Etzi ziren egitekoak Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde primarioak, baina, Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak soilik Eba Blancoren hautagaitza ontzat jota, datorren astelehenean izendatuko dute Blanco idazkari nagusi. Maiorga Ramirezek, ordea, sektore kritikoa ordezkatzen duen hautagaiak, helegitea aurkeztu zuen atzo Berme Batzordearen aurrean, bere hautagaitza onar dadin.
Orain, Blancok aukera dauka alegazioak aurkezteko batzorde aurrean, eta hala egin du. EAko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, Berme Batzordea "sistematikoki" ari da ildo kritikoaren aldeko ebazpenak ematen (3-2 izan ohi dira emaitzak), eta bi kide hauteskunde primarioei lotutako erabakietatik kanpo uzteko eskatu du Blancok.
Zergatik? Blancoren arabera, horietako batek abala eman ziolako Maiorga Ramirezen hautagaitzari; bestea sektore kritikoko aurpegi ezagun baten senarra da. Beraz, Blancok uste du batzordearen "neutraltasuna eta inpartzialtasuna auzitan" daudela eta "interes pertsonalak" dituztela.
Alderdiak atzo eman zuen Hauteskundeen Antolaketa Batzordearen erabakiaren berri. Ohar batean, batzorde horrek gogora ekarri zuen Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia ere aurkeztu zirela primarioen prozesura, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak baztertu egin zituela bi hautagaitzak, behar adina abal lortu ez zituztela eta. Izan ere, Cristobalek ez zuen abalik aurkeztu; Ramirezek, berriz, ez zuen baldintzetako bat bete, batzordearen arabera: herrialde bakoitzean gutxienez bost abal eskuratzea.
Ramirezek helegitea aurkeztu zuen batzorde horren aurrean, eta, "formaz eta garaiz" erantzunda, bere hautagaitza ez onartzeko erabakia berretsi zuen batzordeak.
Asteotan, bete beharreko baldintzetan dago ildoen arteko desadostasun nagusietako bat. Berme Batzordeak ebazpen bat argitaratu zuen urriaren 4an, primarioen araudia —ekainean onartua— moldatuz; aldaketa horrekin, Berme Batzordeak ezabatu egin zuen herrialdeetan bost abal lortzeko baldintza, iritzita Ipar Euskal Herriko militanteek —hogeiren bat guztira— beto eskubidea izan zezaketela. EAko Nazio Batzarrak, ordea, urriaren 11n erabaki zuen ekaineko araudiarekin jarraitzea, "alderdiko edozein organoren eskutik datorren eta estatutuei eta antolakuntza araudiari aurka egiten dion ezein ebazpen" baliogabea litzatekeela iritzita.
Kritikoak, "erabat kezkatuta"
Bestalde, Maiorga Ramirezek ordezkatutako ildoak "erabateko kezka" agertu du Blancoren eskakizunaren aurrean, eta gogorarazi Berme Batzordea 2017ko ekaineko kongresuan izendatu zutela: "Blancok, Eusko Legebiltzarreko egungo presidenteordeak, Gezuragaren bide errepresibo beretik, mehatxu bidez isilarazi nahi du EA EH Bildun urtzeko eta alderdi gisa desagertzeko ildo estrategikoarekin bat ez datorren oro".
Blancoren hitzekin "biziki haserre" agertu da Ester Larrañaga Jaurlaritzako sailburu ohia, eta salatu du Blanco prest dagoela EAko idazkaritza nagusira "atzeko atetik" sartzeko, "afiliatuen botorik gabe", eta "kutsu matxista" erakutsita. Izan ere, uste dute hautagaiak "kide bat isilarazi" nahi duela "Berme Batzordeko kide batekin duen harreman pertsonalarengatik". Hori horrela, ildo kritikoak azaldu du egoera "erabat kafkarra eta EAn aurrekaririk gabekoa" dela, eta zentzuz jokatzera deitu du: "Afiliazioari dagokio idazkaritza nagusia bete behar duen pertsona aukeratzea".