Bortizkeria bikarioa: bizi osoko zigorra

Bikotekideari edo bikotekide ohiari min egiteko seme-alabak erabiltzen dituzte erasotzaile anitzek. Bortizkeria hori jasaten dutenen hitzetan, sistemak huts egiten du emaztekiak nahiz umeak babesteko orduan. Lau andreren testigantzak jaso ditu BERRIAk.

PAULA ESTEVEZ
PAULA ESTEVEZ
Isabel Jaurena.
2025eko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Seme-alabak haien amak kontrolatzeko erreminta bihurtzea. Hori dute helburu erasotzaile batzuek, eta, horretarako, bortizkeria bikarioa darabilte. Badakite haurrei min egitea indarkeria gehigarria dela emakumeendako, eta horiek hiltzeak bizi osorako sufrimendua eraginen diela. Hain justu, berritasunak egon dira asteon Juana Rivas espainiarraren kasuan; nazioartean harrabotsa eragin du kasu horrek: epaileak amari agindu dio seme adingabea aitari entregatzeko. Atzo zen entrega, baina, azkenean, ortziralerat gibelatu dute.

Euskal Herrian, berriz, 2003. urteaz geroztik, hamahiru adingabe hil dituzte gizonezkoek, indarkeria bikarioa erabilita. Egiturazko arazo hori emakumeak zalantzan jartzen dituen eta umeak isilarazten dituen sistema baten gainean dago eraikia, indarkeria hori jasaten dutenek berek diotenez. Haietako lauren testigantzak bildu ditu BERRIAk.

 

Leire, indarkeria bikarioa jasaten ari den emakumea

«Harremana uzten ez duzun bitartean kartzela batean zaude, baina uzten duzunean ere bertan jarraitzen duzu»

«Nik ez dut eskatzen niretzat babesik, jada ez. Nire umeek bizitza duin bat izan dezatela nahi dut, ahalik eta zoriontsuena». Leireren hitzak dira horiek —asmatutako izena da—, indarkeria bikarioa jasaten ari den emazteki batenak. Azken urteotan bizitakoa «tortura» izan dela erran du, indarkeria fisiko, psikologiko, emozional, sexual eta ekonomikoa pairatu behar izan baititu. Esplikatu duenez, duela ia bi urte bikotekide ohiari salaketa jarri zion indarkeria matxistagatik, eta prozesu judizialetan murgilduta dago geroztik; itota eta bakarrik.

Bi ume ditu, 2 eta 4 urtekoak, eta epaileak horien zaintza osoa eman dio —agerian gelditu baitzen gizona ezin zela umeez arduratu—, baina gizonaren herrian bizitzera behartuta daude, epaileak umeen bizitokia aldatzea ukatu baitzuen; herri horretan, baina, emakumeak ez du inolako sarerik eta laguntzarik. «Ez dut hemen egon nahi, baina hemen egotera behartu naute; hau da eta hau izango da nire kartzela. Borroka hutsa da beti dena. Ez dugu gustuz egiten, gure [amaren eta seme-alaben] babesagatik eta ongizate fisiko eta emozionalagatik da, baina, hala ere, trabak aurkitzen ditugu hainbat arlotan, bikotekide ohia ez bada, sistema da, edo denak batera».

Argi du gizonari ez zaizkiola umeak inporta, eta helburu bakarra emakumeari min egitea dela: «Hau ez da inoiz bukatuko; horrelako kasuetan gu gara beraien erregaia». Eta sistema «matxista eta heteropatriarkala» horretarako eginda dagoela ziurtatu du: «Gizon horrek etxetik bota gintuen bi umeak eta ni, jostailuak eta altzariak puskatu ditu, ateei danbatekoak eman, oihukatu... Gainera, ez du hitzarmena betetzen: ez dut inolako informaziorik umeak berarekin dauden bitartean, ez baitu komunikazioa errazten; hori ni mintzeko beste era bat da. Sistemak ez du hori ikusten edo ez du ikusi nahi? Argi dago ez gaituela emakumeok babesten, ezta umeak ere».

