Soslaia

Borja Senper: PPkoa, baina ildo propioarekin

PPren barruan ahots propioa izan du Borja Senperrek, eta kritikoa izan da alderdiaren norabide politikoarekin.

Borja Semper, Donostiako Udalerako hauteskunde kanpainan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
edurne begiristain
2020ko urtarrilaren 14a
15:02
Entzun

PPren barruan profil propioa izaten saiatu da. Ahots propioa. Eta lortu du. PPk azken boladan hartutako norabide politikoarekin deseroso sentitu da Borja Senper (Irun, Gipuzkoa, 1976), eta ez ditu ezkutatu ildo ofizialarekin zituen desadostasunak. Areago, maiz azaldu ditu publikoki. PPren barruan bertso aske bat izan dela diote askok, Genovatik finkatutako norabide politikoarekin itsu-itsuan bat egin ez duen politikaria. Eta, egia da, neurri batean. Senperrek ahoan bilorik gabe eman duela bere iritzia gustuko ez zituen alderdiaren erabaki eta adierazpenen inguruan. Besteak beste, iraganean modu argian kritikatu izan ditu bere alderdiak onartutako abortuaren erreforma edo sexu bereko pertsonen ezkontza legearen aurka jarritako helegitea.

Bere burua «liberal» gisa definitu izan du Senperrek, «baita poltsikotik gora ere». 11 urtez aritu zen Irunen zinegotzi, eta PSOErekin egindako gobernu akordioen ondorioz, alkateorde izan zen birritan. 2010ean, Irungo zinegotzi postua utzi zuen, eta, ordutik, Eusko Legebiltzarrean eta alderdi barnean aritu da lanean. Joan den urteko apirilaren 28ko Espainiako Kongresuko bozetarako hautagai nahi zuten batzuek, baina berak lehenetsi egin zuen Donostiako Udaleko alkate izateko lehian aritzea. Aitortu zuen «politika nazionalarekin nekatuta» zegoela, eta nahiago zuela Donostiari begira jarri. Baina Espainiako politikagintzaren inguruko jarrera kritikoa zuela ez zuen ezkutatu, eta agerian da ikuspegi kritiko horrek pisu handia izan duela politika uzteko erabakian.

2018ko ekainean, PPk barne prozesu bat abiatu zuen alderdiko presidente berria hautatzeko. Senper Soraya Saez de Santamariaren hautagaitzaren alde agertu zen, baina Pablo Casadok irabazi zuen eta alderdi barneko postuetatik at geratu zen. PPren zuzendaritzaren eta EAEko popularren artean lehendik ahulak ziren harremanak are ahulagoak dira Casado Genovan dagoenetik, eta, Alfonso Alonsorekin batera, EAEko PPren norabide propioa finkatzen saiatu diren horietako bat izan da Senper. Kostata, baina. Ezagunak dira Senperrek alderdiko zuzendaritzarekin izandako desadostasunak, horietako asko biziak eta polemikoak. Gatazka horietako azkenetarikoa Cayetana Alvarez de Toledo PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramailearekin izan zuen. Alvarez de Toledo bozeramaileak gogor jo zuen Alfonso Alonsoren alderdiaren aurka, eta, besteak beste, kritikatu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPk «epelkeriaz» jokatu izana abertzaleekin, hauteskunde etekinak lortzeko. Alvarez de Toledori oso gogor erantzun zion orduan Senperrek: «Guk odolez eta malkoz ordaindu dugu konstituzioa eta Espainiaren ideia Euskal Herrian defendatu izana; batzuk moketa erosoen gainean ibiltzen ziren bitartean, guk bizitza jokatzen genuen hemen elkarbizitza defendatzen».

PPk azken urteetan izandako boto galera etengabea dela eta, alderdiaren autokritika faltarekin suminduta agertu izan da Senper. Espainiako Gorteetarako bozetan, esaterako, PPk emaitza kaskarrak eskuratu zituen: diputatuen erdiak galdu zituen, eta bi ordezkari baino ez zituen lortu Euskal Herrian. Hori ikusirik, Senperrek alderdiari eskatu zion «gogoeta sakona» egiteko, iritzita «soilik zentraltasunetik eta moderaziotik» izango dela PP alderdi «baliagarria».

Hain justu, Voxek Espainiako politikagintzara jauzi egin zuenetik, are gehiago handitu zen Senperren eta PPren zuzendaritzaren arteko distantzia. PPren eta Voxen arteko elkar ulertzetik aldentzen saiatu izan zen, maiz, eta nabarmendu zuen bi alderdion proiektu politikoen arteko aldea «ozeano baten tamainakoa» zela. Errealitatea, baina, oso bestelakoa izan da, eskuin muturreko alderdiak PPren diskurtsoa eta norabidea kutsatu egin baititu. Horretaz jabetu eta kezka azaldu izan du Senperrek publikoki. Hala azaldu zuen, El País egunkariari emandako elkarrizketan: «Nik ez dut politika ulertzen lubaki gisa, ausardiaren eta koldarkeriaren arteko borroka gisa, elkar ulertzeko eta ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko modu gisa baizik».

Sarritan esan du PPk ez lukeela hurbildu behar Voxera, eta kezkatuta agertu da eskuin muturreko diskurtsora gerturatzen ari zelako bere alderdia. Joan den urteko martxoan Berria egunkariari emandako elkarrizketa batean ere azaldu zuen kezka hori: «Badirudi tonua igo nahi dela, hala dagoelako giroa, baina PPren proposamenak ezagunak dira, eta ez dago aldaketarik...». Hala ere, iradoki zuen PPk Voxen posizioetara hurbilduz gero, berak ez lukeela lekurik izango politikagintzan, eta utzi egingo zuela. Ia urtebete geroago, hitza bete du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.