indarkeria matxista

Blanca Marques Andres

Burlata, 2017ko urtarrilaren 14a.

2017ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru urte ere ez ziren bikote gisa hasi zirela Blanca Marques Andres eta Francisco Javier Nieto Jimenez. Sortzez espainiarra zen emakumea, Soriakoa, baina aspalditik bizi zen Iruñean, eta Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen Departamentuan lan egiten zuen. CCOOko delegatua ere izan zen. 48 urte zituen. Gizona, berriz, Iruñean bertan jaioa zen eta 50 urte zituen. Beste emakume batekin alaba bat eduki zuen gizonak, garai hartan 14 ute zituena. Hainbat lanetan aritutakoa zen, baina 2017ko urtarrilean langabezian zegoen. Burlatan bizi zen bikotea, Maistrak kaleko 10. atariko etxebizitza batean.

Gizonak poliziei azaldu zienez, hilaren 14an eztabaida bat eduki zuten, eta itota hil zuen emakumea, etxean bertan. Larunbat arratsa zen. Igandeko goizaldeko bostetan, manta batean bildu zuen bikotekidearen gorpua, eta bere autoko maletategira jaitsi zuen.

Auzotar batek ikusi zuen momentu horretan. Sumatu zuen mantan bilduta bulto handi bat zegoela, eta oinetako batzuk ateratzen zirela handik. Susmagarria iruditu zitzaion, baina goizeko bostak zirela eta telefonoak bateriarik ez zuela, eta ez zuen abisurik eman momentuan bertan.

Bitartean, hiltzailea Arrera joan zen, eta Ultzama ibaira bota zuen emakumearen gorpua. Asteburu horretan elurra urtzen ari zen Pirinioetan, eta ur emari handia zekarren ibaiak. Etxera itzuli zen gizona, inori ezer esan gabe.

Artean, goizaldean gorpua jaisten ikusi zuen lekukoa Burlatako udaltzainengana joan zen igande eguerdian, ikusi zuenaren berri ematera. Udaltzaingoak ez zuen beste dilijentziarik egin.

Azkenean, hurrengo egunean, astelehenarekin, Nietok berak bere burua salatu eta emakumea hil zuela aitortu zuen. Atxilo hartu zuten, eta behin-behinean espetxean sartu. Zigor bat jarri zioten lekukoaren salaketari kasu eman ez zion udaltzainari.

Lau egun behar izan zituzten emakumearen gorpua aurkitzeko, ibaiak ur emari zakarra zuelako. Astelehenean bertan hasi ziren gorpua bilatzen, baina ostegunera arte ez zuten topatu. Iruñeko Arrotxapea auzoko Vergel zubiaren parean aurkitu zuten, gizonak uretara bota zuen lekutik sei bat kilometrora.

Autopsiak berretsi zuen emakumea indarrez itota hil zela, eta geroago bota zutela uretara. Hemezortzi urteko kartzela zigorra eman zioten hiltzaileari. Ateak itxita egin zuten epaiketa, bi urte geroago, eta bi aldeek hitzartu zuten zigorra.

Akusazio txostenaren arabera, bikoteak eztabaidatu egin zuen, emakumeak leporatzen ziolako bere lepotik bizi zela gizonari. Etxetik alde egiteko esan zion emakumeak, korridorean abiatu zen, eta orduan, gizonak, emakumeari atzetik jarraitu, eta lepotik helduta ito zuen. Lurrera erori ziren biak; gizonak ez zuen askatu hil zuen arte.

Emakumea hil ondoren, etxetik atera zen gizona, eta ez zen itzuli goizaldera arte, 05:30 arte. Orduan atera zuen gorpua etxetik, ibaira botatzeko. Emakumearen lagun batek salatu zuen Marquesen berririk ez zutela lanean, eta ez zuela harekin harremanetan jartzea lortzen. Salatu egin zuen. Handik ordu gutxira agertu zen gizona Espainiako Poliziaren aurrera, Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.