«Ez du hitzarmena betetzen: ez dut inolako informaziorik umeak berarekin dauden bitartean, ez baitu komunikazioa errazten; hori ni mintzeko beste era bat da. Sistemak ez du hori ikusten edo ez du ikusi nahi?»

LEIREIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Ongi daki zein diren neurri hori ez betetzearen ondorioak: herrian gelditzeko egokitu zioten etxearen baldintza kaskarrak direla medio, bi haurrak hartu eta sorterrira joatea erabaki zuen, ordu hartako abokatuaren oniritzia jasota. Izan ere, han ditu familia, lagunak eta lantokia. Bada, salaketa bat jaso zuen epailearen erabakia ez errespetatzeagatik. «Abokatuek esandakoa betetzen duzu, baina, hala ere, zuk pairatu behar dituzu ondorio guztiak, eta hori oso gogorra da, zu haietaz fidatzen baitzara». 

Urteotan jaso duen laguntza juridikoaz etsita mintzo da: «Behin baino gehiagotan aldatu behar izan dut abokatua; izan ere, horiek ere etengabe birbiktimizatzen gaituzte, eta ez dute enpatiarik. Gogoan dut horietako batek zera esan zidala: ‘Zuk aukeratu duzu zure umeen aita’». Isilik gelditu da tarte batez, negarrari eutsi nahian. «Hilabeteak neramatzan psikologoarekin lanketa egiten, eta hitz horiek dena hankaz gora jarri zuten. Guk hori badakigu, eta ez da goxoa etengabe horrelakoak entzun behar izatea, herriko jendeak agurtzeari uztea eta zuri buruzko zurrumurruak entzun behar izatea».

(ID_15018230) Kontzentrazioa
Joan den maiatzaren hondarrean, gizon batek alaba hil zuen Bilbon, eta mugimendu feministak kontzentrazioa egin zuen. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Are, abokatuek ez ezik, erran du noizbait lagun izan ziren horiek, tabernetako zerbitzariek eta, oro har, herriko jendeak ere aski bortitz tratatzen dituela, bai bera eta bai bere seme-alabak. «Alabak parkean zera galdetu izan dit: ‘Amatxo, zergatik ez gaituzte agurtzen?’. Benetan esaten dizut, nire seme-alabek zer egin dute gaizki hau jasan behar izateko?». Malkoak idortu bitartean argi erran du: «Hemen bakarrik nago, eta berak [bikotekide ohiak] hori badaki, ni isolatzeko lan oso ona egin du eta».

Bortizkeria fisikoa, azkena

Erran duenez, elkarrekin bizitzera joan zirenean hasi zen «infernua». «Gogoan dut haurdunaldian janzkerari buruzko komentarioak egiten zizkidala, hasieran oso fin, baina gerora bortitzak izaten ziren». Soinean daraman tirantedun kamiseta seinalatu, eta zera erran du: «Hau nik berarekin ezin nuen jantzi, orain ari naiz ordu hartan jantzi ezin nituenak erabiltzen». Herrian egiten zituen lagunei buruzko komentario andana ere entzun behar izaten zuela dio: «Nire lagunei buruz ez ezik bereei buruz ere gaizki hitz egiten zuenez, ez nion garrantzirik ematen. Pentsatzen nuen horrela jokatzen zuela orokorrean, ez zela ni bakarrik uzteko modu bat». Hainbertze zuen moldatu bere neurrira, ezen lagunek erraten baitzioten ez zutela errekonozitu ere egiten.

«Hori guztia azalduta, zera esan nahi dut: indarkeria fisikoa azkena dela. Hori baino lehen emozionala, psikologikoa eta sexuala daude, eta horien ondorioak ez dira inoiz pasatzen; gainera, oso-oso zailak dira demostratzen». Isilik gelditu da. Arnasa hartu eta hitz eten artean mintzatu da berriz: «Dena egin behar zen bere erara: arropa berak nahi zuen bezala tolestu behar zen, ontzi garbigailuan edalontziak, platerak eta tresnak modu jakin batean jarri behar ziren. Bestela ez zegoen ondo. Bestela inutila nintzen». Eta arrasto horrek hor dirau gaurdaino: «Jarraitzen dut horrela egiten. Psikologoak esaten dit nahita nahasteko ontzi garbigailua, eta nahita aurre egiteko horri. Baina ezin dut. Jarraitzen dut inutil entzuten, eta ez dakit noizbait pasatuko ote den».

