ATENTATUA. ETA

Bonba-autoa leherrarazi du ETAk Madrilgo Peineta estadioan

Ez da inor zauritu eta kalte materialak arinak izan dira, baina leherketak ke ugari sortu du

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Bonba-autoa zartarazi zuen atzo arratsaldean ETAk Madrilen,Peineta estadioko kanpoko aparkalekuan. Estadio hori da 2012ko olinpiar jokoei begira Madrilek prestatutakoa, sinbolo bihurtu duena. Lehergailua 19:00etan zartatu zen. Aurrez bonba-autoaren berri ematen zuen deia jaso zuten 18:00etan DYAn eta 18:20an Gara egunkarian. Deia ETAren izenean egin zuten. Gara egunkariak Ertzaintza ohartarazi, eta Ertzaintzak Espainiako segurtasun indarrak jarri zituen abisuaren gainean. Ingurua sokaz inguratzen amaitzen ari zirenean lehertu zen bonba.

Leherketak ke ugari sortu zuen, baina ez zen zauriturik izan. Kalte materialak ere arinak izan ziren, Espainiako Barne Ministerioaren arabera. Iturri berberek adierazi zutenez, lehertutako autoa Renault 19 bat zen, eta matrikula faltsua zuen. Auto hori Gasteizen lapurtu zuten maiatzaren 30ean.NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordea 2012ko olinpiar jokoak non egin behar diren argitara emateko 11 egun falta zirela zartatu zen lehergailua. Madril da hautagai sendoenetako bat. Gainera, Nazioarteko Olinpiar Batzordeko hainbat ordezkari Almerian zeuden atzo.Azken lau hilabeteetan hiru bider jarri ditu ETAk lehergailuak inguru bertsuan. Lehenengoa, joan den otsailaren 9an jarri zuen, ARCO arte azokako ateak ireki behar zituzten egunean; zauritu arinak eta kalte material ugari eragin zituen. Bigarrena, maiatzaren 25ean, San Blas auzoan leherrarazi zuten, eta hainbat zauritu arin eragin zituzten. Auzo berean dago Peineta olinpiar estadioa.

Atentatuaren kontrako gaitzespenak

Espainiako Gobernuko Barne ministro Jose Antonio Alonsok atentatua gaitzetsi zuen. Halaber, ETAren kontrako borrokari ausardiaz eutsiko diotela adierazi zuen, baita ETAren etorkizun bakarra desegitea dela ere. «Atentatua zentzurik gabeko indarkeriaren beste adibide bat da, eta armen hizkuntza bakarrik erabiltzen dituztenek argi izan behar dute beren amaiera bakarra desagertzea dela».

Jaurlaritzak berehala gaitzetsi zuen atentatua, eta Ibarretxeren kargu-hartzearekin bat egin duela nabarmendu zuen. «Ez da kointzidentzia izan».Bakerako bidea sinesgarri egin nahi izanez gero, indarkeria alde batera utzi behar du ETAk, Jaurlaritzaren irudiko. «Herritarrek eta instituzioek borondate ona dugula erakutsi dugu, eta orain ahalegina egin behar dute indarkeria erabiltzen dutenek».Halaber, alderdiek ere atentatuaren inguruko irakurketa egin zuten. ETA bakerako bideak trabatzen tematuta dagoela esan zuen EAJk, eta Batasunaren «isiltasuna» gaitzetsi zuen. Atentatuez gain, EAJk euskal herritarren bake nahiaren alde lan egiten jarraituko duela esan eta «ardatz demokratikoen, politikoen eta etikoen alde eginiko apustua» berretsi zuen.PSE-EEko zuzendaritzaren bozeramaile Rodolfo Aresek hausnarketa egiteko eskatu zien EAJri, EAri eta EB-Berdeei, eta Batasunarekin mahai batean eseri baino lehen alderdi horrek indarkeria alde batera utzi behar duela nabarmendu zuen. «Batasunari jarrera demokratikoa eskatu behar diote, bestela egiten ari diren gauza bakarra da Batasunari joko politikoan sartzen uztea».

PSOEko Zuzendaritza Batzordeak ohartarazi zuen atentatuen bidez eta indarkeria erabiliz, ETAk ez duela sekula emaitza politikorik lortuko.Legea, Zuzenbide Estatua eta Espainiako segurtasun indarrak dira, PPren irudiko, ETAri aurre egiteko modu bakarra. «Bonbak jartzen eta gizartea mehatxatzen dutenekin ez dago hitz egiterik», azaldu zuen PPk prentsa ohar baten bitartez. Atentatuak normalizazioaren eta baketzearen alde EAk eginiko apustua ez duela trabatuko adierazi zuen atzo Onintza Lasa alderdiko Komunikazio idazkariak. Atentatuaren egileek elkarrizketa eta bakearen kontra egiten dutela esan zuen.EB-Berdeetako lehendakaritzaren bozeramaile Mikel Aranak ETAri ohartarazi zion indarkeria eta elkarrizketa ez direla bateragarriak, eta behin betiko su-etena emateko eskatu zion. Su-etena eskatu zion, halaber, IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazaresek ETAri. Batasunari, berriz, ETAren atentatua gaitzesteko eskatu zion.Ildo beretik, Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak atentatua konponbiderako traba dela azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.