«Ezin da onartu Euskadin andrazko bat hiltzea genero biolentziagatik», zioen Blanca Estrella Ruiz Ungok, Clara Campoamor elkarteko presidentea izandakoak, 2002ko irailean, Euskaldunon Egunkaria-n egindako elkarrizketa batean. Atzo bertan, 22 urte geroago, hilketa matxista bat gertatu zen Bilboko Santutxu auzoan. Eta atzo bertan hil zen Blanca Estrella Ruiz.
80 urte zituen, eta horietatik gehienak emakumeen eskubideen aldeko eta bortizkeria matxistaren kontrako borrokari eskaini zizkion. Umetan Venezuelatik iritsi zen, Santurtziko (Bizkaia) mojekin hazi, eta gaztetan eskolako maistra izan zen, Etxebarriko San Antonio auzo pobrean, besteak beste.
Nerabezarotik, bazterrak nahasteko joera zuen, diktaduraren kontra zegoela lotsarik gabe erakusteagatik. Feminista gisa ez ezik, «gorri» gisa deskribatzen zuen bere burua. Areago, izena Kubako banderako izar zuriari zor zion.
Telefonica enpresan lanean hasi zenean, haren langile kontzientziak buruhausteak eragiten zizkien buruzagiei, eta gaueko txanda hartu behar izan zuen istilu askotan ez sartzeko. Gaueko telefonista lanetan, tratu txarrak jasotzeagatik etsita zeuden emakumeen deiak kudeatzen zituen: emakumeak lasaitzen zituen, kontzientzia feminista erein, eta Poliziarenean salaketa jartzea lortu arte tematu. Polizia etxeetan, komeriak izaten zituen kasu egin ziezaioten, baina, salaketaz salaketa, emakume askoren segurtasuna bermatzea lortu zuen.
PSOEko kide zen, eta emakumeek politikan ordezkaritza izan zezaten lan egin zuen. «Clara Campoamor sortu nuen sekulako amorrua ematen zidalako ezkerreko alderdi bateko organo betearazle batean emakume bakarra egoteak», aitortu zuen 2018an, Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean. Orduan, bera aukeratu zuten alderdiko elkarte baten idazkari nagusi. Ez zuen espero garaipen hori. Alderdiari proposatu zion orduan postuen %25 emakumeenak izan zitezela, eta hortik sortu zuten elkartea, 1983an.
«Clara Campoamor sortu nuen sekulako amorrua ematen zidalako ezkerreko alderdi bateko organo betearazle batean emakume bakarra egoteak»
BLANCA ESTRELLA RUIZ UNGOAktibista feminista eta Clara Campoamor elkarteko presidentea
Haren aktibismo sutsuak emakume askori lagundu zion. Horren adierazle da kartzelan zeuden hainbat gizonek heriotza mehatxuak ere egiten zizkiotela. Hainbestekoa gorrotoa zioten, Espainiako Barne ministroak ohartarazi egin behar izan baitzuen: esan zion etxebizitza aldatzeko, eta kontuz ibiltzeko. Bizkartzainak ere jarri behar izan zizkioten, berari eta Clara Campoamor elkarteari.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko prozesuan ere parte hartu zuen. 1998an, hura sortzea hitzartu zuen Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, eta erakunde horren kontseiluko kide ere izendatu zuten.
Clara Campoamor elkarteak, orain, presidente berria bilatu beharko du. Ruiz Ungok askotan aitortua zuen hedabideen aurrean erretiroa hartzeko gogoa zuela, baina, biktima bat ikusten zuen bakoitzean, «laguntzeko beharra sentitzen» zuen. Bere lanaz harro zegoela zihoen, baina askotan aitortzen zuen «ez zela nahikoa». 2002an, gaur egungoa izan zitekeen salaketa bat ere egin zion Euskaldunon Egunkaria-ri: «Larritzekoa da 25 urteko demokraziaren ostean emakumeentzako babes etxeak egon behar izatea». 2024an, babes etxeak beharrezkoak dira oraindik ere. Gogotsu edo gogoz kontra, babes etxeak nola ugaritzen ziren ikusi zuen. Azken urteak aktibismoa utzi nahi eta ezinean pasa zituen, erantzukizunak behartuta.