«Indarkeria fisikoa azkena da. Hori baino lehen emozionala, psikologikoa eta sexuala daude, eta horien ondorioak ez dira inoiz pasatzen; gainera, oso-oso zailak dira demostratzen»

LEIREIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Zurrunbilo horretatik ateratzea zaila dela dio, «tortura etengabea» bizi duela: «Beldurra hor egongo da beti». Beldurra, beretako, alabari gauza bera egitea da: «Arroparekin gauza bera egiten dio dagoeneko, eta 4 urte baino ez ditu. Horrelakoak esan dizkit: ‘Aitatxok ez dit uzten arropa hau edo zapatila hauek janzten, itsusiak direlako. Eta ez ditut jantziko, bestela haserretu egingo da, eta badakigu bere haserreak nolakoak diren’. Aitaren beldur da». Gainera, badaki amari buruzko gezurrak ere erraten dizkiola alabari, alabak berak adierazita: «Zure ama gaiztoa da; zure amak gezurrak esaten ditu; zure amak jo egiten du». Baina umeak etxean gertatzen zena ikusten zuen: «Alabak badaki nork hausten zizkion jostailuak, ondo daki».

Epaiaren zain daude orain, eta argi du gizona kartzelara igorrita ere herrian gelditzera behartuko dituztela: «Gu ez gaitu inork babesten. Harremana uzten ez duzun bitartean kartzela batean zaude, baina uzten duzunean ere bertan jarraitzen duzu. Salatzeko esaten digute, baina infernuak jarraitu egiten du sistema judizialean. Inork ez gaitu abisatzen etengabe kontatu beharko duzula egin dizutena; emozionalki oso gogorra da». Etsita dago, arras: «Hau guztia pasatu beharko nuela jakingo banu, gauzak beste era batera egingo nituzkeen».


 

Amaia, indarkeria bikarioa jasaten ari den emakumea

«Nire semea ondo egotea besterik ez dut nahi, nik badakit ni ez nauela inoiz bakean utziko»

Jipoiak, mehatxuak, etxeko atean pintaketak eta markak, astebete baino gehiagoz umearen berri ez izatea, epaitegietara hamaika joan-etorri, haurra bere erasotzailearekin utzi behar izatea. Horiek eta bi jasan behar izan ditu Amaiak —asmatutako izena da— azken zazpi urteotan; indarkeria bikarioa pairatzen ari da, eta gogoan du bikotekide ohiak errandakoak: «Ez zaitut inoiz bakean utziko, umea eta biok hilko zaituztet». 

Amaia, haurdun zegoenean, ordu hartan bikotekidea zuena «gauza arraroak» egiten hasi zela ohartu zen: «Gauetan berandu arte irteten hasi zen, eta ni edo ingurukoak bultzatzen». Umea jaio zenean, bortizkeriak jarraitu egin zuen. Egun batean, indarrak bildu, eta erabaki bat hartu zuen Amaiak: bizi ziren etxea berea zenez, gizona botatzea erabaki zuen. «Lepotik eutsi zidan, eta zera esan: ‘Bihar ez badut nire semea ikusten, zuen azken eguna izango da’. Hurrengo egunean salaketa jarri nion, eta urruntze agindua eskatu». Halere, gogoan du kalean, urrutira, ikusten zuela gizona, eta aldiro umea eta biak hilko zituen keinua egiten ziela. Azkenean, salaketa kendu zuen. 

