Eguneroko bizimodua bizkartzain baten itzalpean egin zuten iaz 36 emakumek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gizonezkoren baten erasoa jasateko «arrisku handiena» duten kasuetan eta emakumeek eskatuta ematen du zerbitzua Eusko Jaurlaritzak. Aurreko urtean baino hamar andre gehiagok izan zuten bizkartzaina iaz —26 ziren 2009an—. 19 andrek eskoltarekin bukatu zuten urtea.
Emakumeen aurkako indarkeriak 2010ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan utzitako arrastoaren berri eman zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zentroko zuzendari Mariola Serranoren ahoz. Hildako kopuruari erreparatuta, urte beltza izan zen iazkoa Euskal Herrian; zazpi emakume hil zituzten bikotekide ohiek edo inguruko senide gizonezkoek.
Urteko azken hilketak aldatu zituen kontuak bizkartzainen auziari dagokionean. Bikotekide ohiak labanaz hil zuen Cristina Estebanez, Barakaldon (Bizkaia). Urruntzeko agindua zuen ustezko erasotzaileak, eta emakumeak salatua zuen mehatxu egiten ziola. Harrabots handia eragin zuen hilketak, eta neurriak hartu zituen Herrizaingo Sailak: arrisku handiena duten emakumeei bizkartzaina eskaini zien. Horri zor zaio urtebetean hamar andre gehiagok izatea gizonen batengatik babesteko zerbitzua. Bizkaian izan zuten bizkartzain gehien (12); Gipuzkoan, lau emakumek izan zuten, eta Araban, hiruk.
Gizonek eraso egiteko arriskuagatik, 4.709 emakumek dute Poliziaren babes neurriren bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu larrietan, bizkartzaina ez bada, eskumuturrekoak jartzen dizkiete erasotuari edo ustezko erasotzaileari; urte amaieran, hamar pertsonak zuten gailu hori—2009an zazpi ziren—. Beste 166 emakumek, berriz, Ertzaintzak emandako sakelako telefonoa zuten, babes neurri gisara.
«Ez dago beheranzko joera»
Hildako emakumeen kopurua eta babesa dutenena handitu egin da, baina emakumeen aurkako indarkeriagatiko salaketa gutxiago batu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 4.285 kasuren berri izan zuen Ertzaintzak —aurreko urtean 4.660 jaso zituen—. 2009ko datuetan ere igarri zuten beherakada aurreko urteetako datuekiko, 2008an jo baitzuen goia salaketa kopuruak —4.717 bildu zituzten, 2002koen ia bikoitza—. Bi urteko beherakada ikusita ere, ez da fio Serrano: «Honek ez du esan nahi kasuek beheranzko joera hartu dutela. Emakume askok segitzen dute isilean sufritzen».
Beste datu argigarri batzuk ere utzi ditu urteko bilanak. Kasurako, emakumeen aurkako indarkeriagatiko salaketa gehienak jaiotzez bertako pertsonek jartzen dituzte, ez atzerritarrek—EAEko herritarrenak dira %55; Europatik kanpokoenak, %25—. Jaiegunetan izaten dira salatutako kasu gehienak, asteburuetan eta udako hilabeteetan. Eta gazteak dira erasoa jasaten dutenak eta erasotzaileak: 40 urte baino gutxiago dituzte hamarretik seik.
Bizkartzaina izan zuten iaz 36 emakumek EAEn
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban behera egin du genero indarkeriagatiko salaketa kopuruak: 4.285 izan dira guztira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu