Hala, Araban, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ia halako bi gehitu dira biztanleak Nafarroan: 1996an baino 57.636 biztanle gehiago zituen Nafarroak 2003. urtean; denbora tarte horretan, Araban 13.038ko igoera izan da eta Gipuzkoan 8.208koa. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, 12.000 biztanle inguruko hazkundea izan zen guztira 90eko hamarkadan.
Berriak galdetutako soziologoen ustetan, biztanleriaren hazkundea etorkinen bitartez gertatu da, neurri handi batean. Gainera, nabarmena da toki orotan etxebizitzaren prezioen gorakadak gizarte talde askoren mugimendua eragin duela, eskuarki, hiriburuetatik kanpora. Halaber, kostalde osoan goranzko joera ageri da, oro har.Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualde batzuetan, batez ere, desindustrializazioaren azken ondorioak oraindik ere nabaritzen ari direla uste dute adituek.
-
Euskal Herriko populazio bilakaera, herrialdeka
GIPUZKOA
Egonkortasuna da nagusi
Eustateko Gizarte-Demografia Estatistiken buru Enrique Moranen ustez, Gipuzkoako populazio joera Hego Euskal Herri osoko «egonkorrena» da. Biztanle kopuruari dagokionez, gorabehera gutxiko herrialdea da Gipuzkoa, eta inon ez da gorakada edo beherakada handirik jazo, pare bat kasu jakin kenduta (Irurako populazioa %43 handitu da 1996tik; eta Astigarragakoa, berriz, %24).
Biztanleria handitzen ari zaien udalerri asko eta asko herrialdeko kostaldeko guneak dira: Zarautzen duela zazpi urte baino 2.500 biztanle gehiago zeuden iaz (%12ko hazkundea), eta ia 5.000 gehiago Donostian (%2ko igoera).Gainera, Txingudiko bi gune nagusik igoerari eutsi diote 1996tik hona: Irunek 2.800 biztanle gehiago ditu, eta Hondarribiak 1.000 pasatxo gehiago. «Irungoa indarberritze ekonomikotzat joko nuke. Hondarribikoa turistikoagotzat joko genuke», azaldu du Moranek.Beherakadak ere izan dira herrialdean. Bizkaian bezala, horiek iragan mendean industrializazioarekin lotutako zenbait herritan gertatu dira: Eibarrek biztanleen %7 galdu ditu, Pasaiak eta Arrasatek %6, Legazpik %5 eta Errenteriak %3.Moranen irudiko, Gipuzkoak «populatze homogeneo samarra» izan du, eta ezaugarri horrek bere hartan jarraitzen du XXI. mende hasieran: «Gipuzkoa, oro har, oso populaturik dago; baina ez du, adibidez, Bilbo Handian bezalako itzelezko dentsitaterik. Krisia izan ez balitz ere, Bilbo Handiko biztanleek irten egin beharko zuten handik».Dena den, egonkortasuna da nagusi Gipuzkoan, eta, hala, biztanle kopurua ia-ia ez da aldatu 1996. urteaz geroztik eskualde gehienetan: Hernanin, Azkoitian, Beasainen, Mutrikun, Tolosan, Ataunen, Eskoriatzan eta Lasarte-Orian, besteak beste.
ARABA
Gasteizko sateliteen hazkundea
Gasteizen, batez beste, 2.564 euro balio du etxebizitza berrietan metro koadro bakoitzak, eta horrek zeharo baldintzatzen ditu Arabako populazioaren mugimenduak. Izan ere, Gasteizek 1996an baino 9.023 biztanle gehiago zituen 2003an (%4ko hazkundea), emigranteen etorreragatik gehienbat; era berean, izugarri handitu dira hiriburutik gertuko dauden herriak.
Sateliteak sendotuz doaz toki orotan: Dulantzik 1.234 biztanle zituen 1996an, eta 1.707ra heldu zen 2003an (%38ko igoera), eta aldameneko Burgelu txikia areago hazi da (%126); Gasteiztik ipar-mendebalean, Zuiak 2.000 biztanleko marka gainditu du, zazpi urteren buruan 647 biztanle gehiago hartuz (%44ko igoera); eta antzera ipar-ekialdean ere, urtegien ondoko Barrundian (%27koa); Trebiñun ere gauza bera gertatu da: Argantzongo populazioa %55 handitu da, %38 Trebiñukoa.
