Atentatua

Bonba auto bat leherrarazi du ETAk Madrilen, ARCO arte azokaren egoitzatik hurbil

Hamarrak hogeita bost gutxi pasatxo zirela egin du eztanda bonba-auto batek Madrilgo Ribera del Sena kalean, Ifema erakustazokaren ondoan, Kongresu Jauregiaren inguruan. Hain zuzen ere, erakustazoka horretan Arco Arte Garaikideko Nazioarteko Azoka inauguratu behar dute gaur arratsaldean Espainiako errege-errginek. 42 lagun zauritu ditu eztandak, baina guztiak arin. Goizeko 08:55 aldera pertsona batek deitu du 'Gara' egunkarira, ETAren izenean ari zela, eta 09:35etan aipatutako lekuan bonba-auto bat lehertuko zela esanez. Gaitzespen zabala jaso du atentatuak.

2005eko otsailaren 9a
17:46
Entzun
Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroakagertu duenez, 42 pertsona zauritu ditu leherketak, baina den-denak arin —eztandaren hondakinek egindako zauri txikiak dituzte batzuk, eta arrabotsak eragindako belarrietako arazoak bestetzuk—. Zaurituetatik 34 han ondoko Bull eraikineko enplegatuak eta sei Espainiako Poliziako kideak direla zehaztu du Alonsok. Kalte materialei dagokienez, leherketak sei autori kalte handiak eragin dizkiela agertu du eta beste hamabiri txikiagoak. Aipatutako Bull eraikineko fatxada ere hondatu du, baina egiturari eragin gabe.

Espainiako Barne Ministroaren arabera, 'Gara'-n ETAren izenean bonba mehatxua jaso dutela jakin eta segituan abiatu du Espainiako Poliziakautoa identifikatu eta kalteak saihesteko operazioa. Hala ere, Alonsok esan du deiaren egileak lehergailua "Kongresu Jauregiaren inguruan" zegoela beste zehaztasunik ez duela eman, eta, ondorioz oso eremu zabala hesitu eta arakatu behar izan dutela segurtasun indarrek. Azkenik, 'Gara'-ra hotsegin duenak iragarri bezala 09:35etan lehertu da bonba-autoa.

Espainiako Poliziako Brigada Probintzialak egin duen behin-behineko txostenaren arabera, bezperan Guadalajaran ebatsitako R-19 auto batean zegoen kokatuta bonba, guztira 30 bat kilo lehergai. Lekukoek azaldu dutenez, eztanda handia izan da, eta Madrilgo hainbat lekutatik ikus zitekeen ke multzo handia sorrarazi du.

Bonba-autoa lehertu den lekutik 500 bat metrora ARCO Arte Garaikideko Nazioarteko Azoka egingo da gaurtik aurrera. Hain zuzen, Espainiako errege-erreginek inauguratu behar dute gaur arratsaldean ekitaldi hori.

Atentatu "serio eta larria"

Alonso Espainiako Barne ministroak gogor gaitzetsi du atentatua, eta "serioa eta larria" dela iritzi dio: "ETA erakunde terroristaren demokrazia indarkeriaren bidez suntsitzeko logikari jarraitzen dio", erantsi du.

ETAk Madrilen azpiegiturarik ote duen galdetu duenean, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia hainbat hipotesi ari direla aztertzen erantzun du ministroak, baina beste xehetasunik ez du eman "ikerketa ez oztopatzeko".

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ere gogor gaitzetsi du erasoa, eta "terroristei zein haiek babesten dituztenei" bonbak "kartzelarako bidea" baino ez direla ohartarazi die.

Halaber,Espainiako zein Euskal Herriko erakunde eta alderdi gehienek ere gogor gaitzetsi dute erasoa. Esate baterako, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak atentatua gaitzesteaz gain ETAri armak uzteko eta Batasunari "hitzetatik ekintzetara pasatzeko" eskatu dio, Ildo beretik, Gipuzkako Diputazioak galdegin dio Batasunari ETAri armak lagatzeko eska diezaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.