Itaiak deitutako mobilizazioetako baten argazkia. ITAIA
Hilketa matxista baten harira Itaiak antolatutako mobilizazioetako baten argazkia, artxiboko irudian. ITAIA

Familiako kide bakarra du ondoan, eta hark bortizkeria guztia ikusi zuen; are, hari ere eraso egin zion inoiz gizonak. «Ez zuen deklaratu nahi izan, beldurragatik. Orduan hasi zen gure infernua», erran du, buruarekin ezetz egiten duen bitartean. Hasieran umearen zaintza Amaiak zuen, umeak gaua gizonaren etxean pasatzeko aukerarik gabe; baina Amaiaren herritik erasotzailearenera ia ordubete dagoenez eta haurra txikia zenez, argudiatu zuen egokiena zela gaua harenean pasatzea, eta epaileak onartu egin zuen. Gaur egun larunbatetik igandera bitarteko gaua aitarekin igaro behar du haurrak; eta uztailean eta abuztuan, hamabortz egun. Ordea, umeak 3 urte dituenetik kontrakoa adierazi du: «Umeak ez du joan nahi, eta hori pediatrak eta psikologoak ondo dakite».

Kezkatuta dago umearengatik, arras: «Psikologora joaten hasi zenean esaten zuen aita hiltzea nahi zuela, aitak esaten duelako biok hil egingo gaituela, eta bera hiltzen bada ondo biziko garela. Orain hasi da esaten ez duela inork maite, eta birritan esan dit: ‘Ez dut nahi bizi’». Isilik gelditu da tarte batez, erran berri duena prozesatzeko.

Umea gaizki zegoela ikusita, psikologora eramanen zuela erran zion, eta hark ezetz erantzun, «aitak esan ziolako psikologoa ere hil egingo zuela, eta ezin ziola ezertxo ere kontatu». Eraman zuen, baina umeak ez zion ezer esan nahi izan psikologoari: «‘Gauza puntual bi izan dira’, esan zion, eta 7 urte besterik ez du. Psikologoak erantzun zion hori oso garrantzitsua dela, eta oso txarto zegoela, baina ez dio ezer esan nahi». 

«Umea psikologora joaten hasi zenean esaten zuen aita hiltzea nahi zuela, aitak esaten duelako biok hil egingo gaituela, eta bera hiltzen bada ondo biziko garela»

AMAIAIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Gainera, umeak psikologoari eta pediatrari esan die aitak jo egiten duela, zigortu eta txarto tratatu, eta, halere, aitarekin joatera behartzen du legeak. «Eta nik zer egin dezaket? Oso gogorra da horrela zazpi urtez egotea, benetan. Inork ez du entzuten umeak zer nahi duen, behartu egiten dute aitarekin egotera, berak kontrakoa esanda ere. Aitari berdin zaio haurra ikusi edo ez ikusi, bere helburu bakarra niri min egitea da».

Bortizkeria psikologikoa

Bada, haurra aitarekin zer baldintzatan egoten den jakinda —neguan hotza pasatzen du, ia ez dio jatekorik prestatzen eta gauetan etxean bakarrik uzten du—, Amaia beldurtuta egoten da umeak egun luzez harekin egon behar duenean. Iazko uztailean, adibidez, hamabortz egunez erasotzailearekin egon behar zuen umeak, eta, berez, amari deitu behar diote haurra nola dagoen jakiteko, baina gizonak ez zuen halakorik egin. Amaia kezkatu egin zen, eta ia 40 dei egin zizkion, eta gizonak, erantzun beharrean, salaketa bat jarri zion jazarpenagatik. «Ertzaintzari eskatu nion mesedez semea ondo zegoela ziurtatzeko, eta esan zidaten umea ez zegoela nirekin, ez nuela ezer egiteko eskubiderik. Hilda egon zitekeela esan nion nik, eta zera erantzun zidan: ‘Hilda badago, abisatuko zaitugu’». Hitz erdika amaitu du esaldia. 

