Krimen Auzitegiak epaituko du Nicolas Bonnemaison Baionako erietxeko sendagile ohia, zazpi pertsona zaurgarriri heriotza eragin ziela leporatuta. Horrela jakinarazi zuen urrian Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak, eta gaur eman dute epaiketaren data. Hastapenean, bederatzi auzibidetan erantzukizuna izatea leporatzen zioten, baina bi kasu bertan behera gelditu dira, salaketak ez dituztelako aski argudiatu.
Baionako erietxeko egonaldi laburretako ardura zuen orduan, bederatzi pertsona zaharri eutanasia aktiboa egitea egotzi zioten sendagileari. Hain zuzen, heriotza eragiteko, Norcuron eta Hypnovel produktuak baliatu zituela uste dute. Hildakoen familiek ez dute sendagilearen kontrako salaketarik ezarri; batek aurkeztu du bere burua salaketa pribatu gisa, txostena aztertu ahal izateko.
Egindako guztia bere gain hartzen duela erran du beti Nicolas Bonnemaisonek, eta azaldu du emandako tratamendua erien sufrikarioa laburtzeko baliatu duela.
Maiatzean bukatu zuten Bonnemaisonen aurkako ikerketa, eta abuztuan Zigor Auzitegira igortzeko eskatu zuen instrukzioko epaileak, zortzi kasurengatik. Azkenean, zazpi heriotza eragiteagatik epaitzea erabaki dute.