da hareatan kirolik egin, eta hondartzan gehienez ere hiru orduz egotea aholkatuko diete. Estalperik, aulkirik, koltxonetarik eta gisakorik ez eramateko ere eskatuko diete erabiltzaileei, ahal den neurrian. Eta gehienez ere hamabost lagun arteko taldeek egon ahalko dute elkarrekin; elkarrekin bizi ez direnak baldin badira, maskarak jantzi beharko dituzte, eta distantzia fisikoa gorde.

Sopelako Udalak ere Getxokoaren antzeko jokabidea hartu du, eta Barinatxako eta Arrietarako hondartzen alboko aparkalekuen zati bat itxiko dituztela jakinarazi du, bertan jende gutxiago pilatu dadin; Atxabiribilgo aparkalekua, berriz, erabat itxiko dute. Bihar ezarriko dute neurria; egoeraren arabera, murrizpen horiek kentzeko edo aldatzeko aukera izango dela erantsi du, dena den.

Eta Barrikako Udalak ere antzeko aginduak eman ditu Muriolako hondartzarako. Kontrolatu egingo ditu sarbideak, pilaketak saihesteko.

Barrikako Udalak, berriz, ohartarazi du hondartza itxi egingo duela segurtasun baldintzak ez direla betetzen ikusten badu.

Ondarroako Udalak, berriz, Arrigorriko hondartzako iturriak itxi ditu uztailaren 1a arte, kutsatzeak saihesteko.

Donostiako Udaleko Leku Publikoen zinegotzi Marisol Garmendiak «erantzukizuna» eskatu die Kontxako hondartzara joaten direnei.: «Ezin dugu udaltzain bat jarri toalla bakoitzaren aldamenean». Marea goian dagoenean hondartzara ez sartzeko eskatu die.

Arabako lakuak ere, prestatzen

Garaioko eta Landako lakuak, Zadorra inguruan, herritarrei irekitzeko aginduak eman ditu Arabako Foru Aldundiak. Ekainaren 13an hasiko da denboraldia, eta han ere segurtasun eta higiene neurriak hartuko dituzte. Miñoiek eta ertzainek zainduko dute distantzia fisikoa gordetzen dutela herritarrek.

Garaioko aparkalekuaren erdia bakarrik irekiko dute, pilaketarik gerta ez dadin, eta gogorarazi dute aparkalekuetatik kanpo autoa uztea legez kontrakoa dela.

Iturriak itxita egongo dira, eta sorosleak ekainaren 13an hasiko dira lanean. Asteburu honetan dutxak eta bizikleta mailegatzeko zerbitzua ere itxita egongo dira.

Bainatzeko ordutegia 12:00etatik 20:00etara bitartekoa dela oroitarazi du aldundiak, eta bainu motzak hartzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.