«Gasteizko biztanleriak gora egin du, baina baita hurbileko udalerrietakoak ere, hiriburuaren dezentralizazio egitasmoak nagusitzen ari baitira», esan du EHUko irakasle eta soziologo Cesar Manzanosek. Haren iritziz, mugimendu horrek «arrazoi erresidentzial nabaria» du, hegoaldeko eskualdea, esate baterako, «bigarren egoitzei esker» handitzen ari baita (Bastida etaOion, gehienbat). «Diru sarrera gutxiko biztanleek, etorkinak barne, Gasteiz dute kokaleku nagusia», dio Manzanosek.
Arabako biztanleriaren beheranzko joera nagusia, berriz, Aiaraldean dago. Laudiok eta Amurriok biztanleak galdu dituzte 1996. urteaz geroztik, baina galera txikia izan da: Laudiok 1.000 galdu ditu (%5), eta Amurriok 203 (%2). Manzanosen aburuz, «desindustrializazioarekin zerikusia duten ondorioak dira» horiek, gehienbat Laudiori dagokionez. Aldiz, inguruko gune txiki batzuen biztanle kopurua handituz joan da: halaxe gertatu da, esate baterako, Orozko (Bizkaia) eta Aiara herrietan.
BIZKAIA
Gorakadarik nabarmenenak, Uribe-Kostan eta Mungialdean
Bizkaia da biztanleak galtzen jarraitu duen Hego Euskal Herriko herrialde bakarra, nahiz eta galerak urrituz joan: 2002an baino 16 biztanle gutxiago zituen 2003an, eta 2002an 2001ean baino828 biztanle gehiago izatera pasatu zen. Eustateko Gizarte-Demografia Estatistiken buru Enrique Moranen aburuz, «joera nahiko egonkortuta dago gaur egun».
Bizkaiko mapa argia da, Uribe-Kosta eta Mungialdea baitira azken urteetan populazioan gora gehien eginduten eskualdeak: Gorlizen 1996an baino 1.129 biztanle gehiago zeuden 2003an (%32ko hazkundea), Bakiok ere gorakada nabarmena izan du (%31koa).Hazkundea txikiagoa izan da Gamiz-Fikan (%24koa), Plentzian eta Berangon (%20koa),Barrikan (%18koa) edo Sopelan (%15ekoa). Era berean, hazkunde nabarmenak sumatu dira Loiun (%26koa) eta Sondikan (%15ekoa). «Uribe-Kostan-eta gertatzen ari dira hazkunde benetan nabarmenak», gehitu du Moranek. Arabako zenbait eskualdetan edo Iruñerrian izandakoen pare direla dio. Gehienbat, Bilbo Handitik irteten ari diren biztanleen mugimenduak direla uste du.
Bilbo Handiko populazioak behera egiten jarraitzen du. «Desindustrializazioaren eta krisiaren azken efektu gisara», Moranen ustez. Sestao da 1996tik beherakada handiena izan duen udalerria: 3.000 biztanle ia, hots, %8. Barakaldok, Santurtzik eta Portugaletek %5 inguru egin dute behera. Bilbok %1 biztanle gutxiago ditu (5.308); eta Basaurik, berriz, %7 (3.555). Aipatzekoa da, era berean, Ondarroak eta Iurretak biztanleak galdu izana (%4 eta %7, hurrenez hurren).
NAFARROA
Parekorik gabeko igoera Iruñerrian
Nafarroako nabarmenena Iruñerriko populazioaren hazkundea da: Iruñean 1996an baino ia 25.000 biztanle gehiago zeuden 2003an, hots, %14ko handitu da biztanleria. Are gehiago hazi dira, baina, Antsoaingoa (%64), Arangurengoa (%67) eta Zizurkoa (%54).
Eskualdean bi eratako gauzak gertatu direla uste du NUPeko irakasle Miguel Laparrak: «Arangurenen eta antzeko tokietan hirigintza prozesuek adierazten dute gorakada, Iruñeko hirigunea zabaldu delako, eta baita familia bakarreko etxebizitzen bidez». Horrez gain, Antsoainen eta horrelako kasuetan ñabardura batzuk badirela dio: «Zerikusi handia dute babes ofizialeko etxebizitzetara joandako bikote gazteek, baina baita etorkinek ere».
Europako Batasunetik kanpoko immigranteen etorrerak indartu du Nafarroa osoko biztanleria hazkundea: «Hegoaldeko udalerrietan edo Lizarra aldean, adibidez, biztanleria mugimenduak edo jaiotze-tasa ez dira aski gorakadak azaltzeko». Antzera handitu dira, esaterako, Tutera (%16), Corella (%17) eta Cintruenigo (%16).Laparraren irudiko, Iruñean ere nabaritu da etorkinen eragina, baina hiriburuan etxeak eraikitzeko lur sailak bukatzen ari dira, eta horrek, prezioen igoerarekin bat, kanpoaldeko ondoko herrietara bidali ditu hainbat eta hainbat pertsona.
Bestalde, populazioan behera egin dute Leitzak, Goizuetak, Arantzak eta Ezkurrak, nahiz eta jaitsierak handiak izan ez. «Gipuzkoako ibar askotan gertatutakoaren antzeko zerbait da», erantzun du Laparrak. Oro har, Nafarroako iparraldekoa «zahartuz joandako lurraldeen arazoa» dela dio: «Iparraldeak ez du gaur egun etorkinik hartzen; Iruñeak eta Erriberak, aldiz, bai. Hori da aldea».
Gizarte Laneko Eskolako irakaslearen ustez, Nafarroan gertatzen ari den hazkundea «60ko eta 70eko hamarkadetan jazotako boom demografiko harekin arekatzeko modukoa da». Gaur egungo plangintza garai hartakoa baino hobea dela uste du, «baina azkenaldion ere inprobisazioa nagusi dela dirudi, lurralde antolamenduaren aldetik auzitan jartzeko moduko auzo berri asko sortu direlako». Laparrak uste du familia bakarreko etxebizitzen ereduak askotan ez duela eskaera gogobetetzen, «ekipamendurik eza, gizarte bakartzea eta garraiobideen menpekotasuna direla medio».
IPAR EUSKAL HERRIA
Emendatze handia eta desorekatua
Euskal Herriko Garapen Kontseiluak ez ditu Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako populazio datuak herrialdeka ematen, Kostaldeko, Lapurdi barnealdeko eta Barnealdeko zenbakiak baizik. Datuen arabera, hiru herrialdeotako biztanleen %66,5 Lapurdi kostaldean bizi dira, hiriguneetan. Kostaldean ez da eraikitzeko lurrik gelditzen, eta, prezioak gora egiten ari direnez, oren erdiko bidean diren herrietara doa bizitzera gero eta jende gehiago.
Presio horrek eragin handia du, Lapurdi barnealdean eta Nafarroa Behereko mendebaldeko zenbait herritan bereziki. Hamar urtez biztanleen kopurua %5-%6 emendatu da kostaldean, baina Lapurdi barnean %11 gainditzen du.Lapurdi betetzen ari den heinean, barnealdea husten ari da etengabe. Jendea hiriburuen inguruan pilatzen da, eta herriak husten ari dira. Ipar Euskal Herriko saldoa, berez, positiboa da: 12.670 biztanle gehiago zzituen 1999an 1990ean baino, bertara bizitzera etorritakoei esker. 1982ko dautekin alderatuta, Ipar Euskal Herrian jaiotako 3.240 biztanle gutxiago zeuden 1990ean; eta azken urte horretakoekin alderatuta, 1999an bertan jaiotako 4.303 biztanle gutxiago zeuden. Galera hiru herrialdeetan izan da, baina askoz handiagoa da barnealdean (azken bi hamarkadetan 1.583 eta 2.031 biztanle gutxiago). Emendatze prozesua kanpoko jendeari lotua da erabat, eta bertako biztanleriaren beherakada nabarmena estaltzen du.Ipar Euskal Herrira bizitzera etorritakoen artean enpresetakokoadroak eta erretreta hartu dutenak dira nagusi. 60 urtetik gorakoak biztanleriaren %26,1 ziren 1990ean, eta %27,4 1999an. 20 urtetik beherakoak gero eta gutiago dira: 1990ean %23 ziren; 1999an, % 21,3. Desoreka hori handiagoa da barnealdean.