Astelehenean izendatuko dute Blanco EAko buru, beste hautagaiak ezetsita

Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak Ramirezen helegitea baztertu du. Berme Batzordera jo du ildo kritikoak, «afiliazioari hitza itzultzeko»

Blanco, etorkizun politikoari buruz Amurrion eginiko galdeketan, iazko maiatzaren 6an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasuneko idazkaritza nagusia gero eta gertuago dauka Eba Blancok, hauteskunde primarioen prozesua zuzentzen ari den Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak ez baitu onartu Maiorga Ramirez sektore kritikoko hautagaiak bere hautagaitza primarioetatik kanpo uzteko erabakiaren kontra aurkeztutako helegitea. Lehiakiderik gabe, ostiralean egitekoak ziren hauteskunde primarioak egiteko beharrik ez dute izango, eta, horiek horrela, astelehenean izendatuko dute Blanco EAko idazkari nagusi, «hauteskunde primarioetako araudiaren 8. III artikuluak dioenari jarraituz».

Alderdiak atzo eman zuen Hauteskundeen Antolaketa Batzordearen erabakiaren berri. Ohar batean, batzorde horrek gogora ekarri zuen Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia ere aurkeztu zirela primarioen prozesura, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak baztertu egin zituela bi hautagaitzak, behar adina abal lortu ez zituztela eta. Izan ere, Cristobalek ez zuen abalik aurkeztu; Ramirezek, berriz, ez zuen baldintzetako bat bete, batzordearen arabera: herrialde bakoitzean gutxienez bost abal eskuratzea.

Batzordeak erantsi du helegiteak «formaz eta garaiz» erantzun dituela «kontsulta, eskaera, inpugnazio edota kontrako arrazoibide guztiak», eta batzorde horrek «prozesuaren garapen eta emaitza azalduko duen txosten xehea» egingo duela. Txosten hori «EAko egoitza nazionalean egongo da alderdiko edozein militantek azter dezan», eta, txostena sinatzean, batzordea iraungitzat joko da. Blancok lekukoa hartuko dio Joseba Gezuragari, jarduneko idazkari nagusiari; hark hartu zuen alderdiaren buruzagitzauztailaren 4an, Pello Urizar aurreko idazkari nagusiak dimisioa eman eta gero.

«Erabakia lapurtu» nahia

Hauteskundeen Antolaketa Batzordearen ebazpenarekin kexu agertu da alderdiko sektore kritikoa, Maiorga Ramirezen hautagaitza babesten duena. Ohar batean, salatu du batzordeko kide guztiak «Blancoren hautagaitzaren ildokoak» direla eta «afiliazioari erabakia lapurtzea» onetsi dutela: «[Ramirezen] Hautagaitza bertan behera uzteko erabakia ebazpen negargarri baten bidez gauzatu dute, Hauteskundeen Antolaketa Batzordeko kideek alderdiko hainbat pertsona eta organoren aurka eginda, horien izen ona zikintzen saiatuta». Ildo kritikoak nabarmendu du 400 abal baino gehiago jaso dituela—50 behar ziren guztira—, 60 eskuratu zituela Blancok, eta Berme Batzordera jo du: «Maiorga Ramirezen hautagaitzak bide guztiak agortuko ditu afiliazioari hitza itzultzea lortu arte». Kontuan hartuta primarioak etzi zirela egitekoak eta Berme Batzordeak denbora gutxi duela ebazpen bat emateko, ikusteko dago kritikoek zer neurri hartzen dituzten Blancoren izendapenaren aurrean.

Asteotan, bete beharreko baldintzetan dago ildoen arteko desadostasun nagusietako bat. Berme Batzordeak ebazpen bat argitaratu zuen urriaren 4an, primarioen araudia —ekainean onartua— moldatuz; aldaketa horrekin, Berme Batzordeak ezabatu egin zuen herrialdeetan bost abal lortzeko baldintza, iritzita Ipar Euskal Herriko militanteek—hogeiren bat guztira— beto eskubidea izan zezaketela. EAko Nazio Batzarrak, ordea, urriaren 11n erabaki zuen ekaineko araudiarekin jarraitzea, «alderdiko edozein organoren eskutik datorren eta estatutuei eta antolakuntza araudiari aurka egiten dion ezein ebazpen» baliogabea litzatekeela iritzita.

Hori horrela, Ramirezek lanak izan zituen Iparraldean abalak lortzeko, baina eskuratutako batzuk baliogabetu zituen gero Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak. Ildo kritikokoek nabarmendu dutenez, batzordeak berak ebazpenean aitortu du Ramirezi «taberna batean» eman ziotela Ipar Euskal Herriko afiliatuen zerrenda, abalak aurkezteko epea amaitu baino lau ordu lehenago: «Hala ere, gai horiek hobetzeko, aintzat hartuko dituela esatera mugatu da batzordea».

Ramirezen ustez, «EArentzat ez da batere ona horrelako berri bat berriz bizi behar izatea, denon buruan dagoelako idazkari nagusia afiliatuek hautatu behar dutela». Gainera, galdetu du Blancok «zer sinesgarritasun» izango duen alderdikideen eta gainerako alderdien aurrean. Joan den larunbatean, EAko ildo kritikoko 160ren bat afiliatuk agerraldi bat egin zuten Donostian, alderdiko zuzendaritzari eskatzeko idazkari nagusia hautatzeko hautetsontziak jartzeko, «afiliatuen ahotsa entzun» dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.