Boiseko Jaialdia 2022ra atzeratu dute

Bost urtetik behin egiten dute diasporako euskal jairik handiena, eta iazko uztailerako zegoen programatuta. Aurtengora geroratu zuten aurrena, eta 2022ko uztailaren 26tik 31ra egitea erabaki dute orain, «ardurak eraginda».

2015. urteko Boiseko jaialdiaren hasiera. URTZI URRUTIKOETXEA / BERRIA
2021eko urtarrilaren 16a
10:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Boiseko Jaialdi festibalak (AEB) milaka pertsona elkartzen ditu bost urtetik behin. Bertako euskaldun eta euskal jatorriko herritarrez gain, kanpoko 30.000 jaialdizale erakartzen ditu. Joan den urtekoa atzeratu egin behar izan zuten, koronabirusaren osasun krisiak eraginda. Antolatzaileek, ordea, ez dute hura ospatzeko modurik ikusi, eta beste urtebetez atzeratzea erabaki dute, «kutsatzeen ugaritzea eta txertoen hedapen motela» direla eta.

1987. urtean egin zuten lehen aldiz jaialdia, eta 1990etik gorde dute bost urtetik behin egiteko ohitura. Iaz geratu zen bertan behera lehen aldiz. Ondo bidean, datorren urteko uztailaren 26tik 31ra egingo dute jaia. Jaialdirako sarrerak 2022. urtearen hasieran jarriko dituzte salgai. Aurtengo sarreren dirua itzuli dute dagoeneko, eta erreserbak atzeratzeko eskatu diete joateko asmoa zutenei.

Koronabirusak sorturiko egoera bereziak ez dio eragingo bost urtetik behin, zeroarekin eta bostarekin amaitzen diren urteetan, ospatzeko ohiturari: 2021ekoa salbuespena izanda, hurrengo jaialdia ez dute egingo 2026an, baizik eta 2025eko uztailaren azken astean.

«Oso zaila izan da berriro atzeratzeko erabakia hartzea, Jaialdiak berebiziko garrantzia baitu mundu osoko lagun eta senideak elkartzeko», adierazi du Amy Wray antolatzaile batzordeko kideak CBS2 telebista katean. «Festibal hau, garai normaletan ere, bost urtean behin egiten da, eta ziurtatu nahi dugu, egitekotan, aukera izango dugula gure lagunak besarkatzeko eta elkarrekin dantza egiteko».

Euskaldun komunitate zabala dago Boisen, eta ikastola bat ere badute, 3 eta 6 urte arteko haurrentzat. 1998. urtean sortu zuten, eta 2015ean berritu. «Kosta da, baina, aurrerantzean, Boiseko ume euskaldunek euren habia izango dute», adierazi zuen orduan Nere Lete errenteriarrak. Chris Bieter alkate euskal-amerikarrak eta biek sortu zuten ikastola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.