«Ertzaintzari eskatu nion mesedez semea ondo zegoela ziurtatzeko, eta esan zidaten umea ez zegoela nirekin, ez nuela ezer egiteko eskubiderik. Hilda egon zitekeela esan nion nik, eta zera erantzun zidan: ‘Hilda badago, abisatuko zaitugu’»

AMAIAIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Epaileen eta Poliziaren jarrera ikusita, sistema erasotzaileak babesteko eginda dagoela sinetsita dago Amaia: «Indarkeria jasaten ari garenok etengabe pareta baten kontra egin behar dugu». Horren erakusgarri da umea psikologora edo dentistara eramateko aitaren baimena eskatzen ziotela Amaiari, eta epaiketara joan behar izan zuela umea horietara erasotzailearen baimenik gabe eraman ahal izateko. «Zazpi urtez horrela». Pauso bakoitza emateko auzitegiko atean joka ibili da, eta Poliziak kasua «oso judizializatua» dagoela erran dio: «Salaketa bat jartzen badut dena judizializatzen dudala esaten didate, eta ez badut jartzen, txarto. Zer egin behar dut orduan? Nire semea ondo egotea besterik ez dut nahi, nik badakit ni ez nauela inoiz bakean utziko».

Sistemaren hutsuneen bertze adibideetako bat da umeak ez entzutea 12 urte betetzen dituzten arte, Amaiak erran duenez; «baina nireak dio ez duela aguantatuko», adierazi du etsita. Hori guztia gizarteak baimentzen duela uste du, herrian indarkeriaren lekuko izan direnek ere ez baitute deus ere egin. «Zazpi urteotan inork gutxik galdetu dit: ‘Zer moduz zaude?’, eta hemen denek dakite zer gertatzen den. Kontrara, erabaki bakoitza epaitzen dute, eta ama txarra naizela esan izan didate, edo umea izan baino lehen ondo pentsatu behar nuela».


 

Ane eta Izaro, indarkeria bikarioa jasaten ari diren emakumeak

«Sistema osoa eraikia dago haurrak erasotzaileen esku uzteko, eta ez horiek babesteko»

«Atzo zure alabari sexu abusuak egin zizkioten, eta aitak egin zizkion». Hitz erdika ekarri du gogora Anek —asmatutako izena da— orain bortz urteko pasarte hori: pediatrarenera korrika joan zen 2 urteko alabarekin, aitak abusuak egin zizkiola erran eta gero. Polizia bere zain zegoen han, eta agenteek, erizainekin batera, umea elkarrizketatu, eta sexu abusuak egin zizkiotela baieztatu zuten. Egun hartan erabaki zuen bikotekide ohiaren kontra salaketa bat jartzea: umeari egindako sexu abusuagatik, eta berari egindako eraso psikologiko zein fisikoengatik.  

Ia bi urte lehenago egin zion lehenbizikoz eraso gizonak emakumeari: umea jaioberria zenean, emaztekiak haurtxoa esnatu nahi zuen, titia emateko; gizonari ez zitzaion ongi iruditu, eta emakumea jo zuen. Pediatrak salaketa jartzeko erran zion, baina emakumeak bazekien hori eginez gero gizonak lanean arazoak izanen lituzkeela; eta, aldi berean, zaintza partekatua emanen zietela. Bada, Anek esplikatu du lanpostu on bat duela gizonak, eta «egitura, egonkortasuna eta bizi maila» ematen dizkiola; eta galduko balu, egoerak okerrera eginen lukeela, eta horrek ondorioak izanen lituzkeela umearengan. «Medikuari esan nion bi urte aguantatuko nituela; izan ere, umeak orduan hasten dira hitz egiten, eta, aitak erasorik egingo balio, esan egingo zidan. Bi urte haiek oso gogorrak izan ziren, baina banekien alabarengatik han jarraitu behar nuela: gauzak hausten zizkidan, etengabe mehatxatzen ninduen, eta guztiz mugatu ninduen». 

«Gizonak ez zuen banatu nahi, eta psikologo pribatu batera joan ginen; han onartu zuen 16 urte zituenetik drogak hartzen zituela, eta jo egiten ninduela»

ANEIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Bi urteren buruan, etxetik alde egin zuen: «Gizonak ez zuen banatu nahi, eta psikologo pribatu batera joan ginen; han onartu zuen 16 urte zituenetik drogak hartzen zituela, eta jo egiten ninduela. Etxera itzuli ginen gero, eta gogoan dut alabari babarrunak ematen ari nintzenean labana bat hartu eta hil egingo ninduela esan zidala. Izutu egin nintzen, psikologoari deitu nion, eta handik ateratzeko erabakia hartu nuen». Ez zuen salaketarik jarri, baina banatu egin zen, eta hitzarmen arauemaile bat egin: «Gauza bakarra eskatzen nuen: umearekin bi eguneko txandak egitea, haurtxoa ere ohitu zedin».

Aldi berean, gizarte zerbitzuak kasua ikertzen hasi ziren, baina hiru elkarrizketa soilik egin zituzten, ordubetekoa bakoitza: bat gizonarekin, bertzea Anerekin, eta azkena denek batera. «Ezinezkoa da horrelako kasu bat hiru orduan ulertzea. Erasotzaileek ondo dakite manipulatzen, eta badirudi gu gaudela erotuta». Umea aitarekin zegoen egonaldietako batean abusatu zuen gizonak umeaz. 

Umeei entzungor

Anek solastatu bitartean baietz egiten du buruarekin Izarok —asmatutako izena da—: «Kanpokoei ez ezik, zuri ere eroa zarela sinetsarazten dizute». Berak ere indarkeria bikarioa jasaten du, eta, esplikatu duenez, emaztekiak ez ezik, umeen hitzak eta nahiak ere ez dira errespetatzen. Izan ere, banatu eta gero neurriak eskatu zituen erasotzailearengandik babesteko, baina epaileak ezetsi egin zituen, eta emaztekiak egoera esajeratu zuela erran. Hori guztia jakinda, alabak eginbide psikosozial batean aitortu zuen aitari beldurra ziola. 

Ez hori bakarrik: «Premiazko babes neurriak eskatu nituenetik, bi hilabete egon nintzen alaba aitarekin utzi gabe. Umeak ez zuen bisitetara joan nahi, eta nik bere alde egin nuen. Hori betetzen ez zen bakoitzean aitak Ertzaintzari deitzen zion, eta, noski, horrek ondorio emozional eta ekonomiko handiak izan ditu niretzat. Gogoan dut egun bereziki gogor bat: ume txikiekin lan egiten dut, eta behin sei agente haurtzaindegiraino sartu ziren; lekuz kanpokoa izan zen. Inguruko komertzioetako langileek esan zieten ni bakean uzteko. Polizia etxean entregatu zuten akta, esanez aurrez abisatu zidatela, baina hori gezurra da». Erreklamazio bat jarri zuen, eta erantzun zioten ezer ez zela lekuz kanpokoa izan; ordea, polizia etxeko buruak deitu zion, eta gerora jakin du agente batzuei kargu hartu zietela. «Zertarako balio dit niri horrek?», erran du etsita.

Anek kontatzen segitu du: «Erasotzaileek ondo dakite zer egin. Badakite krudel jokatzen. Izan ere, nik onartuta daukat edozein momentutan hil egingo nauela, baina berak badaki alabari min egitea askoz krudelagoa dela; beraz, bioi izorratuko digu bizitza, umeari eta niri». 

«Nik onartuta daukat edozein momentutan hil egingo nauela, baina berak badaki alabari min egitea askoz krudelagoa dela, beraz, bioi izorratuko digu bizitza, umeari eta niri»

ANEIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Adierazi du terapiak aunitz lagundu diola, eta badakiela alabak ere beharko duela etorkizunean: «Baina ezin duzu umea psikologoarengana eraman aitaren baimenik gabe, eta badakit hori arazoa izango dela etorkizunean. Nola lagunduko diot alabari barruan duen hori ateratzen?». Izarok azkar erantzun dio: «Hori ez da horrela, baina jendeak ez daki, ezta administrazioko langileek ere. Espainiako Kode Zibila aldatu zen 2021ean, eta, aldaketa horri esker, ama bat indarkeria matxistagatik zerbitzu espezializatu batean artatzen ari badira, umeak terapiara joan daitezke aitaren baimenik gabe».

