Biztanle bakoitzak urtean 4.880 euro ordaintzeko

CADEk orain berriki aurkeztu du 'Arantzatsu' txostena; bertan AHT berria egitea «alferrikako xahutzea» litzatekeela erakusten dute

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Frantziako estatua AHT abiadura handiko trenaren egingarritasuna ikertzen ari den unean, CADE ingurumenaren aldeko taldeak jakinarazi du Ipar Euskal Herrian zergak ordaintzen dituen pertsona bakoitzak 4.880 euro ordaindu beharko dituela Tours eta Bordele arteko AHT atalaren lanengatik —horietatik 2.690 euro izango dira interesengatik—.

Arantzasu izena eman diote txostenari CADEko kideek,etaAHTa ez egiteko arrazoiak bildu dituzte testuan. Horrekin batera, xedearen aurkako jarrera erakuts dezaten galdegin die euskal herritarrei, bai herri galdeketetan kontrako iritzia emanez, bai AHTaren aurkako taldeek zabaltzen dituzten izenpetze kanpainetan parte hartuz. Dagoeneko 23.000 herritar pasa dira izenpetu dutenak.

CADEk orain berriki aurkeztu du txostena; bildutako datuak ez dira beharbada berriak, baina bai adierazgarriak: AHT berria egitea «alferrikako xahutzea» litzateke, CADEren iritziz; gaur egungo bideekin aski dela, Frantziako Kontuen Gorteak ohar hori egin dio gobernuari urteko txostenean. Trenbideak «betetzeko» arriskurik ez dago, gaurko bideek 264 tren har ditzateketelako egunero. Eta hobekuntzak egingo balira, 300 tren baino gehiago hartu ahal izango lituzkete.

AHT xedea egingo balitz, 450 hektarea lur hartuko lituzke Lapurdin, 500-600 etxetan eragina izanen luke, eta 60 etxe suntsituko lituzke. Lapurdin urri diren laborantza lurretan eragingo lukeen triskantza konpondu ezina litzateke, CADEko kideek txostenean nabarmendu dutenez.

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko trenen lotura ere arazoa da,Arantzatsu txostenaren arabera. Batetik, AHT xedea ez dago garaiera berean; lotura egiteko, Biriatun, Gipuzkoan zein Lapurdin, aldaketak egin beharko lirateke. Horrez gain, Gipuzkoatik heldu den salgaien garraioa bide zaharretatik egin beharko litzateke, RFF konpainiak dioenaren kontrakoa, alegia.

Xede berria egin ahal izateko, enpresa pribatuen ekarpena beharko du RFFk. Alta, hastapenean kostuen erdia ordainduko zuela erran zuen arren, ekarpena heren batera apaldu dute enpresek; ordainean, AHTak sortuko lituzkeen etekinak eskuratuko lituzke. Estatua inkesta publikoa egiten ari den unean, xede hori behin betiko baztertzeko unea dela erran du CADEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.