Bolbora gehiegi zuten gomazko piloten kartutxoak aurkitu dituzte Donostiako ertzain etxean, eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, piloten eskopetak erabiltzea debekatu dute, harik eta kartutxo guztiak aztertu arte. Pilotak jaurtitzeko zortzi kartutxotan atzeman dute «behar baino» bolbora gehiago. Bilboko polizia etxean ez dute debekurik jarri, hango bolbora ere aztertu zutelako eta «anomaliarik ez delako topatu». Herrizaingo Sailak jakinarazi du ez dituztela aztertu Iñigo Cabacas gaztea hil zuten operatiboan erabilitako pilota kartutxoak, haiek epaileen esku daudelako.
Aste honetan aztertuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako polizia etxe guztietako gomazko piloten kartutxoak. Herrizaingo Sailak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, hermetikoki itxita datoz kartutxo horiek, fabrikatik. «Bolbora neurri egokia» duten edo ez aztertuko dute, eta hala dela egiaztatu ostean kenduko dute debekua, ertzain etxe bakoitzari dagokionean.
Donostiako ertzain etxean bolbora gehiegirekin topatutako kartutxoei dagokienez, haien osaera kimikoa ere aztertuko dute, eta baita haiek erabiliz gero eragin daitekeen kaltea ere.
«Egokitzeko premia»
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak baztertu egin du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak dimisioa ematea Ertzaintzaren pilotazko goma batek jota Iñigo Cabacas hil ostean. Nolanahi ere, nabarmendu du erantzuleak topatu behar direla.
Aditzera eman du Ertzaintzak erabilitako moduak ez direla egokiak egoera guztietarako, «garai berrietara» egokitu behar dela esan baitu. «Egia da Poliziak garai berrietara egokitu behar duela; egia da, zorionez, orain dugun egoera politikoa ez dela duela urte batzuetakoa, ezta duela hilabete batzuetakoa ere, eta, beraz, Poliziak jokatzeko modua aldatu egin behar duela, baina euskal gizartearen autokritika ere egin behar da». Hala, gizarteak Ertzaintza probokatu egiten duela iradoki du: «Ez da posible, Polizia edozein tokitan agertzen dela ere, irainekin, harrika eta botilak jaurtiz hartzea».
«Gizartearen zati bat» kritikatzeko baliatu du aukera, «Batasunaren munduaren zati bat» kritikatzeko. Zati horrek «defizit demokratikoa» duela esan du, eta, haren ustez, ezin da esan oraingoa «egoera politiko normal bat» dela autokritika egin eta jokaera horiek egokitu ezean.
Jarrera hori egotzi dion jendearengandik aparte utzi du Pastorrek Cabacas zenaren sendia. Igandean haiekin bildu zen Ares, haien etxean. «Duintasun ikaragarriz» jokatzen ari direla nabarmendu du. Pastorren esanetan,zer gertatu zen argitzea, horixe nahi dute haiek, eta goretsi egin du «politikokeria merketik» aldendu izana.
Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak ere nabarmendu du Cabacasekin gertatutako guztia argitu beharra dagoela. «Azkeneraino argitu behar da. Zer gertatu zen jakin beharra du gizarteak». Nolanahi ere, jakinarazi du ez zaiola gustatu Ertzaintzak «fundamenturik gabeko kritikak» jaso izana, eta hori, kasu batzuetan, «alderdi interesekin» egin dela uste du.
Gomazko piloten eskopeten erabilera baino harantzago doan kezka du EAJk, Urkulluren esanetan: «Gure kezka da ea zentzua duen, bizi garen testuinguru honetan, egoera jakin batzuetan poliziak indarra erabiltzeak». Gaineratu du Cabacas hil zuten operatiboko xehetasunak ere jakin nahi dituztela.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, nabarmendu du gertatutako guztia jakingo dela eta, ikerketaren ostean, dagokienek onartu egingo dutela erantzukizuna.
Iñigo Cabacasen heriotza. Gomazko pilotak
Bolbora gehiegi zuten gomazko piloten kartutxoak topatu dituzte Ertzaintzan
Ertzain etxe guztietako pilotak aztertu arte debekatu egin dute haiek erabiltzea, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenezIñigo Cabacas hil zuten operatiboan erabilitako pilotak ez dituzte aztertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu