Bizkaiko zahar etxeetako patronalak «ezinbestekotzat» jo du «lankidetza publiko-pribatua»

Pozik agertu da Gesca iaz sinatutako lan hitzarmenarekin. Bizkaiko egoitzetako tokien %35 kudeatzen dituzte horko enpresek.

GESCA
Gescako ordezkariak, gaur, Bilbon; Aitor Perez Artetxe bozeramailea, erdian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko otsailaren 13a
15:00
Entzun

Bizkaiko zahar etxeetan iaztik indarrean den lan hitzarmenaz aritzeko prentsaurrekoa egin du gaur Gesca patronalak. Oro har, enpresak pozik agertu dira itunarekin, «aurrez indarrean ziren eskubideak sendotu» zituelakoan, hala nola 35 orduko lanaldia eta oinarrizko soldataren igoera. «Europan, soldata piramidearen oinarrian dagoen sektorea da, gutxien kobratzen duena, baina Bizkaian ez. Helburua da 2025erako 1.800 euroko soldata gordinera [1.400 inguru garbi] iristea. Negoziazio kolektiboan hogei urtez egindako lanaren emaitza da, soldatak duintzeko borrokatu baita bertan», adierazi du Aitor Perez Artetxe bozeramaileak.

Besteak beste, Domus Vi, Caser, Urgatzi, IMQ Igurco, Sanitas eta Vitalitas enpresek osatzen dute Gesca. Bizkaiko patronal handienetako bat da, eta sektore pribatuak indar handia du lurraldean, zahar etxeen %90 pribatuak baitira: enpresek kudeatzen dituzte egoitzen %82, eta irabazi asmorik gabeko erakundeek, berriz, %8,8. 30 zahar etxe eta eguneko 22 zentro dauzkate Gescako enpresek: Bizkaiko tokien %35 inguru. Patronalak emandako datuen arabera, 12.000 leku daude lurraldeko egoitzetan, eta horietako 3.000 inguru Bizkaiko Foru Aldundiarekin itunduta dauzkate. Sare pribatuan, «3.000 euro inguruko kostua» du toki bakoitzak. «Zahar etxe pribatuetan ez dago itxaron zerrendarik; bestela da itundutako toki bat eskatzea».

Hala, eredu pribatizatu hori goratu du Perezek: «Ekinbide pribatua aldarrikatu nahi dugu: sektore honetan inbertitzeko apustua egin dugu. Lankidetza publiko-pribatua ezinbestekoa izan da eta da adinekoen premiak artatzeko, eta ezinbestekoa izango da etorkizunean ere, baby-boom belaunaldia zahartu ahala premia horiek handituko baitira». 130 milioi euro fakturatu zituzten iaz Gescako enpresek.

Lan harremanen eredu berri baterantz ere jo nahi dute. Egoitzetan, orokortzen ari dira 25 laguneko bizikidetza unitateak, eta horrek berekin dakar langileen rola aldatzea: «Zaintzaileek funtzio berriak hartu beharko dituzte». Zahar etxeei buruzko 2019ko dekretua berraztertzeak, gainera, ratioak handitzea ekar dezake; langileek hainbatetan salatutako denbora faltaz galdetuta, Perezek adierazi du egoiliarren soslaiaren arabera zehaztu behar direla ratioak: «Pertsona batek izan dezake gaitz kognitibo bat, baina agian ez du laguntzarik behar jateko edo garbitzeko; denbora kontsumo diferenteak dituzte. Funtzio horietako bakoitzean zenbat denbora behar den aztertzen ari gara, tresna objektibo bat bilatzeko eta, hala, egoitzaren modulu bakoitzean denborak dimentsionatzeko eta doitzeko. Ratioak zehazteko erreminta enpirikoak behar ditugu. Baina gai horrek nabarmen baldintzatzen ditu kostuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.