Bihar beteko dira hamabost urte ETAk Ermuko zinegotzi Miguel Angel Blanco hil zuela. Atzo bete ziren hamabost urte talde armatuak Blanco bahitu eta 48 orduko ultimatuma eman zuela. Hilketa hori gogoan, Ermuko zinegotzi eraila omenduko du bihar PPk, eta etzi, Ermuko Udalak.
Biharko ekitaldia aurkezteko atzo Bizkaiko PPk egindako agerraldian Anton Danboreneak hauxe salatu zuen, Blanco hil eta hamabost urtera:«Badirudi ETA jada ez dela euskal herritarron arazoa; baina ETA hor dago, bizirik dirau». Bizkaiko PPko lehendakariaren arabera, bakeaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz mintzatzea «irreala» da, «hemen ez direlako bi talde egon aurrez aurre; aitzitik,abertzale ziren euskal herritar batzuek abertzale ez ziren beste batzuk hil zituzten». «Bakeaz, adiskidetzeaz, bizikidetzaz mintzo direnei gogorarazi behar zaie abertzale erradikalak izan direla hemen bizikidetza eragotzi dutenak, haren kontra egin dutenak, eta oraindik ere arazo bera daukagu euskal herritarrok, eta indarkeria hori jasaten ari gara herri honetan», gaineratu zuen.
Miguel Angel Blancoren bahiketak eta hilketak oso oihartzun handia izan zuten. ETAk 1997ko uztailaren 10ean bahitu zuen. 16:00etan egindako dei baten bitartez 48 orduko epea eman zion Jose Maria Aznarren gobernuari euskal presoak Euskal Herriratzeko, zinegotzia aske uztearentruke; gainontzean hil egingo zuela mehatxu egin zuen.
Aznarren gobernuak, Jaime Mayor Oreja Barne ministroa buru zela, ez zuen «ETAren xantaia» onartu. Ultimatuma amaitu eta 50 minutura, Lasarte-Oriako kanpoaldean agertu zen Blanco, heriotzara eraman zuten bi bala zaurirekin.
48 ordu horietan, manifestazio andana egin zen Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Hainbat lagun —tartean, Adolfo Perez Esquivel— alderdi politiko, Elkarri eta beste eragile batzuk, bitartekaritzan ahalegindu ziren.
«Blancoren hilketa mugarriaizan zen ETAren indarkeriari Euskadiko kaleetan erantzuna emateko. Hamabost urte hauek ETAren amaierara iristeko balio izan dute», adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuaren ustez ere, «Ermuko izpirituari esker» lortu da «ETA garaitzea».
Urtemuga dela eta, atzo Madrilen Amaiur talde parlamentarioko kideak hilketa gaitzestera behartu nahi izan zituzten hainbat kazetarik. Rafa Larreinak behin baino gehiagotan errepikatu zuen aspaldi deitoratu zuela «injustizia» hori. Baina Xabier Mikel Errekondoren hitzak nahi zituzten. Errekondok Larreinaren adierazpenei egin zien erreferentzia. PPk ez zuen onartu Errekondok zuzenean ez gaitzetsi izana, eta, berriro, koalizioa legez kanporatzeko mehatxuari heldu zion.
Blancoren hilketa gogoratuko dute 15. urteurrenean
PPrentzat bakeaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz hitz egitea «irreala» da; Ermuan egingo dute omenaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu