Bizkaiko zahar etxeetako lan ituna hitzartzeko akordioa lortu dute

ELAk eta UGTk bat egin dute patronalarekin; 2012ko abendura arte iraungo du itunak

Zahar etxeetako langileen hitzarmenaren alde iaz egindako protesta. JON HERNAEZ / ARGAKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru urteko negoziazio eta tirabiren ostean, lan itunerako akordioa lortu dute Bizkaiko zahar etxeetan. ELAk eta UGTk lortu dute ituna. «Hiru urte hauetan egin ditugun eskarietako asko jasotzen dira akordioan, eta oso balorazio positiboa egiten dugu», azaldu du Jesus Mari Larramendik, ELAko ordezkariak. Soldatak igotzea, igande eta jaiegunetako ordainak hobetzea eta kaleratzeak zailtzeko neurriak hartzea jasotzen du itunak. Datozen egunetan sinatuko dute, eta 2012ko abenduraino iraungo du. Larramendik dei egin die LABi eta CCOOri akordioarekin bat egin dezaten.

4.500 langileri eragiten die lan hitzarmenak, eta horietako gehienak emakumeak dira. Soldatak kontuan hartuta, ELAk jakinarazi duenez, aurreko urteetan galdutako dirua berreskuratuko dute. Gainera, soldata taulak abiapuntu izanda, %5,34ko igoera izango dute aurten, eta %5ekoa datorren urtean. Antzinatasunari nahiz lan egindako igandeen ordainei dagokienez ere aldaketak daude. «Urteetan alor hori izoztuta egon da, eta behintzat hobekuntza bat lortu dugu». Hala, igandetan lan egiten duten orduko 1,60 euroko gehigarri bat jasoko dute aurten, eta hurrengo urtean 1,70 eurokoa. Antzinatasunari erreparatuz gero, hirurteko bakoitzeko 19 euroko gehigarria adostu dute aurtengo, eta 2012an kopuru hori 20 eurora igotzea.

Zahar etxearen jabetza aldatuz gero langileek bertan lanean jarraitu ahal izatea ere eskatzen zuten, eta akordioan hori ere jasotzen da. «Ez genuen nahi Gipuzkoan gertatzen dena errepikatzea. Lortu dugun gauza garrantzitsuenetakoa da».

Kanporatzeei dagokienez, enpresariak kaleratzea onartuz gero, kalte-ordaina 45 eguneko soldata izango da lan egindako urte bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.