Harriduraz jaso du berria Anek, eta Izarok aitortu dio berak ere berriki jakin duela: «Iazko azaroan, bisita araubide zabalagoarekin hasi eta hilabete batzuetara, alabak esan zidan bere bizitza ez zitzaiola gustatzen, eta hil egin nahi zuela. Pediatrara eraman nuen, eta arreta psikologikoa eskatu zuen. Bere kasua onartu zuten arren, aitak ezetz esan zuen eta, ondorioz, psikiatrak eta psikologoak esan zidaten ezin zutela umea artatu. Gizarte zerbitzuei laguntza eskatu nien, eta zera esan zidaten: kondenarik gabe ezin zutela esku hartu. Duela gutxi jakin dut hori ez dela horrela, baina nola liteke langileek ez jakitea?». Are, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean kexa bat jarri zuen Izarok, eta joan den astean barkamena eskatuz erantzun zioten, eta adierazi bertako profesional guztiei mezu bat igorriko zietela horren berri emateko.

indarkeria bikarioaren aurkako elkarretaratzea
Indarkeria bikarioaren kontrako elkarretaratze bat, Lizarran. IÑIGO URIZ / FOKU

Biek ala biek diote indarkeria bikarioa jasaten ari diren emaztekien zein horien seme-alaben kasuak artatzeko formakuntza falta dela, baita enpatia ere. Adibidez, gizonari salaketa jarri eta gero, Aneren alabak ez zuen aitarekin egon nahi: «Eskolara eraman nuen, eta zera esaten zidan: ‘Ez utzi hemen’. Bazekielako gero aitarekin egon beharko zuela. Ikastetxekoek esan zidaten sentitzen zutela, baina epailearen erabakia errespetatu behar zela, eta haurra aitarekin utzi beharko zutela». Izarok osatu du: «Suposatzen da eskolan babestu egin behar dituztela, baina ez dira ausartzen bustitzera. Sistema osoa eraikia dago haurrak erasotzaileen esku uzteko, eta ez horiek babesteko».

Kaleko mugimenduei dagokienez ere, kritiko mintzo dira biak. Izaro: «Mugimendu feministako kideok autokritika egin behar dugu, gai hau ez dugu eta ia landu ere egin orain arte. Indarkeria bikarioa jasaten ari garen emakumeak bakarrik gaude. Gai honi ikusgarritasuna eman behar diogu, kalera atera behar dugu, mobilizazioak egin behar ditugu, biktimei epaitegietara lagundu behar diegu... Mugimendu feministak ez ezik, alderdi politikoek ere busti behar dute».

«Mugimendu feministako kideok autokritika egin behar dugu, gai hau ez dugu eta ia landu ere egin orain arte. Indarkeria bikarioa jasaten ari garen emakumeak bakarrik gaude»

IZAROIndarkeria bikarioa jasaten ari da

Etsita mintzo da Izaro: «Histerikoak, ergelak eta eroak bagina bezala tratatzen gaitu gizarteak. Horrelako esaldi asko entzun behar izaten ditugu: ‘Gizona nolakoa zen baldin bazenekien, zergatik izan zenuen ume bat berarekin?’; ‘Ez da hainbesterako; atzendu ezazu eta jarraitu aurrera’; ‘Orain egin behar duzuna zera da: hamar kilo argaldu, eta hutsetik hasi’». Malkoak idortu bitartean erantzun dio Anek: «Agian gauzak beste modu batera egin izan banitu egoera bestelakoa litzateke». Azkar erantzun dio Izarok: «Ez. Gogoratu sistemarentzat ez dagoela biktima perfekturik: gaizki bazaude eta ez baduzu ezer esaten, kritikatu egiten zaituzte, eta laguntza eskatzen baduzu ere bai. Berdin du zer bide hartzen duzun, beti galduko duzu». Isilik gelditu da Ane, eta Izarok jarraitu du: «Nik xake taula bat irudikatzen dut: kontrakoak xakeko fitxak ditu, eta guk partxisekoak. Fitxa horiekin zaldi bat eraikitzen dugu hala moduz, eta, halere, esaten digute tranpa egiten dugula. Ezin dugu inoiz irabazi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.