Luzea bezain gogorra» egin zaie Gernikatik Donostiarako bidea. Hiru egunez aritu dira arraunei eman eta eman, euskaldunak eta irlandarrak, bi ontzitan. Gernikako Bakearen Museoa eta Donostiako Bakearen Etxea lotu dituzte, Euskal Herriarentzako bake eta konponbidearen alde. Ameriketatik eta Arditurri ontzietan 25 lagun inguru aritu dira bogan, Albaolako kideak eta Irlandako Causeway Coast Maritime Heritage Groupeko kideek osatu dute tripulazioa, eta haien artean Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak.
2003an Irlandan egin zuten esperientziaren antzeko zerbait egin nahi izan dute. Xabier Agote Albaolako kideak kontatu zuen, Irlandan «protestantez eta katolikoz» osatutako eskifaia osatu zutela irlari buelta emateko. Elkarbizitzaren erakusle izan nahi zuten. «Haiek itsasoan hain egoera gogorretan elkarrekin aritzeko gai baldin baziren, lehorrean gainerako gizarteak ere elkarbizitza egin zezakeela erakutsi asmo zuten». Bake usaina zegoen orduan Irladan, eta Euskal Herrian usain bera zabaltzen zenean hango esperientzia hona ekartzekotan gelditu ziren.
Asteartean abiatu ziren Gernikatik, eta atzo iritsi Donostiara. Donostiarra traineruak egin zien aurreneko harrera itsasoan, eta batera iritsi ziren Aquarium parera. Han, zain zituzten hainbat herritar, haien artean Vicente Zaragueta Aquariumeko zuzendaria. Eskertuta agertu ziren Albaola elkartekoak. «Bake eta konponbidera bidean» asmo onez egindako bidea izan zela azpimarratuz.
Neska eta mutil, irlandar eta euskaldun, nahas-mahasean jaitsi ziren, txapel eta eguzkitako krematan babes hartuta. Harrera folklorikoa egin zieten. Txalaparta soinuak hasi ziren itsasontziak amarratu eta eskifaia lehorreratzen zen bitartean, eta behin goian zirela, Agurra dantzatu zieten. Bakearen etxeko lorategian landatzeko hagin landarea eskutan —herrialde zelten landare sakratua—, Aieterako bidea hartu zuten, kalejiran.
Bi soinu txiki, pandero bat eta gitarra bat ziren euskaldun musikarien artean, eta haien alboan jarrita, nahiko ondo jarraitu zieten erritmoa bi irlandarrek, batek zehar flauta joz eta besteak biolina. Haien atzetik, tripulazioko kideak eta harrera egin zieten herritarrak pilatu ziren. Haur asko tartean, beren xalotasunez eta ilusioz, eskifaiako kideek utzitako arraunak garraiatzen. Eta guztien aurrean Bixi-bixi elkarteko joaldunak joan ziren. Ikuskizun ederra, altxatu berri zen eguraldiarekin, Donostiako kaleetan zebilen turista saldoarentzat. Aquariumetik La Perlarako bidean, auskalo zenbat kamerak hartu zizkien irudiak. Giro ederrean joan ziren, elkarrekin berriketan. Ingelesa praktikatuz batzuk, eta gaztelerako jakituriak erakutsiz beste batzuk.
La Perlan arraunlariak agurtu zituzten joaldunek, eta aldapan gora, oinez joan ziren, arraunak eskuetan, gelditzen zitzaizkien indarrak baliatuz. Bidea autoan egin zuenik ere izan zen. Aieten elkartu ziren berriz ere guztiak, eta han zituzten zain, besteak beste Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea.
Biek ere zoriondu egin zituzten arraunlariak, eta eskertu ere egin zieten bakearen alde egindakoa. Urriaren 17an Nazioarteko Konferentzia izan zen toki berean egin zieten harrera, eta biek ekarri zuten gogora egun hura. «Aieten geunden, Aieten gaude, eta Aieten egongo gara», esan zuen Garitanok. Konferentziaren helburua bakearen alde urratsak egitea zela ekarri zuen gogora Izagirrek, eta arraunlariei horixe egitea eskertu zien. «Politikariok eta herritarrek elkarrekin aritu behar dugu».
Xabier Agote ados agertu zen horretan. Arraunean egiteak erakutsi dio poz eta ilusioak nekea gainditzen laguntzen dutela, eta bakearen alde indarra egiteko deia egin zien herritarrei. Irlandar arraunlari batek ere hartu zuen hitza, eta bake prozesuan zortea opa zien euskaldunei.
Boga, bakearen alde
Gernikatik Donostiarako bidea egin dute 25 irlandar eta euskaldunek, hiru egunetan, bakearen eta konponbidearen alde. 2003an Irlandari buelta eman zioten sei astetan, gauza bera eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu